Sarek mobilizazio eta jaialdian parte hartzera deitu du

Guaixe 2022ko ira. 28a, 10:02

Sareko kideak lastailaren 8ko mobilizazio eta jaialdiaren berri ematen. UTZITAKOA

Presoen urrunketaren akabera eta etxeratzeko bidearen hasiera islatu nahi du lastailaren 8an.

Dagoeneko ibarreko euskal preso guztiak Hego Euskal Herriko espetxeetan daude. Hiru hamarkada iraun duen urruntzearen akabera ospatzeko aldarrikapena eta festa uztartuko ditu Sarek Donostian lastailaren 8rako antolatu duen mobilizazio eta jaialdiarekin. Hitzorduak Etxerako bidea gertu leloa du, presoen geografia hurbiltasunagatik eta jendartea "gertu edo prest dagoelako bigarren faseari ekiteko: presoek etxerako bidea gauzatu ahal izatea". 

Presoak Euskal Herriratzea aldarrikatzeko Sarek garatu duen Izan bidea dinamikaren akabera izanen da ere. 11:00etan, Bulebarrean, azken km-ak ibiltzeko aukera izanen dute parte hartzaileek ordu batez. Hura despedituta Pio XIItik manifestazioa abiatuko da, Illunben despedituko dena. Han hasiko da festa. Zezen plaza barruan eta kanpoan bi gune egonen dira eta adin guztiendako egitaraua antolatu du haietan Sarek. Han sartzeko sarrerak beharko dira. Haiek www.sare.eus webgunearen bidez eskuratu daitezke. Kontzertuetara joanen direnengan pentsatzen, antolakuntzak Sakanatik abiatuko den autobusa antolatu du egun horretarako, 10:00etan aterako dena eta 02:00etan bueltatu. Autobus txartela nahi dutenek 688 646 147 telefonora hots egin edo mezua bidali behar du.