Astekaria

Ez ahazteko, eta memoriaren bidea urratzeko

Guaixe 2022ko ira. 12a, 14:00

Otsaportillo lezearen inguruan elkartu zen jendea.

Otsaportilloko ekitaldian 200 bat pertsona elkartu ziren igandean. Ez ahazteagatik familiei eskerrak eman eta memoria tokien garrantzia azpimarratu zuten. Hainbat udal hautetsi eta Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde Iglesias izan ziren besteak beste. 

Ibarreko udalek 1936ko estatu kolpearen ondorioz errepresioa pairatu zutenak oroitzeko eta omentzeko ekitaldia antolatzen dute urtero. Aurten Arbizuko Udala arduratu zen antolakuntzaz, eta haren izenean Francisco Javier Razkin Flores alkateak eta Aizaga Zeberio Petriati zinegotziak hartu zuten hitza.  Lehenik eta behin, aitortu egin zituzten historia mugimenduaren bihotz eta arima diren errepresaliatuen senideak. 

Udal ordezkariek nabarmendu zutenez, ″gizarte presioak eta herritarrek mugiarazi dituzte instituzioak historia memoria arloko legeak onar ditzaten. Horri esker legeztatu eta garatu dira hilobiak aurkitzeko lanak, azterketak, indusketak…″ Horregatik, ekitaldia baliatu zuten errepresaliatutakoen familiei eskerrak emateko, ″ahazteari uko ez egiteagatik, bazekitelako ahaztea esperantza galtzea zela, noizbait egia jakiteko eta beraien gertukoendako justizia eta erreparazioa lortzeko esperantza galtzea″. 

Ondorioak
Horri esker, ″1936an hasi eta hamarkada luzez iraun duen sufrimendua, erailketak, torturak, bazterketa… argitara ateratzen hasi dira pixkanaka″. Izan ere, ″urte luzeetan hildakoak eta haien familiak oroimen ofizialetik ezabatu dituzte, kontakizun bakarra ezartzeko asmoz″. Memoria berreskuratzeko emakumezkoek izandako papera nabarmendu zuten, eta aurten zendu den Josefina Lamberto gogoan izan zuten. 

Udal ordezkariek aitortu zutenez, ″biktimen memoria isilarazia berreskuratzeko bide luzea dago egiteko oraindik; batez ere etorkizunari begira, transmisioak huts egin ez dezan. Bide horretan, ezinbestekoak dira Otsaportillo bezalako memoria tokiak″. Ziurtatu zutenez, ″gure presentziak eta parte hartze aktiboak sendotzen dute Otsaportilloren izaera ‘memoria toki’ gisa. Hemen, urtero, memoria etorkizun bihurtzen da″. 



Memoriala
Nafarroako Memoria Institutuko Historia Memoriako zuzendari Josemi Gaston Aguasek azaldu zuenez, Nafarroako atxiloketa guneen memorialaren sorrera sustatzen ari dira. ″Haien memoria jasoko da, baita ondoren etorri zen errepresioarena ere″ . Memorialean ″agerian jarriko da faxisten basakeria, Nafarroa gatibuen lurralde bihurtu zela. Eta han 1936ko estatu kolpearen ondoren eraildako pertsona guztiak oroitzeko aukera izanen da. Hausnarketa, memoriala erreferentzia eta bilgunea izatea nahi dugu, datozen belaunaldiek basakeria faxistaren, askatasuna eta identitatea defendatu beharraren inguruan hausnartu ahal izateko″, azaldu zuen Gastonek. 

Iruñean kokatuko da memoriala, han 17 atxiloketa gune izan zirelako 1936 eta 1945 artean. ″Errepublikaren balioak defendatzeagatik haietatik ia 20.000 pertsona pasa ziren. Asko etxera bueltatu ahal izan ziren, baina, asko, isilpean atera eta fusilatzera eraman zituzten, Iruñerrian eta Nafarroan barna (Valcaldera, Loiti, Ibero, Erreniega, Telleria, Etxauri…)″ argitu zuen. Memoriala Iruñeko Aralar eta Arrieta kaleen bidegurutzean egonen dela jakinarazi zuen Gastonek, ″zezen plazatik gertu, Ezkabako gotorlekuaren, Salestarren eta Eskolapioen eskolen parean, txakurtegiaren ondoan. Toki hori aukeratu dugu sei bat atxiloketa gune daudelako″. 

Lurra 
Nafarroako Memoria Institutuak eginen duen memorialean herrialdeko hobi eta memoria toki enblematikoetako lurra egotea nahi du, ″horrela, hartu zituen lurrarekin, erail zituztelako bueltatzerik izan ez zuten pertsonen itzulera sinbolizatu nahi dugu″. Horregatik, Gastonek igandean ontzi ireki bat utzi Jose Ramon Andaren eskulturaren ondoan. Lore eskaintza egin ondoren, makina bat izan ziren lur apur bat ontzian sartu zutenak. Lurrez betetako ontziak memorialaren parte izanen dira, ″horrela, memoriaren transmisioa ehunduko dute″. Otsaportilloko lurrak Sakanako beste hobiak ordezkatuko ditu memorialean.