Astekaria

Donejakue bidea ezagutarazten

Guaixe 2022ko ira. 20a, 09:31

Bigarren ibilaldiko parte hartzaileak Bakaikurako bidean. SAKANAKO GARAPEN AGENTZIA

Ibilbidea bera eta hari buruzko ezaugarriak ezagutzera ematen ari dira.

Ibarra ekialdetik mendebaldera zeharkatzen zuen Donejakue bideak garai batean. Sakanako Garapen Agentzia (SGA), Sakanako Plan Estrategikoaren baitan, ibilbidea berreskuratzeko lanean ari da. Horretarako, trazadura berri bat zehaztu dute, beti ere, garai bateko ibilbide historikoa errespetatuz, Sakanako herriak lotuz eta Donejakue Bideak gure bailaran dituen toki nagusiak balioetsiz. Hori egin bitartean, SGAk sakandarren artean ere ezagutarazi nahi du. Horregatik, zikloa antolatu du, hiru txandetan garatuko dena: hiruna hitzaldi eta hiruna etapa izanen ditu. Donejakue Bidearen Lagunen elkartearen laguntzarekin ari dira guztia antolatzen. 

Aurreneko txandan, Zamartzen eta Aralarko santutegi inguruan arkeologia indusketa kanpainak zuzendu zituen Fran Valle de Tarazaga izan zen hizlari. Mundu jakobeora trantsizioa izenburuko hitzaldia eskaini zuen Zamartzen. Bidearen ibilbideez eta opatutako arkeologia aztarnez hizketatu zen 50 bat pertsonaren aurrean. Agorrilaren 6an egin zuten Sakanako Donejakue bidea ezagutzeko aurreneko etapa. Irurtzun eta Zamartze arteko bidea egin zuten oinezkoek. Bidean geldialdia egin zuten Itxasperriko ermita erromanikoa ezagutzeko. Helmugako eraikinari buruzko argibideak jaso zituzten ibiltariek ere. 

Bigarren txanda iraileko bigarren asteburuan izan zen. Alfonso Garziandia Goñi apaiz etxarriarrak Santiago apostoluaren hilobia izenburuko hitzaldia eman zuen Iturmendiko udaletxean irailaren 9an. Hogei bat pertsonari eman zizkien azalpenak. Hilaren 10eko goizean, berriz, Sakanako Donejakue bidea bertatik bertara ezagutzeko bigarren etapa egin zen. Ibiltariak bideari ekin aurretik, Aralarko santutegiko kaperau Mikel Garziandia Goñik Zamartzeri buruzko eta hango elizari buruzko argibideak eman zizkien oinezkoen taldeari. 20 bat pasa ibiltarik egin zuten Zamartze eta Bakaikuko Santiago ermitaren artean. 

Donejakue bidea ezagutarazteko zikloa hirugarren txanda batekin osatuko da. Burunda zeharkatuko dute oinez eta bideari buruzko beste hitzaldi bat programatuko dute antolatzaileek. Oraindik datak zehazteko daude, baina garaiz jakinaraziko dituztela azaldu dute.