NUKFk beharrezkotzat jo du kalitatezko 0-3 ziklo bat lortzeko eskumenak argitzea

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 13:01
Udal eta kontzejuen ordezkariak Nafarroa 0-3 plataformako ordezkariekin bilduta. NUKF

Udal eta Kontzejuen federazioak  0-3 zikloaren arazoa ″egiturazkoa″ dela ziurtatu du. Konponbiderako Hezkuntza Departamentuaren proposamena onartu du abiapuntu gisa.

Nafarroako Udal eta kontzejuen Federazioaren (NUKF) Batzorde Betearazleak adierazi duenez, ″haur eskolen eskumena eta finantzaketaren ardura zehazteko eztabaida aspalditik badator ere, orain arte ez da erabaki finkorik hartu eta horrek arazo handiak sortzen ditu kalitatezko zerbitzu publiko bat emateko″. NUKFren helburu nagusia da ″Nafarroako Gobernuak haur eskolak hezkuntza eskumen gisa bere gain hartzea. Hala eta guztiz ere, 0-3 zerbitzuaren zerizanaren eta kudeaketaren inguruko eztabaidan ezin da toki entitateen parte hartzea bazter utzi″.

Horiek horrela, 0-3 zikloko hezitzaile eta langileen grebaren harira ,Hezkuntza Departamentuak haur hezkuntzako lehen zikloaren finantzaketari buruko proposamena egin zuen: 2022-2023 ikasturterako haur eskoletako langileen soldatak Nafarroako Administrazioetako B, C eta D mailekin parekatzea eta laguntza-langileak egonkortzea. NUKFk nabarmendu duenez, ″toki entitateentzako ahalegin ekonomiko gehigarria izango bada ere, langileen eta zerbitzuaren baldintzak hobetzen dituela kontuan harturik, gobernuak proposaturiko neurriak datozen ikasturteetan egin beharreko ibilbidearen abiapuntu gisa ulertu eta onartu ditugu″.

Hala ere, NUKFk eskatu du ″finantzaketa-moduluak haien kostuaren errealitatera egokitzea, udalek ematen duten zenbatekoa orekatzeko eta hobetzeko, eta eskumena argitzen den bitartean, zikloaren kudeaketaren finantzaketan toki entitateen partaidetza gutxituz joateko konpromisoa hartzea″. Azkenik, NUKFk adierazi du eragile guztien arteko sakoneko eztabaidari heltzeko garaia dela eta erabakiak hartzekoa, ″behin betiko neurriak hartuta eta zerbitzu publiko gisa duen izaera emanez, langileen egoera hobetuz eta lehia askearen, berdintasunaren, merituaren, gaitasunaren eta gardentasunaren printzipioak bermatuz″.