Herrira sartu eta ezkerretara San Donato karrika dago, edonor plazara eramaten duena. Nafarroako hiriburuan bezala, Ergoienako hiriburuan, Lizarragan, plaza "egongela da". Hala aurkeztu du Miren Aldaz Agirrek bere herriko gogoko txokoa. "Iruñekoa baino txikiagoa da, baina batean eta bestean, herritar guztiok hara joaten gara, egotera. Berdin da zer egiten duzun, han herriko jendearekin, herrira etortzen eta lizerratarra izanik herrira bueltatzen direnekin topatuko zara". Aldazek azpimarratu du plaza "topagunea" dela.
Mendi magalean egotean Lizarragak "toki zelai gutxi ditu, eta plaza aldaparen adibidea da". Aldapetara ere bat ohitu egiten dela gaineratu du Aldazek, "neurria hartzen diozu". Plazan ere aldaketak izan dira. Lehen porlanezko zorua zuen, baina berritu eta plazaren zoruaren erdian galtzada harriz egindako lauburua dago. Iturria ere badago kioskoa jartzen den tokian. "Han iturria eta aska zeuden lehen. Aska kendu eta jendea esertzeko aulkia egin zuten".
Plaza Nausiye etxez inguratuta dago. Plazaren goiko partean amonaren sortetxea du Aldazek, Xarminttonekua. Han bizi dira lehengusuak. Eta plazaren beheko partean amonaren anaia baten etxea dago, Linosena (Erdoxana, batzuendako). Beraz, Aldazek txikitatik du plazarekin harremana: "Lizarragan eman nituen lehen pausoak, besteak beste, plazan izan ziren, garai hartan plazara jende guztia joaten baitzen". Joan den mendeko 80ko eta 90eko hamarkadez ari da.
Txikitan, herrian batera eta bestera ibilitakoa da Aldaz. Tartean, plazako iturrian, askan, kioskoan… "alai egoten ginen". Plazara amonarekin joan izanaz oroitzen da, "koinatarekin, familiarekin elkartzen zen. Plazan bizi zirenez, han egoten ginen. Ahizparen lagunak, nireak… Herriaren bihotzean bat egiten genuen". Jakinarazi duenez, plazan "denetarik" egiten zen. "Orain ez da horrela. Jendea hiltzen ari da, batez ere, adinekoak, gehien ezagutzen dituzunak. Hala ere, han beti bakarren batekin zaude". Aldazek Lizarragan barna paseatzea gustuko du, eta ibilaldi horietan plazatik pasatzen da, "funtsezko puntua baita".
Dantza
San Adrian festetan lizerratarrek zortzikoa dantzatzen dute plazan. 2006an berreskuratu zuten dantza lizerratarrek eta, ordutik, "dantza nik zabaltzen dut. Dagoen aldapa ez da dantzatzeko traba handia". Azaldu duenez, dantza entseguak apirilean hasten dituzte, eskola hartu zuen eraikinean biltzen dira horretarako. "Maiatza bukaeran, ia garagarrilean, plazan entseatzen hasten gara. Dantzatzean, bueltak egiten asko laguntzen digu lauburuak. Plazan entseatzen dugunean haren inguruan egiten dugu". Aldazek gaineratu duenez, dantzatzean lauburua osatzen duten galtzada harrietako baten ertzen batekin aztapatzeko arriskua dagoela azaldu du.
Festetako dantza saiorako baserritar jantzia janzten dute dantzariek, herriaren aurrera ateratzeko. Zortzikoaren akaberan, korroa osatzen dute dantzariek, Aldazek azaldu duenez, "nik orduan topearena egiten dut, horrela saiatzen naiz guztiak erritmo berean joan daitezen. Horrela errazagoa da, aldapak zaildu egiten baitu". Lizarragan ere gizonezko gutxi animatzen dira dantzatzera.
Dantza egiten den egun horretan kontzejuko presidenteak Lizarragako bandera eramaten duela jakinarazi du Aldazek. Udaleko kideak ere egoten dira. "Eta gustatzen zait erakundeak herrira etortzea". Horregatik, berak gonbidatuta, herrian festetan egon dira bere koalizio politiko bereko Maria Solana Arana (hezkuntza kontseilaria zenean) eta Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde Iglesias, aurten.
Udako festetan plazan musikariendako kioskoa jartzen dute eta plazak dantzaldiak, herri afariak, ikastolaren barra eta beste hartzen ditu. Festaren bihotza da. Bete egiten da. Aurten are gehiago, pandemiak eragindako etenaren ondoren. "Puro Relajo taldearen igandeko emanaldian jendea, jendea eta jende gehiago zegoen. Plaza lepo zegoen. Dantzaldietan ere gazteak gustura ibiltzen dira. Ordu txikiak arte egoten dira". Aurten plaza zinema areto bihurtu dela ere jakinarazi digu Aldazek, "asko gozatu zuten".