Pilota

Zabaletaren eskuinak eta Jakaren dirdirak Laso eta Martija ondoratu zituzten

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 09:53

Zabaletaren eskuinak beldurra eman zuen. ASPE

CaixaBankeko Masterseko bigarren jardunaldiko partidan Jakak eta Zabaletak 15 eta 22 irabazi zieten Lasori eta Martijari

Zabaletaren eskuinak, ongi dagoenean, beldurra ematen du. Eta badirudi atzelari etxarrendarraren eskuinak hobera egin duela. Atzo, asteazkena, CaixaBankeko Masterseko bigarren jardunaldiko partida jokatu zuten Jose Javier Zabaletak eta Erik Jakak Unai Lasoren eta Julen Martijaren kontra Huercanosen. 

Partida aurreikusi bezain gogorra izan zen. 58 minutu iraun zuen partidan, 450 pilotakada gogor gurutzatu ziren. Erik Jaka ikusgarri aritu zen lehen tartean, Unai Laso endredatuz. Zabaletaz zer esan. Aldeko 10 eta 11-ren aurretik, bera izan zen jaun eta jabe. Etxarrendarraren eskuinak beldurra eman zuen. Sekulako pilotakadak jo zituen, bata bestearen atzetik, Julen Martija erotu arte. Ekaitza sortu zuen Zabaletak, ekaitz perfektua, eta nahiz eta ekaitzari aurre egiten saiatu, azkenean Martija ondoratu egin zen. Zabaletak partida bukaeran aitortu zuenez, “egia esan, azken astean eskuinarekin gustura sentitu naiz”.