Mediku faltak jarraitzen du Burunda mendebaldean

Guaixe 2022ko ira. 5a, 10:02
Joan den astelehenean egin zen udako azken bilkura.

Gehienez pediatra eta bi sendagile izan dira agorrilean. Bilkurekin zerbitzu ona eskatu dute.

Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak deituta garileko eta agorrileko astelehenetan kontzentrazioak egin dira Altsasuko osasun etxearen parean. Astelehenero 80 bat pertsona elkartu izan dira. Bilkura horien bidez Nafarroako Gobernuari Altsasuko oinarrizko osasun eskualdea bazter ez uzteko eta beharrezkoak diren sei medikuak ekartzeko eskatu dute. Plataformako kideek jakinarazi dutenez, profesionalen oporrak ez dira ordezkatu, eta udan, gehienez, bi mediku eta pediatra izan dira hiru herriez arduratzeko. 

Udalak, herritarrak, langileak eta foru administrazioa biltzen dituen Burunda mendebaldeko Osasun Kontseilua agorrilaren 23an elkartu zen. Herritarrek astelehenetan egindako aldarrikapenak entzun zituzten han Osasunbideko ordezkariek. Haien erantzuna izan zen medikurik ez dagoela. "Eta bakarren bat ezagutuz gero, jakinarazi, hots eginen diogu eta!" 

Plataformaren iritziz, mobilizazioekin jarraitu beharra dago, "ditugun medikuak protestatu izanaren ondorioz bidali baitituzte". Horregatik, Altsasuko festen ondoren bilera eginen dute emanen dituzten hurrengo pausoak aztertzeko. "Gure eskaerei kasu egitea lortu behar dugu".