Nafarroako Uholde Arriskurako Larrialdi Plana bereziaren arabera, uholde arriskua duten udalek haien aurrean jarduteko plana onartu beharra dute. Jarduera protokolo horien bidez, uholde kasuan eta haiei aurre egiteko helburuz, udal baliabide eta zerbitzuen antolakuntza eta jarduerak zehaztu behar dira. Dirulaguntza jaso eta plan bana egin dute Arruazuko eta Altsasuko udalek. Planek Nafarroako Gobernuaren Babes Zibileko Zerbitzuaren oniritzia jaso dute. Udalek onartu ondoren, Babes Zibileko batzorde batek homologatuko ditu bi herrien planak.
Agiri horietan udalerri bakoitzean uholdeek harrapatu ditzakeen puntuak zerrendatu dira. Udalek plana nola ezarri aztertu beharko dute Babes Zibileko kideekin batera. Aurreikusi daitekeen neurrietako bat da uholde arriskuagatik kaltetuak izan daitezkeen pertsonei arriskuaren berri ematea telefonoko mezularitza aplikazioren baten bidez.
Arruazu
Ubeldetik gertu eta ia haren altuera berean dago kokatuta Arruazu, eta uholde arriskua bi tokitik heldu zaio. Ubeldearen emaria handitzen denean, normalean, uholdea sortu eta ura pitteka-pitteka eliza aldetik igotzen da herrira hurbilduz eta ubeldetik gertuen dauden eraikinei kalte gehien eraginez: eliza, elkartea, ubeldetik hurbilen dauden etxeak, ostatua eta herriaren etxea. Gorka Ovejero Ganboa alkateak azaldu duenez, “urtero etxeren bat kaltetzen da eta hamar urtetik behin, gutxi gorabehera, etxe gehixeago. Azken urteetan ubelde bazterreko ezpondak kendu eta maldan jarri direnez ura atera eta berehala ubeldera itzultzen da”.
Urak gainezka egin eta Arruazun uholdea sortzen duen beste tokia Arruazu eta Lakuntza artean dagoen auto hilerria pasata dago. Han ubeldeak bihurgunea egiten du. “Urak salto egiten du eta hango larreak, soroak, baratzeak, NA-2410 errepidea eta herrirako autobia azpiko zubia estaltzen ditu”. Baina alkateak gaztigatu duenez, “trenbide pasa kendu eta trenbide gainetik zubia eraiki zutenetik egoerak makurrera egin du. Zubiak ez du zutaberik, lurra metatuz egin zuten”. Ovejerok azaldu duenez, “trenbide gaineko zubiak uraren ibilbideari aztapo egiten dio eta asko laguntzen du autobia azpiko eta ondoko bideberria urpean uzten”.
Ondorioz, arbazuarrek abenduaren 10eko moduko uholderik ez dute 75 urtetan ezagutu. Izan ere, aurreko uholdeetan Sakanako Autobideak (A-10) ura gelditzeko harresi funtzioa jokatu zuen eta haren iparraldera dauden lurrak eta herrirako sarbidea “bakarrik” estaltzen zituen urak. Azken uholdean urak autobia gainditu eta, ondorioz, herriko etxe gehienek ur uholdea pairatu zuten. “ura Kaletxikitik sartu, Kaleaundi guzia zeharkatu eta Bidezar kaletik autobiara eta ubeldera jausi baitzen”.
Altsasu
Herria Arakil eta Altzania ibaiak bat egiten duten tokian kokatuta dago, eta horrek sortzen du uholde arrisku handiena. Baita autobiek eta trenbideek sortutako buxadurek ere. Gainera, bi ibaien goiko aldeetan euri asko egiten du, bi ibaien emaria handituz. Uholde arrisku hori larriagotu egin daiteke bi ibaien goiko parteetan pilatutako plubiometria-maila handi baten ondorioz; izan ere, hori neguko hilabeteetan gertatu ohi da maiz, eta haien ur goraldiaren puntak bat etor daitezke herritik pasatzean.
Arroaren arriskugarritasunean eragina duten beste faktore batzuk azpiegitura hidraulikoek araututako azalera txikia da. Altzaniak Urdalurko uberka du. Bestalde, uraren kontzentrazio denbora oso txikia da, 6 ordu inguru Arakilen eta 8 ordu inguru Altzanian. Horrek esan nahi du Arakilen arroak ez duela erantzun denbora handirik. Altzaniaren kasuan ez da hain garrantzitsua urtegiak erregulatzen baitu.
Uholdeei aurre egiteko planak jasotzen du urarekin hesiarena egiten duten zenbait zubi kentzea, egokitzea edo aldatzea, ibaian urari oztopoak kentzea eta ibaiaren sekzioa handitzea. Planak aitortzen du Isasia industrialdean egiturazko neurriak hartzea zaila dela, horregatik, proposatzen du drainatzea hobetzea, xukatzeko ponpak jartzea, eta, batez ere, uholdeen aurrean abisatzeko sistema hobetzea, establezimenduek garaiz erreakzionatu ahal izan dezaten. Prebentzioan uholdeen aurretik, bitartean eta ondoren altsasuarrek egin dezaketenari buruzko aholkuak jaso dira planean. Baita herritarren autobabeserako hainbat neurri ere. Azkenik herritik pasatzen den zatietan ibaien garbiketa egitea ere jaso da planean.
Urdalur
Uberka hautsiko balitz, Ebroko Ur Konfederazioak ondorioei aurre egiteko Uberkaren Larrialdi Plana egina du 2010etik. Baina sekula ez da indarrean ezarri. Halako ezbeharrik gertatuko balitz, uholde handiaz gaztigatzeko Altsasun alarma sirena sareak jarrita egon beharko luke. Baina konfederazioak ez du horrelakorik egin oraindik, eta Altsasuko uholdeen kontrako plana onartzearekin batera, Nafarroako Gobernuak Ebroko Ur Konfederazioari eskatuko dio, behingoz, ezar dezala uholdeen kontrako alarma sistema.