Filmaren gidoia aldatzeko: ikasi euskara

Guaixe 2022ko ira. 7a, 08:43

Matrikulazio kanpainako iragarkiko irudia. UTZITAKOA

Helduak euskara ikastera animatu dituzte 'Euskara ahora' kanpainaren bidez Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak. 'Aukera erakargarria da, bizipen berriak eta hainbat aukera eskaintzen ditu'.

Eszena etxe bateko gela batean kokatzen da. Hiru lagun espiritismoa egiten ari dira. Eta espirituak kontaktatua gaztigatu du: badatoz (zonbiak). Badatoz? galdetu du han dagoenetako batek. Baina hirugarrenak "datos" ulertu du, eta beste bi protagonistek ez bezala, ez du ihes egiteko aukerarik izan. Hori da Nafarroako erakunde publikoek helduak euskara ikastera animatzeko Euskara ahora kanpainako iragarkiaren laburpena. Haren zabaltzearekin batera, dagoeneko, euskaltegietan izena emateko aukera dago. Helduek euskara ikasteko eskaintza zabala dute: ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak edota autoikaskuntzako ikastaroak. 

Sakanan bertan AEK-ren bidez euskara ikasteko aukera izanen da. Informazioa nahi duenak Altsasuko Gartzia Ximenez kaleko 46. zenbakitik pasa edo 948 468 258  telefono zenbakira hots egin dezake. Gainera, matrikularen kostua aitzakia ez izateko, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak (948 464 840 edo euskara1@sakana-mank.eus) euskara ikasten duten helduendako dirulaguntzak ematen ditu, ondorioz ikasteko prozesua ia dohainik da. Bestalde, 28 toki erakundek sustatutako www.elaide.eus webguneak euskara ikasleei informazioa eta baliabideak eskaintzen dizkie.

Aipatutako kanpaina Nafarroako Gobernuak eta herrialdeko 33 tokiko erakundek sustatu dute; haien artean dago Mank. Kanpainaren aurkezpenean toki entitateen ordezkari Ultzamako zinegotzi Izaskun Anduaga Etxeberria izan zen. Berak euskara ikasi edo maila hobetu nahi duten gazte nafar guztiak pausoa ematera animatu zituen: "zuen pelikularen gidoia aldatu eta mundu liluragarri batean sartzeko". Gaineratu zuenez, "film horretako protagonista izatea erraza da. Nahikoa da Nafarroan barna dauden euskaltegietara edo hizkuntza eskoletara joatea. Gidoiari bira bat eman diezaiokezue akabera zoriontsua izan dezan. Abentura honetan, prozesuan lagunduko dizuen euskararen komunitate osoa izango duzue, bertan nola integratzen zareten eta bere kulturara nola sartzen zareten ikusiko duzue". Eta nabarmendu zuenez, komunitate erreal eta birtual oso bat dago hizkuntza praktikatzeko eta, aldi berean, ikasteko.