Pilota

Fernandez eta Erle, 51. Otadiko Kristo Deuna Torneoko lehen finalistak

Guaixe 2022ko ira. 6a, 11:25

Pilota mistoko partaideak: Vertiz, Vicente, Lanza eta Arrastia. UTZITAKOA

Finalerdi oso estuan 22 eta 19 gailendu ziren Irribarriaren eta Lazkozen aurrean. Partida mistoan Lanzak eta Arrastiak Vicenteri eta Vertizi irabazi zieten 

Larunbatean hasi zen Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajaukuk antolatutako 51. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa. Aurtengo edizioan, bi finalerdi eta final handia jokatuko dira. Larunbatean lehen finalerdia hartu zuen Burunda pilotalekuak, giro onean, pilotazale ugari hurbildu baitziren Altsasuko frontoira, horietatik asko gazteak, antolatzaileen pozerako. 

Lehenik eta behin, partida mistoa jokatu zen. Urko Lanza altsasuarrak Amaya Arrastiarekin osatu zuen bikoa, Ekai Vicente olaztiarraren eta Nahia Vertiz gaztearen kontra aritzeko. Partida entretenigarrian, Lanza eta Arrastia erraz gailendu ziren, 22 eta 7 irabazi baitzieten Vertizi eta Vicenteri.

Ondoren, torneoko elite mailako lehen finalerdiaren txanda iritsi zen. Fernandez errioxarra Erle gipuzkoarrarekin aritu zen, Irribarria gipuzkoarraren eta Lazkoz nafarraren kontra. Partida entretenigarri bezain lehiatuan, bi bikoteak parez-pare ibili ziren eta ordubete baino gehiago iraun eta 409 pilota gurutzatu ziren partidan azkenean Fernandez eta Erle 22 eta 19 nagusitu ziren Irribarriaren eta Lazkozen aurrean. Nabarmentzekoa da Fernandez oso ongi moldatu zela aurreko koadroetan eta Erle oso ziur aritu zela. Bestalde, Lazkoz jubenilak asko lagundu zion Lazkoz atzelariari. Irailaren 18ko finalerako txartela Fernandezek eta Erlek lortu dute.

Beste finalerdia
Beste finalerdia irailaren 10ean jokatuko da, larunbatean, 22:00etatik aurrera, Burundan. Jaialdia zabaltzeko eskola mailako partida jokatuko dute Carabiasek eta San Romanek (Pilotajauku) Arguellesen eta Arañaren kontra (Sutegi). Ondoren, partida mistoaren txanda izango da. Ibarrolak (emakumea) Mitxelenarekin (gizona) osatuko du bikoa, Carabiasen (gizona) eta Oskozen (emakumea) kontra. Eta elite mailako bigarren finalerdian Senar eta Lizeaga gipuzkoarrek De la Fuente eta Azpiroz nafarrak izanen dituzte aurkari.