Sakanako Estrategia Planari ekarpenak egiteko garaia da

Guaixe 2022ko ira. 5a, 10:02

Sakanako 2021-2027 Estrategia Planeko Talde motorreko kideak. ARTXIBOA

Irailaren 15era arte ekarpenak egin daitezke.

Sakanako Garapen Agentziak (SGA) jakinarazi du ibarreko estrategia planari herritarrek irailaren 15era arte egin diezaioketela ekarpenak. Sakanako Plan estrategikoaren dokumentazioa kontsultatu edota ekarpenak egin nahi dutenek Sakana Garatzen webgunean dute horretarako aukera. SGAtik azaldu dutenez, "Sakanan bizi eta lan egin  leloari erantzunez, estrategia planaren eguneratzea bi ardatz nagusiren baitan landu da: lan mundua eta ekonomia  jarduera, eta, bestetik, gizarte ikuspegia.  Iraunkortasuna, digitalizazioa eta gizarte ekonomia zehar lerro gisa proposatu dira".

Gaineratu dutenez, "plana dokumentu itxia baino Sakanak sozioekonomikoa arloan jarritako helburuetara iristeko mapa da, bidean sortzen diren eremu eta erronka berrietara egokitu beharko duen dokumentu bizia".