Arakilen tokiko barietateak berreskuratzeko lanean ari dira, eta igandean herri bazkarian baba txikiak jan zituzten. Luis Beraza Ameztegi proiektuko kide eta koordinatzailea da.
Nola prestatzen dira baba txikiak?
Igandekoak Machain ostatuko sukaldariek prestatuko dituzte. Haiek astero, astearteetan, egiten dituzte. Feria egunerako oso plater ohikoa zen. Baserritarrak-eta gosaltzera, hitz egitera elkartzen zirenean askotan baba txikiak eskatzen zituzten. Plater hori prestatzea oso erraza da. Babarrun beltzak prestatzea bezala da. Norberak bere errezeta dauka, baina orokorrean, hau da: bezperan uretan biazten utzi; bigundu ondoren, denborarekin, sutan jarri ura, olioa, baratxuria, tipularekin. Oinarria hori da, baina bakoitzak nahi duena gehi dezake: birika, txerrikia edo gustuko duena. Hori bai, suabe-suabe egon behar dira egiten. Beharbada hiru ordu egon behar dira sutan. Hori baba txikiaren arabera da, eta biaztu arte.
Babarrun beltzekin bezala, hau bezperatik prestatzen bada, hobe?
Denetarik dago, baina, orokorrean iruditzen zait baietz. Salda nahiko loditzen da. Etxean egunean egindakoak jaten ditugu, baina hurrengo egunerako, askotan, pila loditzen da. Etxean, amak, hurrengo egunean baba txikiekin purea egiten zuen. Eta ogiarekin zopak labean egin. Hori etxean ohiko platera zen.
Zer zapore dute?
Lekaleak dira eta niri gustatzen zaizkit. Baina batzuendako zapore fuertea daukate. Agian ez dira oso gauza fina. Eta, beharbada, txikitatik jateko ohitura baduzu, errazago egiten zaizu. Probatzea da. Aukera baduzue, nik, behintzat, eskatuko nituzke. Zeren, normalean etxeetan ez dira ikusten, eta dendetan ezta ere. Batzuetan kostatzen da dendetan salgai opatzea.
Garai batean Arakilen landu ziren?
Bai. Arakilgo herrietan, Sakanako beste herrietan bezala, ohikoak ziren baratzetan. Lehen oso ohikoak ziren etxeetan, ohiko platera zen. Egunero jaten zen zerbait zen. Oso erraz ekoizten dira. Arakilen baratzetan zer landatzen zen aztertzen eta lehengo barietateak ote zeuden begira egon zirenean, Hiriberri Arakilgo etxe batean baba txikia opatu zuten, txuria eta beltza. Oso ale gutxi ziren. Aurten ekoizle pare batek beraien baratzetan izan dituzte. Jaso dute uzta eta heldu den urterako hazi gehiago izatea espero dugu, eta pixkanaka berreskuratzea Arakilgo barietate hori.
Txuriak eta beltzak esan duzu. Barietateak daude?
Bai. Beltza erabat beltza da, pikorra. Eta txuria beixa edo marroixka da.
Zapore aldetik aldea dago?
Nik ez ditut desberdintzen. Haragia-eta botatzen baduzu, zaporea, batez ere, beste osagaiengatik aldatzen da.
Nolako landarea da?
Neguko labore bat da. Normalean San Martin inguruan, azaroan, ereiten da. Ez dauka misterio handirik. Baratzean lasai asko egon daiteke elurteekin edo izotzarekin. Normalean ez da izorratzen eta oso indartsua da. Ilaretan ereiten da. Baba handiaren landarearen oso antzekoa da, pixka bat baxuagoa da. Zikloa egiten uzten da eta udaren hasieran-edo jasotzen da uzta, lehortzen denean.
Baba txikiak baratxuri artean.
Urteen arabera, Iruñerrian eta beste hainbat tokitan, sorotan ereiten dute, lurrak atseden pixka bat hartzeko. Garia eta garagarra ereiten den soroetan egoten da baba txikia. Ez dakit mota bera den, animalien elikadurarako izanen da. Babak nitrogenoa lurrean finkatzen du. Horregatik esaten da lurrak atseden hartzen duela.
Zaintza lan handiak eskatzen ditu?
Ez du ia ezer eskatzen. Gehienez, belarrak kendu behar dira, baina besterik ez. Ez dauka misteriorik. Oso indartsua da.
Kontserbaziorako, zer?
Komenigarria da izoztea egun pare bat. Zeren askotan baratza edo soroetatik harrekin heldu dira. Egun pare bat izoztuz gero, gordetzeko ohiko tokira atera, eta ez dago harrak izateko arriskurik.
Merkatua dute baba txikiek?
Nik uste dut baietz, nahiz eta plater eta lekale hau pixka bat ahaztuta izan. Azkenean, bistan dago oso osasuntsuak direla; energia asko daukate, proteinak eta oso interesgarriak dira gure dietarako berreskuratzea. Dendetan, pixkanaka, gehiago ikusten dira; merkatuetan, batez ere. Uste dut pixkanaka berreskuratuko dela. Inguruan galdetuz gero, norbaitek baratzean izanen ditu. Badakigu daudela Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen. Beste mota batekoak, baina ekoizleak badaude.