Osasun Departamentuaren "eta erakunde guztien" inplikazioa eskatu dute

Guaixe 2022ko uzt. 25a, 09:01

Altsasuko osasun eskualdean mediku faltarekin segitzen dute, eta osasun etxe parean astelehenero, bilkurak egiten dituzte. Gaur, uztailak 25, astelehenea, jaieguna izanik, ez dute eginen.

Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak deituta, makina bat burundar elkartu ziren Altsasuko osasun etxearen parean, osasun eremuan dagoen mediku falta salatzeko. "Osasun eremuan gertatzen denaren arrazoiak ulertzea oso zaila da". Bi datu eman zituzten, Nafarroak 650.000 biztanle dauzkala, eta Altsasuko osasun eremuak 9.305 pertsona burundar dituela. Horiek kontuan izanik, galdetu zuten: "Nola da posible Osasun Departamentua halako eskualde txiki bati  arreta emateko gai ez izatea?" Nafarroako populazioaren proportzio txikia izanik, deitzaileek ez dute ulertzen "konponbidea opatzeko arazo hain zaila bihurtzea". Horregatik, Osasun Departamentuko zuzendaritzari "inplikatu eta konponbidea emateko" eskatu zuen. Elkarretaratzeak udako astelehen guztietan errepikatuko dituzte, 12:00etan, Altsasuko osasun etxearen aurrean. 

Plataformako kideek ziurtatu zutenez, "jarritako adabakiek ez digute balio, ez baitute konponbiderik ematen, eta, ageri denez, ez dute balio egoera okerra zuzentzeko". Gaineratu zutenez, "Osasun Departamentuaren hainbat zuzendaritzak Altsasuko osasun etxearekiko duten utzikeria eta kudeaketa txarrarekin oso kezkatuta gaude". Lantalde egonkorra lortzeko plantillak kontsolidatu behar direla gaztigatu zuten. Osasun eremuko langileen lan kargarekiko "kezka" azaldu zuen plataformak, "haien lana gero eta baldintza okerragoetan egiten ari dira". Azkenik, gaixotzeagatik, oporrengatik, eszedentziengatik edo bestelako arrazoiengatik dauden bajak betetzeko baliabide guztiak jartzea eskatu zuten. 

Olatzagutiko alkate Joseba Vizuete Askargorta elkarretaratzean presente izan zen, eta akaberan jakinarazi zuen Olatzagutian gauzak berdin jarraitzen dutela, astean hirutan besterik ez da medikua joaten.