Eskolatik kanpo ere euskara garrantzitsua

Guaixe 2022ko ira. 28a, 14:02

Haurrak eta gurasoak Arbizuko plazan. ARTXIBOA

Ikastetxetik kanpo haurrek ematen duten tarte zabal horretarako 10 aholku praktiko ematen dituen dekalogoa ondu dute Nafarroako Euskara Zerbitzuek, Sakanakoa barne. Izan ere, haurrek eskolatik kanpo denboraren %85 ematen dute.

Gero eta koxkorragoak diren haurren bizitzan aisialdiak gero eta toki handiagoa hartzen doa: eskolaz kanpoko jarduerak, lagunarteko harremanak eta kultur kontsumoa areagotzea. Horregatik, "zinez da beharrezkoa gurasoek aisialdiari duen garrantzia ematea. Izan ere, denbora horretan haurrak ongi pasatzeaz gainera, bere sozializazio eremuak zabalduko eta bere nortasuna eraikitzen lagunduko dioten bizipen berriak bereganatuko ditu", nabarmendu dute Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariek. Azpimarratu dutenez, "aisialdiak haurren bizitza aberastuko du, baita euskara ikasteko eta erabiltzeko prozesua ere. Izan ere, hizkuntza ez da eskolan bakarrik ikasten, bizitzan ere ikasten da".

Teknikariek azaldu dutenez, "euskara ikasteko ikastetxeak funtsezkoa izaten jarraituko du, baina umeak han urteko esna orduen %15 baizik ez daude. Gainontzeko %85ean arreta jarri behar da". Haurrak eskolaz kanpo dauden tartean gurasoen egitekoa "giltzarri" dela nabarmendu eta galdetu dute: "ba al du euskarak presentzia aski zure seme-alaben bizitzetan, lagunartean, etxean, pantailetan, eskola orduz kanpoko jardueretan eta abarretan?"

Horregatik, erabakiak hartzeko unean hizkuntzaren faktorea kontuan hartzeko gonbidapena egin eta aholku dekalogoa sortu dute: haurrek beraien gogoko jarduerak euskaraz egitea; zenbat eta jarduera gehiago euskaraz hobe; haurren gogo jardueraren bat euskaraz ez badago euskaraz antolatzeko saiakera egin; parke eta plazetan euskararen presentzia izan dezala; haurrak erdaraz ari direnean ezer esan baino elkarrizketan euskaraz sartu; guraso euskaldunek haurrekin batera euskaraz jolasteko kantu, aho korapilo eta besteak esan edo kantatu; etxean hizkuntzen erabilera adostu euskararen erabilerari ahalik eta toki gehien emateko; etxean telebista, irratia, egutegia, erosketen zerrenda… euskaraz izan daitezela eta gauza bera pantaila edota liburuekin.