Denok Bat federazio bat da eta bere baitan biltzen ditu Baztan, Bera, Doneztebe, Lesaka, Leitza, Tafalla, Errotxapeako eta Sakanako merkataritza eta zerbitzu elkarteak. Eta elkarrekin Denok Bat Giltzaria sortu dute: beraien bezeroendako fideltasun programa bat. Erreminta horren bitartez, ″bezeroei zerbitzurik onena eskaini″ nahi diete, abantaila eta deskontuak eskainiz.
Denok Batek eskaintzen duen merkatari aniztasuna dela eta, federazioko kideek ″sistema malgu baten alde″ egin dute apustu. Hala, denda bakoitzak bere abantailak eskaintzen ditu, eta lorturiko puntuak saltoki berean trukatzeko aukera eskaintzen du. Dagoeneko Lakuntza, Etxarri Aranatz eta Altsasuko 34 dendak bat egin dute federazioaren Giltzariarekin. Horretaz aparte, erremintak posta elektroniko, SMS mezu eta abarren bitartez sustapen, abantaila berezi eta deskontuei buruzko informazioa jasotzeko aukera ematen du. Gertuko eta konfiantzako dendetan aurrezteko aukera eskaintzen du, beraz, Giltzariak. Guztia, dohainik.