Futbola

Jokoan zeuden bederatzi puntuetatik bi geratu dira Sakanan

Guaixe 2022ko ira. 19a, 12:15
Lagun Arteak Beriainen aurkeztutako hamaikakoa. JESUS AGUIRRE

Preferente maila. Bigarren jardunaldia: Amigo 1 – Altsasu 0 / Beriain 1 – Lagun Artea 1 / Etxarri Aranatz 1 – Beti Casedano 1

Asteburuan Preferente mailako bigarren jardunaldia jokatu da. 

Altsasuk Amigo taldearen kontra jokatu zuen larunbatean Iruñean, eta 10. minuturako Eneko Errastik Amigo taldea aurreratu zuen. Altsasu partida berdintzen saiatu zen, baina ezinezkoa izan zen, markagailua ez baitzen gehiago mugitu, eta hiru puntuak Amigo ikastetxeak bildu zituen. 

Lagun Arteak, aldiz, Beriaindik puntu bat ekartzea lortu zuen Beriainen kontra bana berdindu eta gero. Beriain aurreratu zen, 10. minutuan Juan Jose Feligrerasek sartutako golari esker, baina 21. minutuan lakuntzarrek berdintzea lortu zuten, Maurice Gomisek sartutako golari esker. Hortik aurrera partida apurtzen saiatu ziren bi taldeak, baina ez zuten lortu, eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Eta berbera gertatu zen San Donato futbol zelaian Etxarri Aranatzek eta Beti Casedanok jokatu zuten partidan. Kasu honetan etxarriarrak aurreratu ziren, partida hasi eta berehala, 3. minutuan Mattin Altzelaik sartutako golari esker. Etxarriarrak abantaila horrekin joan ziren atsedenaldira eta bigarren zatian ere horrela hasi ziren, baina ez zuten partida behar bezala itxi eta 74. minutuan Beti Casedanoko Xabier Cubillok berdintzea lortu zuen. Bi taldeak kontrako atea zulatzen saiatu ziren, baina ezinezkoa izan zen eta banako berdinketarekin despeditu zen partida. 

Universidad de Navarra da Preferente mailako liderra (6 puntu). Altsasu zortzigarren da (3 puntu), Lagun Artea hamalaugarren (puntu 1) eta Etxarri Aranatz hamaseigarren (puntu 1). Datorren jardunaldian Beriainen kontra ariko da Altsasu, Beriainen, Lagun Arteak Salesianos taldea hartuko du Zelai Berrin eta Ilunberri izango du aurkari Etxarri Aranatzek, Ilunberrin.