Kontseiluak eta Behatokiak "bazterkeria arintzeko zuzenketak" aurkeztu dituzte

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 08:42
Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Agurne Gaubeka eta Euskaltzaleen Kontseiluko Paul Bilbao. UTZITAKOA

Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazio-dekretua jendaurrean jarri zuen, eta Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak proposamenari hainbat zuzenketa egin dizkiote .

Agintariek askotan egutegiarekin jokatzen dute, eta, horrela, gizartean kontrako erreakzioa sortu dezaketen gaiak "ezkutuan" pasarazi nahi izaten dituzte. Hala egin du oraingoan Nafarroako Gobernuak  Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazio dekretuarekin, garilaren 6an, sanferminen hasieran, jarri zuen herritarren eskura. Zuzenketak aurkezteko garaian Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak esan zuenez, "gobernuak hiru urte izan ditu dekretua publiko egiteko, eta Iruñeko aste berezienean argitaratu? Horrek erakusten du gobernuak dekretuaren eztabaida publikoa saihesteko asmoa izan duela".  Izan ere, Behatokiko zuzendariaren arabera, Gobernuak ez du nola justifikatu garai ilunetan garatzen ziren hizkuntza-politiketako neurriak bere horretan aplikatzea.

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao Sarriak eta Gaubekak argi dute "herritar guztien eskubideak bermatzeko bide bakarra langile elebidunak kontratatzea" dela. Gogorarazi dute, Hezkuntza kenduta, gobernuko esparru guztietan langileen %3ri besterik ez zaiola euskararen ezagutza eskatzen. Beraz, dekretuak "garrantzi handia" hartuko duela gaineratu zuen Bilbaok: "Badakigu euskara merezimendu gisa baloratzeak badituela bere mugak, ez dituelako bermatzen langile elebidunak, baina aukera hau ere baliatu behar da".

Bilbaok azaldu zuenez, gobernuak ez duela apenas aldaketarik egin ilbeltzean sindikatuei
aurkeztu zien dokumentutik: "Euskalgintzatik ikusitako atzerapausoek bere horretan jarraitzen
dute, duela bi hamarkada euskararen eta euskaldunen kontrako politika bortitzetan hartutako
erabakiei jarraipena ematen die. Aukera izan du herritarren arteko bereizkeria saihesteko
aldaketak egiteko, baina ez du halakorik egin" esan zuen.

Kontseiluak eta Behatokiak aurkeztutako zuzenketetan euskararen ezagutza lanpostu
guztietan gehiago baloratzea eskatu dute: "kontziente gara egungo lege markoak zaildu
egiten duela legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean euskararen ezagutza baloratzea.
Horregatik, zuzenketa guztietan bi aukera eskaintzen dizkiogu Nafarroako Gobernuari. Dena den,
berriz ere argi geratzen da Nafarroak ofizialtasuna behar duela lurralde osoan herritarren
eskubideak bermatuko dituzten politikak garatu ahal izateko" adierazi zuen Bilbaok.

Horrekin guztiarekin batera, beste artikulu bat txertatzea proposatu dute, zeinaren arabera
edozein lanpostutan euskararen ezagutzaren balorazioa ezin izango da atzerriko hizkuntza
guztien balorazioaren batura baino baxuagoa izan: "uste dugu oinarrizko eskaera hori ez onartzeak agerian utziko duela, beste behin, gobernuak intentzionalitate maltzurrez jokatzen duela, euskara eta euskaldunok zokoratzeko intentzionalitatea" esan zuen. 

Justizia sozialaren, berdintasunaren eta kohesioaren kontra
Gaubekak herritarrek erregistratutako eskaerei eta maiatzean egindako manifestazioan aldarrikatutakoari gobernuak "entzungor" egitea leporatu dio, “hortaz, ezin esan daiteke Gobernua herritarren mesedetan dagoenik. Inondik inora ez” adierazi zuen.

Interpelazio zuzena egin zien Gaubekak: "ez du balio Parlamentuan herritarren eskubideak
bermatzen ez direla aitortzea adierazpenen bidez, eta, ondoren, Gobernutik herritarren
eskubideen urraketak betikotzen dituzten neurriak hartzea. Aitor dezatela, behingoz,
berdintasunaren aurkako neurriak hartzen dituztela" adierazi du.

Azkenik, bi erakundeetako ordezkariek aurreratu zuten dekretuak Euskararen Nafar
Kontseiluaren irismena (ez-loteslea) behar duenez, organo horretan ere desadostasuna
agertuko dutela, bai eta zuzenketa horiek aurkeztu ere.