Astekaria

Eskola garraioa ikasteko traba denean

Guaixe 2022ko ira. 29a, 14:00

Jendea autobus barruan. ARTXIBOA

Hezkuntza Departamentuak, estreinakoz, bere gain hartu du Lanbide Heziketako Erdi Mailako ikasleen Iruñerako eskola garraioaren antolakuntza. Goi mailako edo Batxilergoko ikasketa erreferentziazko zentroetan egiten ez duten hainbat ikasle eskola garraiorik gabe gelditu dira bat-batean.

Ziorditik abiatu eta herriz herri ikasleak jasotzen zituen autobus batek joan den ikasturtean. ″Herri guztietan jasotzen zituen ikasleak, Iruñean zegokien institutura eramateko. Ikasturte honetan ezustekoa hartu dugu autobus linea hori kendu dutelako eta Lanbide Heziketako erdi mailako ikasleak eta batxilergoa ikasten ari diren ikasle batzuk baino ez dituzte jasotzen″. Uharte Arakilgo guraso batek Patxi Vera Donazar Nafarroako Arartekoari bidalitako kexu gutunaren zati bat da goikoa. Iruñean Lanbide Heziketako (LH) Goi Mailako 2. maila ikasten ari da etxeko bat eta ikastetxera joateko bitartekorik gabe dago. 

Arakilgo alkate Oihana Olaberria Jakak jakinarazi duenez, ″Sakanan badira halako kasu gehiago, Arakilen edo Ergoienan esaterako. Baita Imotzen, Larraunen, Basaburuan eta Itzan ere″. Jakinarazi duenez, ″LHko Goi Mailakoendako sekula ez da autobusik egon, Hezkuntza Departamentuko buruen iritziz, adinez nagusi direnez, gidabaimena atera eta beraien kabuz joan daitezke″. 

Olaberriak badaki zertaz ari den urtetan Irurtzungo eta Arakilgo udalek Iruñerako eskola garraioa antolatu baitute LHko Ertain eta Goi Mailakok ikasten ari diren edo beste ikasketa batzuk egiten ari direnendako. Alkateak gogorarazi du Irurtzungo Atakondoa eskola publikoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 2. mailara arte ematen dutela. ″Beste bi kurtsoak egiteko erreferentziazko institutuak dituzte: A eredukoak La Granjan eta Dkoak Biurdanan. Erreferentziazko ikastetxe horietara joaten diren ikasleek doako eskola garraioa dute. Baina beste ikastetxe bat aukeratuko balute pagatu egin beharko lukete″. Alkateak jakinarazi duenez, ″ikasturte honetan LH Erdi Mailako ikasketek ere doako eskola garraioa dute″. Hor ere erreferentziazko ikastetxeak daude. 

Gainera, departamentuak aldaketak egin ditu eta Arakilgo ikasleek Irurtzunera joan behar dute han autobusa hartzeko. ″Dena Irurtzunen zentralizatu dute, herri txikietatik hara joan behar dute. Despopulazioa aipatuko dute gero, baina herriak zigortzen ari dira″. Eta aurretik jakinarazi gabe, iraila hasieran guztia gurasoendako antolatzea zaila dela gaineratu du. 

Udalen ekimena 
Egoera ″urtetik urtera okerrago″ zegoela ikusita, Irurtzungo eta Arakilgo udalek eskola garraioa antolatzeari ekin zioten. Eta pausoak eman badira ere egoera okerrak segitzen duela jabetuta, eskaintza horrekin segitzen dute. Urteak daramatzate horretan. Agorrilerako egiten dute deialdia eta autobus bete ikasle bidaltzen dute Iruñerantz. Haietatik 40 bat irurtzundarrak izanen dira eta gainontzeko hamarrak-edo arakildarrak. ″Udalek eskola garraioa antolatu dugunean herri guztietako ikasleak hartu ditu autobusak″. 

Bi udalek Iruñerako eskola garraioa antolatzen dute, ″behar zen herri guztietan hartzen ditu autobusak ikasleak″. Zerbitzua bermatzeko bestelako neurriak ere hartu izan dituzte: ″joan den ikasturtean bi ikaslerendako taxia ordaindu genuen″. Familiek ordaintzen dute zerbitzua. ″Baina defizita udalek gure gain hartzen dugu. Hau da, Iruñera garraio publikoan joateko txartelak X euro balio du. Udalok kopuru hori baino gehiago ez diogu kobratzen ikasleari edo bere familiari. Txartela baino gehiagoko gastu hori gure gain hartzen dugu″, azaldu du Olaberriak. Defizita, 12.000 euro dira. 

Zigortuta 
Hezkuntza Departamentuak ″zigortu″ dituela sentitzen dute egoera horretan dauden gurasoek eta ikasleek. ″Goi mailako ikasketak egin nahi eta garraio faltagatik ezin. Ez da bermatzen guztiek ikasteko aukera berak izatea″. Olaberriak Arakilgo eta Larraungo bi familiaren kasuak aipatu ditu: ″gurasoak lanean daude eta ez dute aukerarik seme-alabak Lekunberrira edo Irurtzunera autobusa hartzera eramateko. Kontziliazioa zaila da″.  

Elkarlanerako deia 
Nafarroako zati handi batek du eskola garraioarekin arazoa. Horregatik, lau alkatez osatutako batzorde bat, Olaberria tartean zela, Carlos Gimeno Gurpegirekin (kontseilaria), Begoña Unzue Velarekin (Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusia) eta Inma De las Cuevas Teranekin (Ikastetxe Finantziazio, Ikasketa Laguntzak eta Zerbitzu Osagarrikoarekin nagusi) bildu ziren hilaren 21ean. ″Guk, udalak, aditzeko proposamena eraman genion; guk dugulako herrien ezagutza, eta elkarlanean gauzak hobe egiten direlako″. 

Olaberriak azaldu duenez, ″gai batzuk aztertzeko konpromisoa hartu dute. Gainera, eskola garraioa udalekin batera antolatzeko eskua luzatu diegu. Gu gara arazoa ongi ezagutzen dugunak. Batez ere, populazioa sakabanatuta duten udalekin″. Horretarako, protokolo bat egin eta alde guztiak informazioa izatea nahiko lukete udal ordezkariek. ″Proposamenen bat eginen dutela esan digute″. Bitartean ″arazo puntualak konpontzeko konpromisoa hartu dute″. 

Hezkuntza Departamentuak eskola garraioa bere gain hartzen duen aurreneko ikasturtea da. Olaberriak jakinarazi duenez, ″zailtasun ugari izan dituztela aitortu digute. LHn azken orduan 2.000 eskaera gehiago izan dituztela eta horrek ekartzen duena″. Udal ordezkariak ″pozik″ atera ziren bileratik, ″ea landa eremuaren errealitatea kontutan hartzen duten. Baietz esan dute. Ea pitteka hobetzen den″. Hala ere, departamentuak emanen dituen pausoak gertutik aztertuko dituzte udalek.