Txirrindularitza

Laugarren postuak sakandarrendako

Guaixe 2022ko ira. 14a, 10:25
Iker Mintegi Baranbioko Andra Mari Txiki Sarian. LABORAL KUTXA

Iker Mintegi laugarren sailkatu zen afizionatuen Baranbioko Andra Mari Txiki Sarian, Adrian Martinez juniorra laugarren izan zen Lukinen eta Mikel Uncilla laugarren Tafallan

Sakandarrek hiru laugarren postu lortu dituzte asteburuan. Batetik, larunbatean afizionatuen mailako Andra Mari Txiki Saria jokatu zen Baranbion, Lehendakari Txapelketarako baliagarria. Lasterketa borrokatuan Lizarte taldeko bi txirrindulari iritsi ziren batera helmugara, eta azkarrena Dylan Jimenez izan zen, Pablo Castrilloren aurretik. Hirugarren Rural Kutxa-Aleako Samuel Fernandez izan zen, eta laugarren Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarra. 

Juniorrak eta kadeteak
Bestalde, juniorrrek eta kadeteek bi lasterketa izan zituzten asteburuan. Larunbatean XLIX. Lukingo Udala Saria jokatu zen (82 km), erasoa jo eta helmugara bakarrik helduta Tot Net Terrassa taldeko Pau Rodriguezek maisuki irabazi zuena (1:58:03). Tropela minutu batera sartu zen, Sakana Group-Aralar taldeko Adrian Martinez laugarren, Quesos Albeniz-Burundako Ander Villalobos seigarren eta Sakana Groupeko Aimar Tadeo bederatzigarren zirela. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Asier Etxeberria (Quesos Albeniz) 14. sailkatu zen, Aritz Oiarbide (Sakana Group) 27., Manex Zufiaurre (Sakana Group) 32. eta Iker Agudelo (Quesos Albeniz) 34. 

Eta, igandean, XVII. Suministros Urvaca Trofeoa jokatu zen Tafallan (100 km), Vizcay Hermanos Construcciones taldeko Raul Ostizek irabazi zuena (2:18:57), helmugara bakarrik heldu eta gero. Sakana Group-Aralar taldeko Mikel Uncilla laugarren sartu zen, 1:10era. Gainontzeko sakandarren kasuan, Iker Agudelo 18. iritsi zen, Aimar Tadeo 19., Adrian Martinez 21., Asier Etxeberria 26., Alex Lopetegi 29. eta Manex Zufiaurre 36.