Ariane Paniagua eta Patxi Rabaz

"Ikasketetan aurrera egitean satisfazio handia eta harrotasuna sentitzen dut"

Alfredo Alvaro Igoa 2022ko ira. 28a, 11:57

Helduek euskara ikasteko ikastaroak berehala hasiko dira Sakanako AEK-n. Izen ematea zabalik dago, baina lan hori aurreratuta dute dagoeneko Ariane Paniagua Prietok eta Patxi Rabaz Irañetak

1. Majo ari zarete hizketan, oraindik euskara ikasi beharra duzue?
Ariane. Niretako oso garrantzitsua da, seme-alabekin hitz egiteko. Horregatik, nik jendea animatzen dut. Baliotsua da. 
Patxi. Nik gauza bera, bera bezala. Azkenean, eredutzat gaituzte eta, hori dela eta, ezinbestekoa da eredu onuragarria ematea.

2. Jendeak askotan pentsatzen du euskaltegian izena ematen dutela bakarrik ez dakitenek. Zuen kasuan nola izan zen?
A. Ni ezer jakin gabe hasi nintzen. Eta, orain, pila aurreratu dut. 
P. Gauza bera. Hasieran tutik ere ez nekien. Baina urteak pasatu ahala, gutxi gorabehera, hobetu egin dut. 

3. Zer sentitzen da pausoak aurrera ematean?
P. Hasieran gogoz hasten zara. Bat-batean zerotik zerbait ikastera, mundu berri bat irekitzen zaizu. Ondoren, erdigunean, zalantzak sortzen dira: nora helduko naiz? Hau non bukatuko da? Zer aurrerapauso gehiago eman behar ditut? Eta abar. Bukaera ikustean, gogo edo asmo berriak sartzen zaizkizu eta, atzera ere, ilusioz hartzen duzu. 
A. Niretako satisfazio handia eta harrotasuna daukat. Hasieran ez nuen tutik ulertzen. Orain Guaixe irakurtzen dut, edo bilera bat daukat eta guzti-guztia ulertzea, hori niretako ikaragarria da.

4. Ikasturte honetarako zer helburu duzue?
A. Nik gramatika asko ikasi nahi dut. Eta, gainera, hobe hitz egin nahi dut. 
P. Nire helburu nagusia hitz egitea da. 

5. Non hartuko dituzue euskara klaseak?
A. Etxarri Aranatzen, herriko jendearekin, talde berdina gutxi gorabehera. Eta oso ongi. 
P. Ni mintzakide taldean parte hartuko dut Arbizun. Eta horretaz aparte beste gauzaren bat eginen dut. 

6. Euskara ikasteko ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak edo online ikastaroak daude. Zer egin duzue?
P. Denetik egin dut: trinkoa, estentsiboak… Joan den urtean egin nuen bai Maizpiden, bai AEKn. Horretan gabiltza. 
A. Joan den urtean B-1 titulua lortu nuen. Baina nik nahi dudan bakarra hitz egitea da. 

7. Hitz egiteko, praktikatzeko, euskaltegitik kanpo jendeak laguntzen dizue?
A. Zortea dut, Etxarri oso euskalduna da eta jendea laguntzen dizu pila bat. 
P. Arbizun gauza bera, moldatzen dira nirekin. Nirekin, oro har, batuaz hitz egiten dute; nahiz eta Arbizuko euskalkia erabiltzea eskatu. Nola edo hala, saiatzen ari naiz haiek nirekin euskalkian hitz egitea. Ni, ordea, oraindik ez naiz horrela hitz egiteko gai, baina bueno denbora pasa ahala…

8. Elkarrizketa ″elebidunak″, euskalkia-batua, batua euskalkia. Zuri ere gertatzen zaizu?
A. Ere. Nahasketa bat, eta oso polita. 

9. Patxi, zergatik eman duzu izena Mintzakiden?
P. Urte dezente daramatzat programa horretan. Oso egokia da. Eta, gainera, lehen aipatu dudan bezala, euskalkiak mintzatzen dira, lantzen dira. Eta oso garrantzitsuak dira. 
A. Beharbada aurten animatuko naiz. 

10. Euskara praktikatzeko, etxekoei, lagunei eskatu diezue?
P. Bai. Garai batean eskatzen hasi nintzen. Baina orain, nola edo hala, nire burua beti eskaintzen dut. Prest nago hitz egiteko. 
A. Nik hasieran bai. Orain beti saiatzen naiz herrian nire lehen hitza euskaraz esaten. Jada, natural ateratzen da.  

11. Euskaraldian bezala! Parte hartuko duzue? Edo pentsatzen zaudete?
A. Saiatzen ari naiz.
P. Parte hartuko dut, dudarik gabe. 

12. Euskara ikasteagatik ordaintzea, zer iruditzen zaizue?
P. ″Pagotxa, pagotxa hutsa″. Nafarroan gure hizkuntza izan eta gure hizkuntza lantzeko denbora eta dirua bilatu behar ditugu. Hori lotsagarria da. 
A. Euskara da gure hizkuntza eta gobernuak gehiago egin dezake gure hizkuntza ez galtzeko. 

13. Momentuz, Sakanako Mankomunitatearen dirulaguntzak daude. Eskatzen dituzue?
A. Bai, arazorik gabe. Oso ongi daukagu.
P. Gauza bera pentsatzen dut. 

14. Berehala hasiko da ikasturtea. Baina bukaeran nola ikusten dituzue zuen buruak?
A. Gogoz. Hitz egin nahi dut. 
P. Gauza bera. Alaba nagusia jaio zenetik nire txipa aldatu zen: nire proposamena zen euskara hitz egitea eta modu horretan jarraitzen dut.