Gazteek haien sormena erabiliz euskararekin lotutako istorioak kontatzea, hori da Arnasetik sormen lehiaketaren helburua. Udalerri euskaldunetako, arnasguneetako, 10 eta 16 urte bitarteko gazteek parte har dezakete lehiaketan. Lanak, bakarka, lagunartean edo ikaskideekin batera egin ditzakete, bakoitzaren nahiaren arabera.
Sormen lehiaketan adinaren arabera sailkatutako hiru maila daude, eta bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak dira. Udalerri euskaldun edo arnasgune gehienak herri txikiak dira eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagoetara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera. Egoera horretan daude LH 5. eta 6. mailako ikasleak. Horregatik, LHtik DBHra pasatzeak suposatzen dituen emozio, hizkuntza ohitura eta egoera berriak islatu behar dituzte haien sormen lanetan. Inspirazio bila dabilenarendako antolakuntzak laguntza eman dezakeen bideo bat sortu du. Horretarako edozein formatu erabil dezakete: marrazkia, bertsoa, poema, bideoa, abestia… Horiek pdf, MP3 edo MP4 formatuetan aurkez ditzakete.
Bestalde, DBH 1. eta 2. mailako ikasleek youtuber estiloan bideo-tutorial bat egin beharko dute. Horretan laguntzeko, Julen Portilloren bideo bat eredu gisa izanen dute.
Azkenik, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek Hiru Damatxok ekoiztutako bideoan agertzen diren galderei erantzuten dion bideoa sortu beharko dute, elkarrizketa irudikatuko duen formatu batean.
Horretarako, parte hartu nahi dutenek, lehenik, bideoa deskargatu beharko dute. Ondoren, bideoan utzitako tarteetan erantzuna txertatu beharko dituzte. Bideoa editatu eta bukatutakoan, wetransfer edo halako Interneteko bidalketa tresnen bidez bidali beharko da arnasagara@gmail.com e-posta helbidera. Mezuan zehaztu beharko dira lanaren izenburua, taldeko parte hartzaileen izenak eta kontakturako telefono bat. Artxiboek 2GB baino gutxiagoko tamaina izan beharko dute. Bidalketa egin ondoren, antolakuntzaren webguneko formularioa bete beharko dute parte hartzaileek
Sariak
Maila bakoitzean sari bat eta publikoaren saria banatuko dira. Bakoitza 500 euroko sari baliokide bat izan da. 500 euroko sari baliokide bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.
Arnasa Gara
Ekimena Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Horregatik, Arnasetik lehiaketa udalerri euskaldunetako ikasleei zuzendua dago.