Pilota

Ezkurdia-Mariezkurrena bikoa, oso ongi dabil

Guaixe 2022ko ira. 5a, 11:20
Ezkurdia eta Mariezkurrena, Donostiako Hiria Torneoko podiumaren gorenean. ASPE

Ostiralean Donostia Hiria Torneoa irabazi zuten, eta igandean CaixaBank Masterserako finalerdietarako sailkatu ziren

Asteburu bikaina bizi izan dute Joseba Ezkurdiak eta Jon Mariezkurrenak. Aspekoa bata eta Baikokoa bestea, biek bikote mistoa osatu dute Donostia Hiria Torneorako eta CaixaBank Masterserako, eta bikain moldatzen direla erakutsi dute. 

Biko nafarrak ostiralean Donostia Hiria Torneoko finala jokatu zuen giro ederrean 800 pilotazale bildu zituen Atano III.ean, Irribarria eta Albisu bikote gipuzkoarraren kontra. Partida estua izan zen, gogorra; eta bi bikoak paretsu ibili ziren, gehienez ere lau tantoren aldea izan baitzuten. Azkeneko txanpan, nafarrak hobeto aritu ziren, aurrera egin eta trofeo preziatua lortu zuten, 22 eta 18 gailendu eta gero. Ongi jokatu zuen biko nafarrak, eta Mariezkurrenak finaleko pilotaririk onenaren trofeoa lortu zuen. 

Mastersean Ezkurdia finalerdietan, Zabaleta play-offetan eta Martija kanpoan
Igandean, Lezaman, CaixaBankeko Masterseko hasierako ligaxkako azken jardunaldiko partida jokatu zuten Ezkurdiak eta Mariezkurrenak Jakaren eta Zabaletaren kontra. Ezkurdiak eta Mariezkurrenak hasieratik hartu zuten agintea eta jaun eta jabe izan ziren, 22 eta 9 irabazi baitzieten Jakari eta Zabaletari. Horrela, Masterseko sailkapeneko buruan kokatu dira eta finalerdietarako zuzenean sailkatu dira. 

Gaur ligaxkako azken jardunaldiko azken partida jokatuko dute Altuna ordezkatu duen Elezkano II.a eta Imazek Irribarriaren eta Albisuren kontra. Momentuz, Jaka eta Zabaleta hirugarrenak dira, play-off postuetan, eta Laso eta Martija sailkapenean azkenak dira, play-offetan sartzeko aukerarik gabe, ostiralean Urrutikoetxearen eta Rezustaren kontra 17 eta 22 galdu eta gero.