Txirrindularitza

Mulu Kinfe hirugarren, eta Iker Mintegi laugarren, Zegaman

Guaixe 2022ko ira. 5a, 11:00
Mulu Kinfe Hailemichael eta Iker Mintegi Zegamako helmugan. TXIRRINDULARIAK.COM

Biak etapa garaipena jokatu zuen seikotearen taldean iritsi ziren helmugara. Rural Kutxako Joseba Lopezek lortu zuen garaipena

Igandean Zegamako afizionatuen mailako lasterketa jokatu zen, Lehendakari Txapelketarako baliagarria zena. Lasterketa gorabeheratsua despeditzeko 15 kilometroren faltan, Etxarri Aranatzen bizi den Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Mulu Kinfe Hailemichael etiopiarrak erasoa jo zuen Lierniako igoeran, eta boskote batek jarraitu zion. Seikotea batera iritsi zen Zegamako helmugara, eta esprint oso estuan Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Joseba Lopezek lortu zuen garaipena. Bere taldekide Mulu Kinfe Hailemichael hirugarren sailkatu zen, eta Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarra, aldiz, laugarren. 

Denboraldi bikaina
Gogoratzekoa da abuztuaren 28an Elgoibarren jokatutako lasterketan Mulu Kinfe Hailemichaelek garaipena lortu zuela. Bestalde, Laboral Kutxako Iker Mintegi laranjaz jantzi zen, Euskaltel Euskadi Team talde profesionaleko stagiairea izan baitzen. Iker Mintegi Arctic Racen lehiatu zen, eta ihesaldian sartu zen.