AHT ibilbide proiektua

Tren sozialaren alternatiba

Guaixe 2022ko uzt. 27a, 14:20

Tren erregionala Olatzagutitik Altsasurantz. ARTXIBOA

Abiadura Handiko Trena egin beharrean gaur egungo trenbide plataforma ahalik eta gehien baliatzen duen alternatiba prestatu dute lau plataformen artean: trenbidea bikoiztu, geralekuak berritu edo zabaldu eta trenak goi abiaduran ibiltzea ahalbidetu.

Araba Tren Sozialaren Alde, Miranda Por el Tren (Burgos), Bureba es Futuro (Burgos) eta Nafarroa Trenaren Alde plataformek Abiadura Handiko Trenari (AHT) alternatiba den ingeniaritza azterketa egin dute. Tren sozial baten aldeko alternatibak Cortes eta Miranda de Ebro artean dagoen trenbide plataforma hartu du oinarritzat. Iruñea eta Altsasu arteko tartean %62,13an lortzen da eta Altsasu eta Gasteiz artean %68,63an. Proiektuaren helburua izan da hura optimizatzea eta dagoen trenbidea modernizatzea. Horretarako, Nafarroan trenbidea bikoiztea proposatu dute (Araban eta Burgosen bikoiztuta dago). Gainera, dauden tren geratokiak mantendu eta, ahal bada, zeudenak zabalduko lirateke. Ingeniariek hainbat bihurguneren erradioa aldatzea proposatu dute, trenek goi abiadura hartzeko (200 eta 250 km orduko). Sakanatik pasatzen diren trenek gaur egun 140 km orduko abiadura hartzen dute (Olatzagutian 60). 

Plataformako kide Mikel Santamaria Rubiok azaldu duenez, "teknikoki ongi eginda dago proiektua. Orain haren berri eman nahi diegu sindikatuei, Nafarroako Parlamentuari eta Espainiako Gobernuari". Plataformako kideak azaldu duenez, "gure proiektuko trenbidetik edozein tren mota pasa daiteke, bai bidaiariena, bai merkantziena. Abiadura handiko trenek ezinen lukete pasa Europako trenbide zabalera behar dutelako". Jakinarazi duenez, ematen dituen arazoengatik 3 erraila jartzeko aukera baztertu dute eta trenbidean zabalera aldakorreko trabesak jarriko lituzkete. "Horrela oso erraza da iberiar trenbide zabaleratik Europakora aldatzea. Beraz, AHTak pasatzeko errailen arteko zabalera aldatzeko aukera legoke etorkizunean". Hala ere, Alvia motako trenek, gelditu gabe, bi trenbide zabaleretara egokitzeko gaitasuna dutela jakinarazi du Santamariak, eta merkantzia eta eskualde trenak horretarako prestatzen hasiko direla gaineratu du. Ingeniariak egindako lanaren ondorioz, trenbide berritu eta bikoiztuan trenek 200 eta 240 km orduko abiadan ibiltzeko aukera izanen lukete.

Abantailak
Landu duten proiektuaren abantailak zerrendatu ditu Santamariak. "Lehenik, kostua AHTarena baino txikiagoa da". Iruñea eta Gasteiz artean trenbidea eguneratzek 600 milioi euroko inbertsioa eskatzen du. Nafarroako AHTa Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotzeko bi trazadura proposamen daude: ibarra zeharkatzen duenak 704,2 milioi euroko aurrekontua du eta Aralar mendiaren azpitik pasatzen denak 2.061,9 euro. Cortes eta Miranda de Ebro arteko trenbidea eguneratzeko 2.461,15 milioi euroko inbertsioa eskatuko lukeela jakinarazi dute. Bi herrien arteko AHTak, berriz, 4.327,78 euro. 

Gaineratu duenez, "plataforma eraikita dagoenez, beste linea bat egiteak baino ingurumen inpaktu askoz txikiagoak ditu. Zenbait kasutan, gizarte eta ingurumen inpaktu positiboak egon daitezke, esaterako, lurperatzeagatik, ibai ibilgu batzuen trazaduratik urruntzeagatik, zeharkako iragazkortasuna hobetzea fauna pasabideen eta tunel faltsuen bidez, hiri integrazioak, eta abar". Plataformako kideak nabarmendu duenez, proiektua gauzatuko balitz plataformaren zerbitzu denborak eta ahalmenak "hobekuntza nabarmena" izanen lukete, "esaterako, Iruñea eta Gasteiz arteko lotura egiteko trenek AHTak baino 7 minutu gehiago besterik ez lukete beharko". 

Bestalde, Santamariak azaldu duenez, "AHTa eginez gero egungo plataforma modernizatu gabe geldituko litzateke eta epe labur edo ertainean 'trenbide zaborra' edo fakturazio txikiko baliabide hustubide bihur liteke. Proposamen honek hori saihesten du. Zeren AHTa eginen balitz, bi trenbide plataforma genituzke, eta horrek mantentze eta ustiapen kostuak handitzen ditu. Bakarra izanik, txikiagoak dira". Aldi berean, jakinarazi du Teruelera eta Logroñora AHTa gaur egungo trenbide plataformetatik joanen dela, "gure alternatibak horretarako aukera emanen luke ere". 

Plataformako kideak gaineratu duenez, "trenbidea bikoiztean bere gaitasuna asko handitzen da. Gainera, gutxienez 35 km-tik behin trenak aurreratzeko eta aparkatzeko postuak daude, eta gaur egungo beharretara egokitutako baztertzeko trenbideak dituzten bazterbide eta geltokiak aurreikusi dira". Santamariak ziurtatu duenez, "proiektua egin eta martxan jartzeko epe laburragoak ditu, eta inbertsioa hasiera-hasieratik erabat erabil daiteke, egungo zerbitzuak berehala hobetzea baitakar". Ziurtatu duenez, "trenbidearen zabalera eta elektrifikazioa beste estandar batzuetara erraz aldatu daiteke. Gainera, geltokietan eta geralekuetan hobekuntzak egiten dira espazio horien hirigintza integrazio hobetzeko".

Arakil, 1. alternatiba
Arakil ekialdeko bi herrietan azpiegitura ugari daude eta, horrek "zailtasunak" sortzen ditu. Horregatik, proiektuan bi proposamen daude. Aurrenekoan, Otxobi eta Atondo artean trenbideak bihurgunea egiten du Bizkai mendirantz. Atondo herriaren hego mendebaldean lubaki baten barruan sartuko litzateke trenbidea eta tunel faltsu batek (663 metro) mendiraino eramanen luke. Bizkai mendia tunel berri baten bidez zeharkatuko luke (1.236 metro), eta Hormigones Oskia enpresaren parean bat eginen luke egungo trenbidearekin. Errotzen, egungo zubiaren ordez berria jarriko litzateke eta zaratak eta bibrazioak murrizteko tunel faltsua (150 metro) eginen litzateke. Tunel horri esker, herriaren bi zatiak, ibaiaren eremua, goiko aldearekin integratuko lirateke. 

Errotz pasata, trenbidearen kotak NA-7010 errepidearen maila bera hartuko luke. Izurdiagako San Joan auzoa pasata trenbideak mendebalderantz trazadura berria luke, bihurgune bat. Hura lubaki baten barruan legoke hasieran eta tunel faltsu bezala estaliko litzateke aurreneko 350 metrotan. Hurrengo 400 metrotan pantaila hormen artean joanen litzateke trenbidea. Larraun (50 metro) eta Arakil (56 metro) gaineko bi zubi berri pasa ondoren egungo trenbidearekin Etxarrenen Sakanako Autobiaren (A-10) azpiko pasarekin bat eginen luke. Izurdiagako trenbide saihesbide horrekin, geratoki berria eginen litzateke herrian. Gainera, gaur egungo trenbidea kenduta, geltokia bota eta plaza moduan erabiltzeko aukera legoke. Gainera, tren geltoki auzoan trenbiderik ez legokeenez, gaineko pasarik ez litzateke beharko eta herri integrazioa hobetuko litzateke. 

Arakil, 2. alternatiba
Trenbideak Itzako Erizen bihurgunea egin eta mendebalderantz jo beharrean zuzen segituko luke eta Illunbeta mendia tunel bidez zeharkatuko luke. Otxobi ondoan sartuko litzateke trazadura lurpean. Ilunbetako tunelaren (3.056 metro) ondoren Txaga erreka gaineko zubibidea (88 metro) legoke eta, segituan, Zapardi mendiko tunela (1.238 metro) letorke. Trenbidea Izurdiaga gainean, Nafarroako Autopista (A-15) parean aterako litzateke. Han Izurdiagako geraleku berria eginen litzateke. Trazadura geltoki auzoaren iparraldetik pasako litzateke eta Larraun ibaia zubibide bidez (34 metro) gainditu ondoren, Etxarrengo autobia azpiko pasabidean, bat eginen luke egungo trenbidearekin. 

Eritze eta Izurdiaga artean proposatutako saihesbide berriak 9.300 metroko luzera luke. Beste alternatibak baino lan handiagoak eskatzen ditu, trazadura guztiz berria baita. Aukera horren aurrekontua handiagoa litzateke 4.400 metro tunel baino gehiago egin beharko liratekeelako. Beste alternatiban bezala, egungo geltoki auzoan aldaketak egiteko aukera emanen luke alternatiba horrek ere. 

Uharte Arakil
Etxarrendik Hiriberri Arakil artean trenbide bikoiztuak egungo trazadura segituko luke. Hiriberri Arakilen trenak aurreratzeko eta aparkatzeko postua aurreikusi da. Halako tokiek 600 metroko luzera dute. Horregatik, geratoki berria egitea proposatu dute. Trenbideak Uharte Arakileraino egungo trazaduratik segituko luke. 

Aurkeztutako proiektuaren arabera, Uharte Arakil parean trenbidea lurpetik pasako litzateke (71 milioi euroko kostua). Herritik Sakanako Autobiarako (A-10) ekialdeko irteeraren parean sartuko litzateke lurpean eta mendebaldeko autobiako sarrera-irteera parean aterako litzateke (1.400 metro). Tunela egiteko lubakia eginen litzateke, trenbidea jarri eta gero tunela egin eta lurrez estaliko litzateke. Lur gainean geltoki berria eginen litzateke. Gaur egun trenbideak eta autobiak hirigintza eten bat sortzen dute Uharte Arakilen, herrigunea eta Itsesia auzoa banatuz. Trenbidea lurperatzeak neurri batean hori leunduko eta leheneratuko luke. 

Uharte Arakilgo mendebaldeko autobiako sarrera-irteera parean hasiko litzateke trenak aurreratzeko eta aparkatzeko postua. Proiektu egileek Arruazu eta Lakuntza artean trazadura zuzenketa proposatu dute (2.643 metro). Lizarragabengoko trenbide gaineko zubiaren parean trenbidearen bihurgunea pixka bat egokitu ondoren, Etxarri Aranatzen trenak aurreratzeko eta aparkatzeko postua eta geltoki berria egitea aurreikusi dute. Bakaikun Oporon hasten den kurbaren erradioa aldatzea proposatzen dute eta geratokia egitea. Altsasuraino egungo plataformak segituko luke, Urdiaingo eta Altsasu arteko mugako kurbaren erradioa hobetuz. 

Altsasu
Herriaren parean plataformak bi norabide hartzen dituenez, trenbide bat bestearen gainetik jartzea proposatu dute. Hala, trenbidea Zangitu parean lurpean sartuko litzateke eta Gasteizerako plataformak lurpetik segituko luke Iparraldeko Autobiarekin (A-1) bat egin arte. Gipuzkoarako trenbideak lur azaletik segituko luke egungo bidegurutzetik aurrera. Tren geralekua lurpean egitea aurreikusi dute, lehenengo solairuan Gipuzkoarako trena legoke eta bigarrenean Gasteizerakoa. Lurperatzeak trenbideak Altsasu hegoaldean sortzen duen hesi efektua kenduko luke eta, esaterako, sarrerako zubirik ez legoke. 

Olatzagutirako bidean, trazaduran zuzenketa txiki bat eginen lukete. Eta porlandegiaren aurretik dagoen bidegurutzean Gipuzkoarako trenbidea altuera hartzen hasiko da eta Altsasurako trenbidearen gainetik pasako litzateke. Olatzagutiko geratokia hobetu eta Arkinorruti industrialde pareko trazadura pixka bat hobetzea eta Ziordiko geralekua hobetzea da proiektuan jasotzen diren ibarreko azken ekimenak.