Astekaria

Osasun eremuan bost mediku daude

Guaixe 2022ko ira. 26a, 13:29

Osasun publikoaren aldeko kontzentrazioa Altsasun. ARTXIBOA

Joan den astelehenean hasi zen bosgarren medikua. Osasun kontseilariak esan duenez, ″asistentzia estaldura finkatzen ari gara. Eta osasun taldeak beti bermatu du″. Lan taldearen lana goraipatu zuen eta ondoko osasun eskualdeetakoen laguntza ere. 

Burunda mendebaldeko Osasun Eremuan bost mediku daude hilaren 19az geroztik. Haietako batek lanaldiaren zati bat egiten du Ziordian astelehen, asteazken eta ostiraletan, gainontzekoan, Altsasun aritzen da. Hiru egun horietan Olatzagutian beste mediku bat egoten da, bestela Altsasun lan egiten du. Gainontzeko hiru sendagileak Altsasuko osasun etxean ari dira lanean. Azkena Osasunbideko martxara egokitzeko beste mediku batekin trebatzen egon da aste honetan. Hala ere, pasa den astean zehar ez ziren bostak lanean izan egunen batean.

Bestalde, eremuan dagoen mediku falta hizketa gai izan zen Nafarroako Parlamentuan hilaren 15ean. Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simon Caballerok azaldu zuenez, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko mediku falta luzatzen ari den egoera da. ″Egoera dramatikoa da. Eta herritarren artean desastre itxura orokortua sortu du. Egoera jasangaitza da eta osasun eremuko pertsonen osasunari eragiten dio. Badakit zer gertatu zen Lan Eskaintza Publikoarekin (bi plaza emateko daude). Ez dizut miraririk eskatuko, baina ekiteko eskatzen dizut″, esan zion de Simonek osasun kontseilariari. Horregatik, parlamentariak osasun kontseilariari galdetu zion noizko aurreikusten duten sei mediku plaza horiek betetzea. 

Santos Indurain Orduña kontseilariak ziurtatu zuenez, ″egoera bideratzeko eta osasun eremuan zerbitzuak finkatzeko sutsu ari dira lanean departamentuan, Lehen Arretako Gerentzia eta Nafarroa Iparraldeko zuzendaritzaordea″. Udalekin eta Osasun Kontseiluarekin elkarlanean ari direla gaineratu zuen. Parlamentuan azaldu zuen lau mediku zeudela eta astelehenean mediku berri bat hasi zela lanean. Eta sendagileak lortzeko hainbat bide lantzen ari direla azaldu zuen kontseilariak. 

Berme eske
E-Iko parlamentariak ″bermea″ eskatu zion ″hamabost egun barru osasun etxearen atean halako kartelik ez irakurtzeko: medikurik ez dagoelako larrialdiak edo atzeratu ezin diren kasuak besterik ez ditugu artatuko″. Kontseilariak azaldu zuenez, langileen oporrengatik edo bajengatik izan ziren halakoak udan. ″Larrialdiak beti hartzen dira. Larrialdiak ez direnak, baina beste egun baterako ezin direnak atzeratu, horiek bermatzen ziren. Medikuak egonen direla, ezin dugu bermatu. Ahalegin guztia artatzea bermatzean jartzen ari gara″, ziurtatu zuen Indurainek. Zailtasunak onartu eta lanean segitzeko konpromisoa adierazi zuen. 

Kontseilariak azaldu zuenez, Burunda mendebaldeko Osasun Eremuan ″erizaintza bi profesionalekin indartu dugu, zortzi daude″. Eta nabarmendu zuen erizainen gaitasuna eta haiek egin ditzaketen lanak. Haien lanaren balioa aitortu zuen. Adibide gisa jarri zuen gaixo kronikoen etxeetako zaintzan erizainek parte hartze handia dutela. Indurainek gaztigatu zuenez, harreran zazpi langile ari dira lanean.