Askok jakingo duzuen bezala, Altsasuko udal azpiegituren pribatizazio prozesuaz jakitun, "Udal azpiegiturak sozializatu" kanpaina jarri genuen martxan GKS-k eta Gazte Asanbladak. San Pedro egunean egindako prentsaurrekotik ekimenik egin ez badugu ere, gure lana udalarekin harremanetan egotera mugatu da. Beraz, inork ez dezala pentsa kanpainan zehar lortutako babesa (800 sinaduretatik gora, besteak beste) ezerezean geratuko denik.
Aurrera jarraituko dugu, instituzio burgesen aurrean proletarioen interesak defendatzen. Jarraian, alkatearekin eduki ditugun bilera eta harremanen berri emango dut. Berez, uztailaren 28an eduki genuen azkenengo bilera alkatearekin. Bertan, gure eskaerak ebazteko udalak "providencia de alcaldia" delako tramitea ireki zuela jakinarazi zigun. Zer da hau? Bada, hitz gutxitan esanda, gure eskaerak onartzeko ala ez onartzeko epe bat irekitzen die haietako bakoitzean konpetentzia duten organo burokratikoei.
Bertatik guretako esanguratsuena da "providencia"-ren epea irailaren 20an bukatzen dela. Hau da, GKS-k eta AGA-k egindako eskaerek erantzun bat jaso beharko dutela egun horretarako; hala zin egin zuen alkateak. Jakinda udaleko politikari eta administrariek Altsasuko festetan lanik egiten ez dutela, festetarako erantzun bat eduki beharko genuke.
Zentzu horretan, irailaren hasieran alkatearekin bilera bat edukitzea da gure asmoa, eskaeren erantzunak zein puntutan dauden jakiteko eta irailaren 20a bitartean gure jarrera azken aldiz eta modu formalean argitzeko. Jakin badakigu eskaeretako batzuk tratatzen ari direla, baina ez gara gutxirekin konformatuko. Izan ere, pobretze garai hauetan udala gai izan bada festak antolatzeko
100.000 eurotik gorako aurrekontua esleitzeko (beste urteen bikoitza), onartezina da proletarioendako oinarrizkoak diren bizi bitartekoetatik geroz eta urrunago egotea.
Aurrerago emango dugu gure ondorioen berri.