Abuztuko geldialdiaren ondoren bueltan dira atletismo probak eta mendi lasterketak. Asteburuan hitzordu bikoitza dago Sakanan, modalitate bakoitzetik proba bana erabakiko baita.
Ergoienako Bira, bueltan
Ergoienako Udalak Lasa Kirolaken laguntzarekin antolatutako XVI. Ergoienako Bira larunbatean abiatuko da, 10:00etan, Lizarragako frontoi paretik. Ordu bat lehenago, 9:00etan hasiko da izena ematea. Lasterketa, aldi berean, Unanuko korrikalari handia zen Joxe Mari Merceroren 2. Saria izango da. Bukaeran auzatea izanen da eta sari ematea, trofeoak eta kattola ezagunak. Festak Ergoienako Eguneko herri bazkariarekin jarraituko du.
Ergoienako Bira 8,5 kilometroko lasterketa oso gorabeheratsua da. Lizarragatik abiatuko da proba, Unanura helduko da, handik Dorraoraino joko du, eta buelta hartuta Unanura sartuko da, Lizarragan despeditzeko. Maldak nonahi, erritmoa topatzea ia ezinezkoa da eta lasterketa zaila da.
Pandemiagatik azken bi urtetan ez da Ergoienako Birarik jokatu. Azken edizioa 2019koa izan zen, hain zuzen ere Joxe Mari Mercero zendu zen urtean, eta lasterketa haren aldeko omenaldia bilakatu zen. Horregatik, maila handiko korrikalariek hartu zuten parte eta Antonio Etxeberria (33:12) eta Izaskun Beunza (38:52) izan ziren irabazleak, ederki sufritu eta gero.
Uharte Arakilen, izen handiak
Beriainek erakartzen du, eta, horren isla, Aralar Mendi elkarteak XIII. Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalerako zehaztu zuen 200 partaideen topea bete egin da. Eskola paretik (471 m) abiatuko da proba, igandean, 10:00etan, eta Beriainera (1.494 m) iristea da erronka. 5 km-ko distantzian 1.023 metroko desnibel positiboa dago, ikusgarria.
Joan zen urtean Mikel Beunza (41:35) eta Maria Ordoñez (48:51) gailendu ziren. Ez zuten 2015ean Aitor Osak (39:54) eta 2019an Ainhoa Sanzek lortutako errekorra (47:54) gainditu, Ordoñezek oso gutxigatik. Aurten, errekorra gainditzen duenak 300 euroko saria jasoko du. Guztira, 28 korrikalari sakandarrek osatu zuten proba, eta Igor Arrieta uhartearra –bizikletan bezain ongi moldatzen da korrika– eta Marina Zabala lakuntzarra (1:02:11) izan ziren lehen sakandarrak.
Olazti eta Etxarri, ate joka
Uharte Arakilgo lasterketari bi urte ospatu gabe bueltan den XIV. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketak hartuko dio lekukoa, urriaren 1ean 10:30ean abiatuko dena (15,23 km eta 900 m desnibel +). Sutegik haurrendako lasterketak antolatuko ditu ere. Izena ematea zabalik dago Herrikrosa webgunean. Egun bat beranduago, urriaren 2an, Udaberri elkarteak antolatutako 47. Mendira Joan Etorria abiatuko da Etxarri Aranazko plazatik 11:00etan, Hartzabalgo Maiatzera igoko dena (10 km, 557 m desnibel +). Izena ematea Kronoak webgunean egin daiteke.
"Maria Ordoñez errekorra apurtzera etorriko da"
Juanjo Goikoetxea Berasategi Aralar Mendi elkartea
Partaidetza kopurua bete duzue.
Aurten ez nuen espero, proba askotan kosta egiten ari baita. Oso pozik gaude, horrek zerbait esan nahi duelako.
Zeintzuk izango dira faboritoak?
Joan zen urteko irabazleak, Mikel Beunza eta Maria Ordoñez, Iñigo Macias… Lehia egongo da, eta beti sorpresaren bat izaten da. Aurten 25 sakandar inguruk eman dute izena. Polita da bailarako proban bertako jendeak parte hartzea.
Zer dio eguraldi iragarpenak?
Ez dute euria iragartzen eta 24 graduko tenperatura aurreikusten dute, Beriainen 18-20 artekoa. Korrikalariendako, oso ona.
Errekorrak apurtuko al dira?
Gizonezkoetan zaila ikusten dut; emakumezkoetan egingarria. Maria Ordoñez erronka horrekin etorriko da.