Astekaria

Lehortea, abeltzaintzari “errematea” emateko

Guaixe 2022ko uzt. 25a, 14:00

Ardiak abaroan eta zaldiak belar bila.

Euria aspaldi egin gabe, arta soroetan landare asko ez dira atera, larreetan ez dago belarrik eta mendi gainean are gutxiago. Abeltzainek aziendarendako bazka biltzeko garaian ez dute behar zutena jaso, eta larratzeko ere ez dute. Inflazio garaian ez duten janaria erosi beharko dute, lehendik okerra zen egoera makurtuz.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari lotuta dago INTIA sozietate publikoa, eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren barruan dago. INTIA enpresako abeltzaintza aholkularitza arduraduna da Mikel Nazabal Leiza etxarriarra. Nazabalek aspaldi esana du klima aldatu dela, “ondorioak ikusten ari gara. Bakarren batek uste badu klima aldaketa ‘kontu bat’ dela, adibide ederra dauka hori horrela ez dela ikusteko”. Azken asteetako beroaldiaz eta honek sortu duen lehorteaz ari da. Atzera egin du: “2003ko agorrilekoa oso gogorra izan zen, epe motzean bero handia egin zuen. Baina aurretik euria egin zuen, eta, bero kalda hura joan zenean, euri asko egin zuen. Eta nekazari eta abeltzainen egoera hobetu zen”. Baina aurten maiatzaz geroztik euririk ez duela egin azaldu “eta gauza oso oker” doala azpimarratu du. 

Belar gutxiago
Nazabalek azaldu duenez, “negua lehor eta suabe joaten bada mesedegarria da”. Aurtengoa, gutxi gorabehera, halakoa izan da. Abeltzainek azienda kanpora ateratzeko aukera izan zuten, belarra jaio zen… “Udaberria ona etortzea oso-oso garrantzitsua da, urte guztiko ekoizpena baldintzatzen baitu. Alde horretatik, martxoa eta apirila nahiko onak joan zen. Siloa egiteko belar mozketa oso ona izan zen. Baldintza onetan egin zen”. 

Baina aurreneko belar mozketa hori egin eta gero, euririk ez du egin. Bigarren belar mozketa egiten da normalean. “Egin duenak oso gutxi atera du. Eta lehen mozketa berandu xamar egin dutenek, lehortearekin eta bero honekin, ez dute ezer lortu”, azaldu du Nazabalek. Gaineratu duenez, mozketa baten eta bestearen artean aldea dago: “aurrenekoan belar gehiago dago, baina eguraldiak ez du ematen lehortzeko eta siloa egiten da. Normalean, bigarren mozketa gutxiago da, kalitatez hobea eta baldintza normalean lehortzen da”. 

INTIAko arduradunak ziurtatu duenez, bigarren mozketa egitea ez lortzean edo belar gutxiago jaso dutenez, abeltzainek %25 eta %33 belar gutxiago jaso dute. “Hori kaltegarria da. Aziendarendako etxeko janaririk ez badago, kanpotik erosi behar baldin bada, hain garesti baldin badago, eta lehendik errentagarritasuna hain txarra baldin bada, hau kaosa izanen da”. 

Atzeneko urteetan bazkarako arto pila erein da, “normalean esne eta haragi behiendako”. Artoak erein ondoren ongarri asko behar du. “Oso gogorra da eta, normalean, uzta ona ematen du. Baina aurten erein eta gero ez du euririk egin. Gaixotasun batzuk izan ditu eta ez da atera”. Horregatik, abeltzain batzuek bigarrenez erein dute artoa. Baina euririk egin ez duenez, artasoroak “penagarri daude, ez da ezer atera. Eta ez dakit zer gertatuko den ekoizpen horrekin.- Hamabost egunetan ez du euririk ematen, eta euririk gabe ez da ezer aterako”. 

Artoarena abeltzainendako beste murrizketa handi bat da eta erostera joanez gero, errentagarritasunik ez dutela aterako azaldu du Nazabalek. Artoa erosteko aukera izanen dela gaineratu du, “Nafarroan ureztatutako lur asko dagoelako. Baina eskaera eta eskaintzaren merkatua da. Dena garestitu da. Jende askok artoa erosi nahi duela ikusten badute, berriro pila garestituko da. Ez dakit abeltzainek dirua nondik aterako duten hori ordaintzeko”. 

Mendia
Aralar, Andia edo Urbasara igotzen denak ikusiko du belarra erreta lehorteagatik eta beroagatik. Mendi bakoitzak azienda sartzeko bere araudia du, natur parkera apirilaren erdialdetik aurrera eraman daiteke azienda, eta agorrilaren bukaeran hasten dira jaisten. Mendia gaina herriak baino freskoagoa da eta han belarra “geroago” jaiotzen dela argitu du Nazabalek. “Lurrak sakontasun gutxi du. Ondorioz, belarra ateratzeko euria maiz egitea behar da. Ez kristoren erauntsia eta gero egun asko euririk egin gabe, ez. Mendian belarra ateratzeko euria maiz egin behar du”. 

Aurten euririk egin ez duenez, apirilean belarra jaio zen, baina gehiago ez da jaio, eta beroak belar guztiak erre ditu. Mendien artean ere aldea dago. Aralarren eta Urbasan pagoak daude eta itzala ematen dute. Andian elorri batzuk dira aziendari abaroa eskaintzen dietenak. Nazabalek argitu duenez, “normalean, lehena jaten den belarra, hobea eta kalitatekoa, arrasokoa da. Eta gero barrura, abarora sartzen dira”. Izan ere, zuhaizpean belarra hobeki mantentzen da, nahiz eta “latzagoa” izan. “Urbasan estalpeak badaude, baina Andian ezer ez, zailagoa da itzala opatzea. Eta beroa egitean animaliek gehiago sufritzen dute. Horretarako Andia okerragoa da”. 

Uraren premia ere badago mendian. Baltsa batzuk lehortu egin dira, eta handik hornitzen ziren askak urik gabe gelditu dira. “Euriaren pasioz betetzen dira, eta euririk ez du egin”. Jan eta ur faltaren ondorioz, “beharko eta” ganaduzaleek azienda jaitsi egin beharko dute. Batzuk horretan hasi dira dagoeneko. “Eta, tristea da, baina behean ere ez dago janik. Sekula ezagutu gabeko egoera da hau”. 

Azienda 
Animalien egoera ere kontuan hartzekoa da: ernai daude, esnea ematen… Horren arabera, abere bakoitzaren beharrak desberdinak dira. Kumeari esnea ematen diotenean behar handiena dago. Horregatik, horiei “behar den jan guztia eman behar zaie”. INTIAkoak gaineratu duenez, “kumerik gabe baldin badago eta ernai badago, beharrak gutxiago dira. Momentu honetan haragitarako behiak eta ardi gehienak horrela daude. Jana eman behar zaie, baina kantitate gutxiago”. Nazabalen iritziz, alternatiba da “etxean dagoen jana ongi banatzea, ongi administratu. Asko behar duenari asko eman eta gutxi behar duenari gutxiago eman; ez denei berdin. Ez dago besterik, erostera joatea garestia da”. 

Etxarriarrak “tristuraz” jakinarazi duenez, “jan gutxi dutenez, abeltzain asko pentsatzen ari dira duten azienda buru kopurua jaistea, eta behi edo ardi zaharrak edo dena delakoak saltzea. Kopurua jaistea badakigu dela gaurko jana, baina biharko gosea. Baina lan egin eta dirua galtzeko ez gaude inor. Ezagutzen ez dugun egoera da, egunetik egunera okertzen ari dena. Erabakiak hartzeko ongi pentsatu beharra dago”. 

Abeltzaintza, “gaizki”
Berez lehendik egoera “kaxkarra” zuen abeltzaintzari “natura kontra jarri” zaio lehortearekin eta bero kaldarekin. “Abeltzainen egoera, egitura aldetik, lehendik kaxkarra zen. Ekoizpen kostuak goraka zihoazen. Orain, gerra dela eta, kostuak oso-oso baina oso altu jarri dira. Bere errentagarritasuna ona izateko abeltzainek garesti saldu behar dute. Baina bestalde, kontsumitzaileok onartuko dugu prezioak hain gora igotzea? Inflazioa goraka doa eta gauza nola bukatuko den ez dakit”. Izan ere, kontsumitzaileendako prezioak igotzen badira, abeltzainendako “berdina edo okerrago. Oso gaizki baitago guztia”. Egoera larriago bizi dute makineria erosteko edo abeltegia egiteko inbertsioa egin berri dute ganaduzaleek, “hau haien akabera izan daiteke”. 

Nazabalek errepikatu duenez, “sekula ezagutu gabeko egoera da. Abeltzainak egoera txarrean bizitzera ohituta daude, baina orain kexatzeko arrazoiak badituzte”. Baina gaur egungo egoera izugarri txarra da, eta ez dakit nola bukatuko duten”. Azaldu duenez, “urtetik urtera abeltzain gutxiago dago. Baina egoera honekin oso gutxi geldituko dira, eta animalia kopurua ere oso txikia izanen da, egoera honetan inork ezin baitio eutsi”. 

INTIAko kideek Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuarekin harreman “ona, handia eta estua” dute, eta egoeraren berri eman diete departamentuko kideei, eta azaldu diete abeltzainik gabe gelditu nahi ez badugu laguntzak beharko dituztela. Departamentuan “egoeraren kontzientzia dute”. 

Azienda mendian
Aralar elkarteko basozain Javier Otamendik azaldu duenez, Aralar mendia “sekula baino lehorrago dago”. Hala ere, ura oraindik baduela azaldu du, “baltsak baxu daude, eta larreetan erreka pare bat baditugu eta haietan putzuak badaude”. Otamendik jakinaraziz duenez, “Andia mendian azienda zuten abeltzainak Aralarrera ekartzen ari dira, hura hau baino okerrago dagoelako, han abarorik ez dagoelako”. Gaineratu duenez, azienda mendiz aldatu dutenen artean Aralarrera azienda sekula eraman ez duen abeltzainik ere bada tartean. 

Joan den urtean Aralar mendian 7.086 azienda buru izan zirela jakinarazi zuen Otamendik: 6.006 ardi, 802 behor eta 278 behi. Aurten antzeko kopurua igoko dela espero du. Urbasa-Andia natur parkeak, berriz, 39.459 buru hartu zituen: 30.193 ardi, 4.726 behi eta 3.910 behor.