Astekaria

″Ikasten duenarendako euskara ekarpen pertsonal handia da″

Guaixe 2022ko ira. 13a, 08:43

Izaskun Errazkin Beltza euskara teknikaria.

Aurreko asteko Altsasuko azokan euskara ikastera animatzeko Pantxika Lamur clowna kalera atera zen. Harekin batera Izaskun Errazkin Beltza Sakanako Mankomunitateko euskara teknikaria eta AEKko kideak aritu ziren informazioa helarazten. 

Pantxika Lamur clownak berezko duen nortasunarekin hainbat harreman egin zituen Altsasuko azokan herenegun. Aldamenean, laguntzen, AEK-ko kideak eta  Izaskun Errazkin Beltza Sakanako Mankomunitateko euskara teknikari bat izan zituen.

Zertan aritu zarete azokan?
Joan zen urtean egin genuen bezala, aurten ere euskalduntze kanpainaren barnean, nahi izan dugu euskaltegia eta Mank-eko euskara zerbitzua kalera ateratzea. Informatzeko, euskara ikasteko zer aukera dauden, zer dirulaguntza dauden eta dagoen aukera aniztasun horren berri emateko. 

Zergatik ikasi euskara?
Bertako hizkuntza delako. Eta hizkuntzaren normalizazio prozesu horren barnean gero eta euskaldun gehiago izatea garrantzitsua da. Gainera, ikasten duenarendako euskara ekarpen pertsonal handia da. Asko ematen du maila pertsonalean eta asko ematen du aukera bezala. Ez da bakarrik lanerako aukerak, jendea azaltzeko aukerak, euskaldunengana beste modu batera hurbiltzea. Haurren %80 D ereduan daukagu, euskaldunduko dira. Helduen artean euskalduntzeko koska bat dago oraindik ere, euskara ikasteko ahalegin hori garrantzitsua da.

Konbentzitu nauzu. Zer egin behar da euskara ikasteko?
Sakanan AEKren Itsasi euskaltegia dago. Altsasun dauka egoitza. Baina herrietan taldeak sortzen baldin badira, herrietara klase ematera joateko prest daude. Aurreko ikasturtean Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Olatzagutian izan ziren taldeak. Aurten eskaeraren arabera ikusiko da non eskainiko diren euskara ikasteko klaseak. 

Zer behar da herri batean AEKren talde bat sortzeko?
Gutxi gorabehera euskara maila berdina daukaten pertsonen taldetxo bat elkartzea litzateke kontua. Gutxienez 7 pertsona behar dira.  Ez da behar herri handia izatea. Arruazun orain dela urte batzuk, esaterako, udalak pixka bat bultzatuta elkartu zen hasiera mailako talde bat eta Arruazun, herri txiki batean, taldea sortu zen. Beraz, behar den hori: taldetxo bat, gutxi gorabehera maila antzekoa duena, talde berean joateko denak. Batzuetan guraso talde bat sortu da. Euskara ikasteko kezka hori daukanak, taldea osatzeko kale lan hori egiten badu, beste batzuk animatu, askotan horrela sortzen dira taldeak. 

Euskara ikasteko izena eman behar dut, baina informazio gehiago nahi badut, nora jo behar dut? 
Bi aukera daude. Bertan ikasi nahi duenak AEK-ra jo dezake eta han esanen diote zer talde aurreikusten dituzten. Sortuta dauden talde horietaz aparte, beti daude prest herri berrietara joateko. emateko. Batzuetan ordutegiengatik, kanpoan lanean ikasten edo lanean ari direlako edo beste arazoengatik, nahi izaten dute beste euskaltegi batzuen informazioa. Kasu horretan Mank-eko Euskara Zerbitzura ere jo dezake, eta ematen diegu beste euskaltegi batzuei buruzko informazioa. Gainera, kasu batean eta bestean, dirulaguntzen informazioa ere ematen diegu. 

Zeren ikastaroetan izena emateak prezioa dauka. 
Matrikula ordaindu egin behar da, baina gero dirulaguntza handiak daude. Euskarabideak, Nafarroako Gobernuak ematen dituen dirulaguntzak, Mank-ek ere ematen ditu. Eta akaso batzuetan udalek ere lagundu egiten dute. Azkenean matrikularen %80-edo bueltan jasotzen dute ikasleak. Ez da garesti ateratzen. Dirulaguntza jasota ikasleak 60 eta 80 euro arteko matrikulak ordaintzen ari dira. Ematen duen guztiarendako, oso merke da. 

Zalantza duenak nora hots egin dezake? 
Mank-en Euskara Zerbitzuaren telefonoa da 948 464 840. Eta AEK-ko euskaltegiarena, berriz, 948 468 258. Goizez, batean nola bestean jendea dago informazioa emateko prest.