Futbola

Altsasuk irabaziz eta Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek galduz hasi da Preferente maila

Guaixe 2022ko ira. 13a, 12:25

Etxarri Aranatz.

Preferente Mailan lehen jardunaldia jokatu da

Asteburuan hasi da Preferente mailako 2022/2023 denboraldia eta, aspaldiko partez, 30 urte gutxienez, talde sakandarrek maila berean jokatu dute. 

Lehen Maila Autonomikotik jaitsi den Lakuntzako Lagun Arteak Amigo taldea hartu zuen Zelai Berrin. Talde oso gaztea du aurten Lagun Arteak, aurpegi berri askorekin, Santiago Suarez entrenazailea, hain zuzen ere, eta nabaritu zen. Partida lehiatua izan zen, baina bi zorigaiztoko jokaldietan 0 eta 2 aurreratu zen Amigo. 84. minutuan Unai Zubiriak sartutako golarekin 1 eta 2 gerturatu zen Lagun Artea, baina ez zen gehiagorako denborarik egon eta bi puntuak Iruñera joan ziren. 

Dantzalekun, maila berria ezin hobe mustu zuen Altsasuk, 1 eta 0 hartu baitzuen mendean Aibares taldea. Xabier Aiestaranek 10. minutuan aurreratu zuen Altsasu, eta gorritxoek abantaila ongi mantentzen jakin zuten. 

Bukatzeko, Etxarri Aranatz Leitzatik punturik gabe itzuli zen eta jipoi ederra jasota, Aurrerak 4 eta 1 hartu baitzuen mendean talde sakandarra. Aurrera aurreratu zen eta Xabat Goikoetxeak, penaltiz, bana berdindu zuen, baina bigarren zatitik aurrera Leitzako taldeak hartu zuen aginte makila eta azken txanpan sartutako hiru golei esker garaipen ederra lortu zuen. 

Sailkapenean, Aurrera da liderra (3 puntu), Altsasu zortzigarren (3 puntu), Lagun Artea hamaikagarren eta Etxarri Aranatz hamazazpigarren, punturik gabe. Datorren asteburuan, Altsasuk Amigo izango du aurkari Amigo ikastetxean, Beriainen kontra jokatuko du Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek Beti Casedano hartuko du San Donato zelaian. 

Jubenilen Liga Nazionalean, Altsasuk irabazi
Asteburuan ere Jubenilen Mailako Liga Nazionala hasi zen. Altsasuk Tafallan ekin zion denboraldiari, eta 0 eta 2 irabazi zion Peña Sport taldeari, Asier San Romanek eta Igor Barriolak sartutako golekin. Sailkapenean bosgarren da Altsasu (3 puntu) eta datorren partidan Txantrea izango du aurkari Dantzalekun.