Nafarroako politikarien hizketa gaia izan da Abiadura Handiko Trena (AHT) agorrilean. Alderdiek beraien iritziak plazaratu zituzten. Eta jarrerak berretsi zituzten Nafarroako Parlamentuko egoitzan joan den hilaren 8an. EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen AHT proiektuaren moratoria eta proiektua birpentsatzeko eskatu zuen. Navarra Sumak eta Geroa Baik Nafarroako eta EAEko korridoreak Ezkion bat egiteko eskaera berretsi zuten. PSN ere AHT egitasmoaren alde agertu zen, baina EAEko lotura non egin zehaztu gabe. Bitartean, Nafarroako AHT Gelditu! Elkarlanak salatu zuenez, agintari eta zenbait alderdiri "ez egitearen alternatiba burutik ere ez zaie pasatu. AHTaren lanekin jarraitzea arduragabea eta etikoki gaitzesgarria izateaz gain, kriminala ere bada".
Iritzi truke horren ondoren, hilaren 14an jakin zen Nafarroako eta Espainiako Gobernuak akordioa itxi zutela. Alderdi sozialistako bi kide dira adostasun horren erantzule: Bernardo Ziriza Perez Lurralde Kohesio kontseilaria eta Raquel Sanchez Jimenez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroa.
Adostutakoa
Perezek eta Sanchezek Madrilen egindako bileran erabaki zuten "Prestazio Altuko Trenaren planifikazioan eta obren gauzatzean aurrera egitea Iruñerriaren eta Altsasu inguruaren artean". Biek jakinarazi zutenez, "trenbidearen tarte hori euskal Yrekin azken loturaz aparte, independenteki tramitatuko da. Beraz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Zuasti-Altsasu trenbide zatia tramitatzen jarraitu ahal izango du, informazio azterlana jendaurrean jartzeko egokituz eta, ondoren, dagokion eraikuntza proiektua idazteko lizitazioa eginez". Kontseilariak eta ministroak argitu zutenez, akordioaren atzean bi administrazioen arteko hilabeteetako lana dago. Biek azpimarratu zutenez, "hartutako erabakiari esker, Castejon eta Altsasu arteko abiadura handia behin-behinean martxan jarriko da, Euskal Y-aren azken konexioa edozein izanda ere". Izan ere, adostutako zatian "trazadura bera da Gasteizko eta Ezkioko alternatibetarako". Bi puntu horietako batean lotuko litzateke Nafarroako korridorea EAEkoarekin. Bata edo bestea eginen balitz, Sakanari eraginen lioke.
Hilaren 14an aurreratutakoaren arabera, trenbide berriak "Zabalgaña mendilerroa zeharkatuko luke 1,2 kilometroko luzera duen tunel baten bidez. Tunel horren irteeran, egungo Castejon-Altsasu trenbidea gurutzatuko luke. Ondoren, trazadurak zuzen eta bihurgune baten bidez Satrustegi mendilerroaren magala zeharkatuko luke, %2ko beheranzko aldaparekin, 1,8 kilometroko eta 390 metroko luzera luketen bi tunel; haien artean 260 metroko zubibide bat legoke. Trazadura hego-ekialdetik ipar-ekialderako norabidean joanen litzateke, bihurgune baten bidez, eta, ondoren, beheranzko hainbat malda luke. Tarte horretan, 450 metroko luzera eta 34 metroko altuera izango lukeen zubibide bat proiektatuko da Arakil ibaiaren gainean, baita 350 metroko tunel bat ere Urritzolaren aurrean.
Ikerketa premia
Zirizak herenegun bi trenbide korridoreak Gasteizen lotzearen alde egin zuen: "alternatiba ia osorik gainazalean doalako, geoteknikoki asko aztertutako eremu bat delako. Izan ere, korridore horren inguruan azpiegitura eta eraikin ugari daude (egungo trenbidea, autobiak eta abar). Horregatik, ezin da aurreikusi arazo geotekniko esanguratsurik. Baina, Ezkioko loturaren aukeran, daukagun arazo nagusia da ez dugula lur eremua ezagutzen", aitortu zuen.
Kontseilariak Belate eta Almandozeko tunelak eta Aralar konparatu zituen, mendi azpiko tunel batekin eginen bailitzateke Ezkioko konexioa. Zirizak esan zuenez, "Nafarroak 50 zundaketa baino gehiago egin ditu Belate eta Almandozeko tunelak bikoizteko. Tunel horiek 4 kilometroko luzera dute eta, gainera, aspaldidanik asko aztertutako lurretan daude. Baina Ezkioko alternatiba aztertzeko Aralarren 4 zundaketa baino ez dira egin, 55 kilometroko bi tunel igaroko diren eremu batean. Gainera, aurretik geologikoki aztertu gabea da".
Zirizak Aralarren egindako azken zundaketen sakontasunaren berri ere eman zuen: "gehienez 95 metroko sakonerara iritsi dira, Ezkioko aukerako etorkizuneko tunelak zorutik 200 metrora behera leudeke gutxi gorabehera". Jakinarazi zuenez, "Nafarroako Gobernuko Herri Lanetako talde teknikoak kezkatuta daude orain arte egindako ikerketa geologikoa ez delako nahikoa Ezkioko alternatiban".
Horregatik, Nafarroako Gobernuko talde teknikoen gomendioz, Bernardo Cirizak Ministerioari eskatu dio prospekzio geofisikoak eta zundaketa geoteknikoak egitea, eraikuntza mailan jaisteko, Ezkioko alternatibak dakarren ziurgabetasun maila handia argitu ahal izateko. Lan horiek urtebetera arte luza daitezke, herenegun Ministerioaren oniritzia jaso ondoren.
Lurralde Kohesiorako kontseilariak azpimarratu zuen Nafarroako Gobernuak bi aukeren informazio geotekniko, geologiko eta hidrogeologiko osoa behar duela. ″Garrantzi estrategiko hori duen proiektu bat berme eta ziurtasun tekniko guztiekin gauzatu behar da. Bestela, ez ginateke gai izango erabaki arduratsu edo posibilista bat hartzeko″, esan zuen.