Udan zerbitzu sektorean euskararen erabilera areagotzeko kanpaina martxan

Guaixe 2022ko uzt. 29a, 13:01
UEMAk banatutako mahai gainekoa. UTZITAKOA

UEMAk eta Arbizuko eta Etxarri Aranazko udalek sustatu dute ‘Bertatik bertara’ kanpaina. Sektorearen esku dohainik utzi dituzte euskaraz zerbitzua emateko baliabideak: kartelak menuak, etiketak, takoak, hiztegiak… 

Arbizuko eta Etxarri Aranazko udalak kide dituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Bertatik bertara kanpaina martxan du hirugarren urtez. UEMAko arduradunek adierazi dutenez, “udalerri euskaldunetan bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina da”. UEMAkoek azaldu dutenez, “bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dugu aurten ere”. 

Garai honetan bisitariekin harremana duten zerbitzuetako arduradun eta langileei, besteak beste, azaldu diete bisitariekin euskaraz aritzea “kalitatezko zerbitzua emateko” bidea dela, “gure herriko berezko hizkuntza delako”. Horregatik, “bezeroei lehen hitza eta agurrak, baita eskerrak ematea ere, euskaraz egiteko” eskatu diete. Izan ere, “bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei”. Horregatik jakinarazi dietenez, “askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretan eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.

Bitartekoak
Horrekin batera, hizkuntza paisaia zaintzeko ere eskatu diete, hau da, kartelak, oharrak, ordutegia, musika, webgunea, sare sozialak eta beste euskaraz izan daitezela. “Horrela, zeharka, herriko kaleko hizkuntza paisaia euskalduntzen da eta euskararen normalizazioan laguntzen da”, azaldu dute UEMAko arduradunek. Eta bi jakinarazpen egin dituzte, batetik, Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak doako itzulpen zerbitzua eskaintzen duela gaztigatu dute. 

Bestetik, kanpainaren baitan, bisitariendako eta zerbitzu sektoreko arduradunendako eta langileendako hainbat baliabide prestatu ditu UEMAk, eta horien berri zuzenean eman die. Horien artean daude tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak (250.000 ale), zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste. UEMAko kide diren bi herrietako zazpi establezimenduk bat egin dute kanpainarekin: Arbizuko kanpinak eta Juanito eta Kiroldegiko tabernek, eta Etxarri Aranazko kanpinak, Aritzalko eta Derry taberna-jatetxeek eta Leku Ona tabernak.