Futbola

Futbol ikuskizuna hastera doa

Guaixe 2022ko ira. 9a, 11:42

Altsasu, Erregional mailatik Preferente mailako igoera ospatzen. ALTSASU K.E.

Etxarri Aranatzek, Lagun Arteak eta Altsasuk asteburuan ekingo diote Preferente mailako 2022/2023 denboraldiari

Asteburu honetan hasiko dute denboraldia Nafarroako Futbol Federazioak antolatutako txapelketetan lehiatuko diren talde askok. Preferente mailako 2022/2023 denboraldia asteburuan hasiko da martxan, eta baita jubenil mailako Liga Nazionaleko liga. Erregional mailako denboraldiari irailaren hirugarren asteburuan ekingo zaio, irailaren 17an eta 18an, eta astebete beranduago, irailaren 24an eta 25ean Emakumezkoen Preferente maila hasiko da. 

Hiru talde sakandarrak batera
Talde sakandarrak abuztuan hasi ziren entrenatzen. Aurre denboraldiko lagunarteko partidak ere jokatu izan dituzte, eta denboraldi berriari ekiteko prest eta gogotsu daude. Aspaldiko partez, Sakanako hiru futbol taldeek bat egingo dute txapelketa berberean, Preferente mailan hain zuzen ere. Joan zen denboraldian Etxarri Aranatzek Preferentean jokatu zuen eta mailari eustea lortu zuen, Lehen Maila Autonomikoan zebilen Lakuntzako Lagun Artea mailaz jaitsi zen, eta Erregional mailan zebilen Altsasuk mailaz igotzea lortu zuen, 30 urteren ondoren Preferentera bueltatuz. Talde sakandarren arteko aspaldiko derbiak itzuli dira, futbolzale sakandarren gozamenerako.

Zelai Berri, Dantzaleku eta Ardiskil
Preferentean bi multzo daude eta talde sakandarrek lehen multzoan jokatuko dute, beste hamabost talderekin batera: Beti Casedano, Itaroa Huarte B, Ilunberri, Egües B, Arrotxapea, Doneztebe, Universidad de Navarra, Beriain, Aurrera, Soto-Ibarbaso, Burladés, Amigó, Lezkairu, Aibarés eta Salesianos. Talde sakandarrek larunbatean ekingo diote denboraldiari. Lagun Arteak Iruñeko Amigo taldea hartuko du, Zelai Berrin, 17:00etan. Altsasuk maila berria Dantzalekun mustuko du, 17:30ean, Aibarés taldearen kontra. Bukatzeko, Leitzako Ardiskilen jokatuko du Etxarri Aranatzek, 18:00etan, Aurreraren kontra. 

Gainontzeko mailak
Preferente mailako taldeaz gain, Altsasuk beste talde bat izango du Erregional mailako laugarren multzoan. Datorren asteburuan ekingo diote denboraldiari, Lekunberriko Beti Kozkor B taldearen kontra. Jubenilei dagokienez, joan zen denboraldian Jubenilen Liga Nazionalari eutsi zion Altsasuk, eta aurten ere bertan jarraituko du. Larunbatean hasiko dute denboraldia, Tafallan, Peña Sporten kontra. Bestalde, Jubenilen Bigarren mailan lehiatuko da Altsasuko beste jubenilen taldea eta Lagun Arteakoa. Emakumezkoetan, Altsasuk aurten mustuko den Emakumezkoen Preferente mailan jokatuko du. Eta honi guztiari kadeteetan, infantiletan, kimuetan eta bestelako kategorietan lehiatuko diren talde sakandarrak gehitu behar zaizkio.