Musika eskolendako 121.775,33 euro

Guaixe 2022ko ira. 19a, 09:00
Etxarri Aranazko musika eskolako ikasleen emanaldia. ARTXIBOA

Bost udal musika eskolen aurrekontua udalen, Nafarroako Gobernuaren eta ikasleen ekarpenekin osatzen da. Gobernuak banatu dituen hiru miloi euroren %4,05 jaso dute ibarreko ikastetxeek.

Nafarroako 46 udal musika eskolekin batera, Irurtzun, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutiko musika eskolek Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko dirulaguntza jaso dute. Gobernuak aurreko urteetako hiru milioi euroak banatu ditu, baina musika eskola bat gehiago dago onuradunen zerrendan. Udalek dirua bi ordainketetan jasoko dute eta hura udal musika ikastetxeen gastuak ordaintzera bideratuko dute. Berez, musika eskolen aurrekontuaren heren bana udalarena, Hezkuntza Departamentuarena eta ikasleena izan beharko luke. Baina gobernuak ez du dagokion zatia ordaintzen. 

Sakanako bost musika eskolek 887.834,16 euroko aurrekontua dute eta haren %13,72 jaso dute bakarrik. Beraz, udalen eta ikasleen bizkar gelditzen da musika eskolei eustea. Diru banaketa egiterakoan ere hainbat elementu sartzen dira baremazioan, besteak beste: ikasle kopurua, haien adina, ikasitakoa edota ikasturteko ikasgai kopurua. 

Udal musika eskolendako dirulaguntza
Udala Eskolaren urteko aurrekontua Dirulaguntza Dirulaguntza aurrekontuaren %
Irurtzun 149.797,95 32.571,84 21,74
Lakuntza 127.685,25 19.521,03 15,29
Etxarri Aranatz 169.230,60 33.298,04 19,68
Altsasu 399.738,36 31.979,23 8,00
Olatzagutia 41.382,00 4.405,19 10,65
Guztira 887.834,16 121.775,33 13,72

Hezkuntza Departamentuak dirulaguntzak hainbat irizpideren arabera banatzen ditu, esaterako: ikasle kopurua, adina, egindako espezialitatea edo 21-22 ikasturtean matrikulatutako irakasgaiak. Foru administrazioak emandako zenbatekoak ordaintzeko bi ordainketa egiten ditu urtero. Hezkuntza Departamentuak jakinarazi duenez, "bi ordainketa ebazpen berri emango dira, eta laster izapidetuko dira". Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, berak "udal musika eskoletan garatzen ari den zereginari laguntzea da, arautu gabeko musika irakaskuntzako ikastetxe horien funtzionamendu gastuak partzialki finantzatuz. Horrela, hobetu egiten dira ikasleak ikastetxe horietara sartzeko baldintza materialak".