Pilota

Martija edo Zabaleta, sanmateotako finala jokoan

Guaixe 2022ko ira. 22a, 10:19
Zabaleta eta Martija aurreko partida batean. GORKA ESTRADA

Gaur Martija eta Zabaleta elkarren kontra ariko dira Adarragan. Ezkurdia eta Rezustak torneoan aurrera egiteko aukera dute oraindik

Sanmateotako Binakako Pilota Torneoko A multzoko partida erabakigarria hartuko du gaur, osteguna, Adarragak. Altuna III.ak eta Martijak Dario eta Zabaleta izango dituzte aurkari. Bi bikoek Urrutikoetxearen eta Imazen kontrako partidak irabazi dituzte, eta, hortaz, Baikoko bikoa torneotik kanpo geratu da. Beraz, gaur Adarragan gailentzen den bikoak jokatuko du igandeko final handia. 

Ikusmina handia da, lau pilotariak une gozoan iritsi direlako Sanmateotara, finalean egoteko gogotsu. Bi atzelari arakildar handien arteko lehia espero da atzeko koadroetan, eta zaleak alde izango dituen Darioren eta Altunaren arteko borroka frontisean. 

Ezkurdia-Rezustaren garaipena
B multzoan, atzo, asteazkena, Ezkurdiak eta Rezustak Peña II.a eta Albisu izan zituzten aurkari Logroñoko Sanmateotako Torneoan. Ezkurdia eta Rezusta torneoko lehen partida galtzetik zetozen, Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra, eta bizirik jarraitzeko irabaztea, ez zuten besterik. Peña II.arendako eta Albisurendako, aldiz, lehen partida zen. 

Paretsu hasi ziren bi bikoak, baina Peñak egindako akats baten ondoren Ezkurdiaren erremate festa hasi zen eta 12 eta 8ko aldearekin joan ziren lehen atsedenaldira. Peñak eta Albisuk ongi jokatu zuten, baina akats dezente egin zituzten eta, azkenean, Ezkurdiak eta Rezustak euren lehen puntu baliatsua lortu zuten, 22 eta 16 irabazita. 

Sanmateotako Torneoko B multzoan berdintasuna da nagusi, hiru bikoteek puntu bana dutelako. Finalerdietako ligaxka despeditzeko soilik partida bat falta da, ostiralean Jaka-Mariezkurrenak Peña II.a-Albisuren kontra jokatuko dutena. Jakak eta Mariezkurrenak irabazten badute, final handirako sailkatuko dira, eta Peña II.a eta Albisuk irabaziz gero, jokatutako partiden tanteoak edo tantoaverageak erabakiko du.