Garraio publikoa erabiltzeagatik deskontuak

Guaixe 2022ko ira. 5a, 13:01

Autobusa Irurtzungo markesina parean geldituta. ARTXIBOA

La Burundesaren abonamenduak %30 merkeago dira ostegunetik urte bukaera arte. Bestalde, Renferen aldirietako eta distantzia ertaineko tren abonamenduak doakoak izanen dira, eta distantzia ertaineko abiadura handiko Avant abonamenduen erdia ordaindu beharko da. 

Energiaren eta erregaien prezioen igoera etengabearen ezohiko egoera bat bizi du Europak. Testuinguru horretan Espainiako Gobernuak iragarri zuen berak kudeatzen dituen garraiobide publikoak (Renfe) doan edo erdi prezioan erabiltzeko aukera izanen zela irailaren 1etik urtea despeditu arte. Bestalde, tokiko erakundeen edo autonomia erkidegoen eskumena garraiobideek, berriz, %30eko deskontuak ezarri dituzte. Txartelaren prezioan dagoen aldea Espainiako Gobernuak ordainduko du. 

Neurri horien helburua da garraio publiko kolektiboa sustatzea eta ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea, ″energia mendekotasuna eta karbono aztarna gutxitzen laguntzeko″. Aldi berean, ekimenak garraio publiko kolektiboa ″eguneroko mugikortasuna bermatzeko, garraiobide seguru, fidagarri, eroso, ekonomiko eta jasangarria″ dela erakutsi nahi du. 

Autobusak eta trenak 
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, sakandarrek La Burundesa enpresaren autobus zerbitzuen bonuen zerbitzuan %30eko murrizketa eskuratu dezakete. Prezioaren gaineko hobaria ostegunean sartu zen indarrean eta urte bukaera arte indarrean izanen da. Hala ere, erositako abonamenduko bidaiak 2023ko ilbeltzaren 31ra arte egin ahalko dira. Enpresatik azaldu dutenez, garai bateko abonamendu fisikoen ordez bonu birtualak dira saltzen ari direnak, telefono mugikorrean eramateko modukoak. La Burundesatik zehaztu dutenez, familia anitzeko karneta dutenek %30eko deskontua eta familia anitza izateagatik dagokien deskontua batzeko aukera izanen dute. Bestalde, Iruñerriko autobus zerbitzuko erabiltzaileek garraio-txartelean hobaria izanen dute. 

Trenei dagokienez, ostegunetik urte bukaera arte, Renferen aldiriko trenetan (Goierriko herrietako linea, esaterako) eta distantzia ertainekoetan (Hego Euskal Herriko lau hiriburuak beraien artean eta Mirandarekin, Zaragozarekin eta Santanderrekin lotzen dituzten lineak) aplikatuko da neurria. Bi abonuak doakoak dira, baina lehenengoaren kasuan 10 euroko bermea jarri behar da eta bigarrenean 20 eurokoa. Bermeak automatikoki bueltatuko dira baldin eta lau hilabeteetan 16 bidaia baino gehiago egiten badira. Bestetik, distantzia ertaineko abiadura handiko trenen abonu guztien prezioan % 50eko murrizketa dago. Baina erosteko aldez aurretik izena eman behar da www.renfe.com webgunean edo Renferen aplikazioetan. 

Burundesaren garraio txartelen deskontuak
Ibilbidea Bidaia kopurua Prezioa Deskontuarekin
Uharte Arakil - Iruñea 20 67 46,9
Gazte garraio txartela 20 54 37,8
Lakuntza - Iruñea 20 77 53,9
Gazte garraio txartela 20 62 43,4
Arbizu – Iruñea 20 81 56,7
Gazte garraio txartela 20 65 45,5
Etxarri Aranatz - Iruñea 20 87 60,9
Gazte garraio txartela 20 70 49
Urdiain – Iruñea 20 91 63,7
Gazte garraio txartela 20 73 51,1
Altsasu – Iruñea 20 103 72,1
Gazte garraio txartela 20 82 57,4
Altsasu – Gasteiz 20 89 62,3
Gazte garraio txartela 20 70 49
Olatzagutia – Iruñea 20 109 76,3
Gazte garraio txartela 20 87 60,9
Iruñea - Gasteiz 20 192 134,4
Gazte garraio txartela 20 154 107,8
Iruñea – Ubarmin 24 21,6 15,12