Plazaola, nazioarteko lankidetzan segitzera

Guaixe 2022ko ira. 21a, 14:02
Itxiera jardunaldian hitza hartu zuten Mary McBride, Ruben Goñi Urrozk eta Aitor Larraza Carrera. NAFARROAKO GOBERNUA

Europako Atlantiko aldeko hamar eskualdek sustatu duten Trail Gazers programa aste honetan bukatu da. Teknologia eta esperientziak partekatu dituzte natura guneen eta bertako biztanleen ingurumen, ekonomia eta gizarte jasangarritasunerantz egiteko.

Hiru urteko elkarlanaren ondoren, Trail Gazers proiektuko hamar eskualdeetako ordezkariak hura despeditzeko elkartu ziren Larraungo udaletxean herenegun eta atzo. Donegal County Council (Irlanda), Viana do Castelo udalerria (Portugal), Merthyr Tydfil County Borough Council (Erresuma Batua), Natura Babesteko Zuzendaritza Nagusia (Kanarietako Gobernua), Glasgow Caledonian University (Erresuma Batua) eta Nafarroa (Nafarroako Gobernua, Lursarea, Basque Tour eta Plazaola turismo partzuergoa) izan dira egitasmoko bazkideak. Bukaerako jardunaldian bazkide bakoitzak bere proiektuaren helburuak eta ondorioak azaldu zituen. Azken horiek guztiendako baliagarriak direla azaldu du Plazaola turismo partzuergoko presidente Aitor Larraza Carrerak. "Egitasmoa bukatu da, baina etorkizunean elkarlanean segitzeko asmoa dugu", argitu du. 

Larrazak azaldu duenez, "bide berde edo natur bideak moduko egitura estatikoei dinamismoa nola eman aztertu dugu proiektuan. Horrekin batera, bide horiek tokiko ekonomian eragina izatea bilatu da. Ez dadila izan bakarrik turismoagatik etorritako pertsonendako zerbait, bertan bizi garenondako onura izan dezala". Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia Ruben Goñi Urrozek azpimarratu du horrelako proiektu pilotuak oso garrantzitsuak direla Nafarroako hainbat natur gunetarako, bereziki Nafarroa Ezagutu Sarean daudenendako. 


Eskuinetik ezkerrera: Gorka Azpiroz (Lekunberriko alkatea); Edurne Noriega ( Plazaola turismo patruegokoa); Mary McBride, (Trail Gazers proiektuko koordinatzailea, Donegal County Councilekoa); Mikel Huarte (Larraungo alkatea); Carlos Garea (Atlantiar Arkuko Joint Secretariat); Aitor Larraza (Plazaola turismo patzuergoko presidentea); Ruben Goñi (Nafarroako Gobernuko Estrategia Proiektuetako Zuzendari Nagusia) eta Xabier Velasco,(Nasuvinsa-Lursarea).

Proiektuak 
Europako proiektu horrek 2,5 milioi euroko aurrekontua izan du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatuta, eta Nafarroan Nasuvinsaren ekarpenarekin. Egitasmo horren barruan eskualde bakoitzak bere bideari buruzko proiektuak egin ditu Plazaolako bide berdeari dagokionez, Larrazak azaldu du hainbat lan egin direla. Alde batetik, Plazaolako bide berde guztiaren 360 graduko bideo grabazioa egin dute. "Hura Google Street View dago ikusgai. Jendeak pantaila bidez ibilbidea ezagutzeko aukera du. Jendea erakartzeko modu bat da, gustuko badu bertara etorri daiteke. Hori sustatzeko ibilbidean ikono diren dozena bat punturen berri ere ematen da". Bestetik, bidearen sustatzailek haren kudeaketa hobe egiteko, barne erabilerarako GIS tresna sortu dute. Haren osagarria da telefono mugikorrendako sortu duten aplikazioa. Haren bidez, bidean barna sarri ibiltzen direnek arduradunei intzidentzien berri emateko aukera dute. 

Horretaz aparte, "bidearen Historia eta bere inguruan dagoen ondarearen berri emateko bideotxoak egin dira. Horiek bide berdea ezagutzera emateko erabiliko dira", argitu du Larrazak. Aldi berean, Plazaolaren inguruan dauden ekimen pribatuko eragileekin ere lanketa egin dute. Azkenik, Plazaolako bide berdean hiru kontagailu jarri dituzte. "Haien bidez badakigu zenbat jende pasatzen den, noiz eta nola. Datu horiek eskutan badakigu bidearen zein erabilera egiten den, eta egindako inbertsioaren itzulera zenbatekoa den ikertu dezakegu", azaldu du partzuergoko arduradunak. 

Itxiera jardunaldian entzundakoagatik Plazaola bide berdea "ongi kokatua" dagoela azaldu du Larrazak. Eta arreta sortu dion beste proiektu baten inguruan galdetuta Irlandako Donegalgoa aipatu du: "eskualdean egin dituzten jarduerak buru osasunarekin lotu dituzte. Kirolaren kultura bulkatu nahi izan dute eta, horrela, buru osasuna sustatu". Beste proiektu batzuk turismoari begira egin direla azaldu du, "baina guztiak interesgarriak izan dira", laburbildu du Larrazak. 

Plazaolaren egungo egoera
Gaur egun bide berdeak 68 km-ko luzera du. Baina hainbat zati ez daude erabilgarri. Izan ere, joan den urteko abenduko eta aurtengo ilbeltzeko euriteek ibilbidearen hainbat zati hondatu eta kalte handiak sortu zituen. Larrazak azaldu duenez, "Nafarroako Gobernuak konponduko ditu zati horiek. Europako funtsekin finantzatuko du, baina Bruselak atzeratu egin du diru ematea. Hasiera batean garagartzaroan egitekoak ziren lanak. Orain badirudi udazkenean eginen dituztela". 

Bestetik, Plazaola bide berdearen ibilbidea ez dago guztiz osatuta. Sarasa eta Iruñea arteko ibilbidea egokitzea falta da. Partzuergoko presidenteak azaldu duenez, lanak egiteko lurrak desjabetu dituzte dagoeneko. "Baina konponketekin dagoen arazo bera dago. Europako funtsekin egin nahi dira lanak eta ez dira iristen. Dirua jasotzean hasiko dira", argitu du.  Larrazak jakinarazi duenez, "ibilbidearen zati horretan egin beharreko lanak zailtasun gutxikoak dira. Hiri zati tarte asko ditu eta seinaleztapen lanak egin beharko dira horietan. Ez da obra luzea izanen".