Txirrindularitza

Sakana Group-Aralarren garaipen bikoitza

Guaixe 2022ko uzt. 25a, 10:00

Mikel Uncilla eta Adrian Martinez Aimar Tadeo zoriontzen. MARTIN EARLY

Mikel Uncillak Arantzazuko Igoera irabazi zuen eta Aimar Tadeok Lizarra Saria

Garaipen bikoitza ospatu zuen duela bi asteburu Sakana Group-Aralar Txirrindularitza Taldeak. Uztailaren 16an Mikel Uncilla etxarriarra azkarrena izan zen Oñati eta Arantzazu lotu zituen 52. Arantzazu Igoerako arranpatan. Bero izugarriari aurre egin zion, behar zuenean erasoa joz eta helmugara bakar-bakarrik helduz (1:18:46) eta denboraldiko bere laugarren garaipena lortu zuen. Bere taldekide Adrian Martinez hamargarren sartu zen eta Aimar Tadeo 31.

Uztailaren 17an, Lizarran, beroak baldintzatutako proba gorabeheratsuan Aimar Tadeo ezin hobe kokatu zen, aurrera jo eta lehena iritsi zen helmugara (2:16:49), denboraldiko bere lehen garaipena lortuaz. Hirugarren Mikel Uncilla sartu zen. Top Tenean Adrian Martinez seigarren sailkatu zen, 52 segundora, eta Asier Etxeberria (Quesos Albeniz) hamargarren, 2:49ra.
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Manex Zufiaurre 18. postuan iritsi zen helmugara, Jon Koldobika Urrusolo 33. postuan eta Xabier Borrega 34. postuan. 

Guztira, 38 txirrindularik lortu zuten proba despeditzea. Sakana Group-Aralar izan zen talderik onena eta Adrian Martinezek mendiko saria irabazi zuen.