Txirrindularitza

Sakanako Bizikleta Eguneko makineria guztia prest

Maider Betelu Ganboa 2022ko ira. 23a, 12:15
Joan zen urteko Sakanako Bizikleta Eguna, Lakuntzako atsedenaldia eta gero, berriro martxan.

Igandean 9:00etan abiatuko da Sakanako Bizikleta Eguna, Ziorditik, Irurtzun helmuga. 265 partaide daude izena emanda eta launa autobus eta kamioi ariko dira garraio lanetan. Autobus ordutegiak zintzo betetzeko deia egin diete partaideei

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan dei askoko egunak izaten dira hauek. Igandean XXVIII. Bizikleta Eguna izango da, Sakana Bizikletaz Ezagutzen lelopean Sakanako Mankomuniteko Kirol Zerbitzuak zenbait administrazioen babesarekin eta Sakanako txirrindulari taldeen laguntzarekin –Barranka Txirrindularitza Taldea eta Burunda eta Aralar Txirrindularitza klubak– antolatutakoa. 

Aurten, antolakuntzan, Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuko orientatzaile Dani Echavarrik hartu du Mank-eko Kirol Zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitiaren tokia, "eta harrituta geratu naiz Bizikleta Egunaren atzean dagoen lanaz. Baimenak eskatu, anbulantzia lotu, laguntzaileekin bilerak izan, izena ematea, autobusak eta kamioiak lotu, mekanikaria… antolaketa lan handia dago atzetik, guztia behar bezala ateratzeko". 

Guztira 265 sakandarrek eman dute izena iganderako. Aurten Ziorditik abiatuko da Sakanako Bizikleta Eguna, 9:00etan, eta Lakuntzan askarirako geldialdia egin ondoren, Irurtzuneraino iritsiko da, ordu batak inguruan. Horrenbeste partaide mugitzeko lau autobus eta lau kamioi behar izango dituzte. Ildo honetan, parte hartzaileei dei garrantzitsua egin die Echavarrik: autobusa hartzeko herri bakoitzeko geltokietan garaiz egotea. 

Lau autobusen ordutegia
Esan bezala, lau autobus eta kamioi izango dira guztira. Lehenak 7:45ean abiatuko dira Irurtzundik, eta Etxeberrin, Zuhatzun, Uharte Arakilen eta Lakuntzan egingo du geldialdia. "Lakuntzako kasuan, izena eman dutenen kopuru erdia lehen autobusean joango da, eta beste erdia bigarren autobusean". Horrela, bigarren autobusa eta kamioia 8:00etan aterako dira Lakuntzatik, eta Arbizun izena eman dutenekin beteko dira. Hirugarren autobusa eta kamioia Etxarri Aranaztik 8:00etan aterako da baita ere, eta Bakaikutik pasako dira. Azkenik, laugarren autobusa eta kamioia Urdiaindik 8:15ean abiatuko dira, Altsasun eta Olaztin sartzeko, Ziordia helmuga. Bueltarako autobusak Irurtzundik aterako dira, eta herrien izenak jarrita izango dituzte.

Gozatzeko deia
Barranka Txirrindularitza Taldeko Alberto Ocañak gidatuko du ibilbidea. Iganderako bizikleta dohitzea eskatu die partaideei. Aurten Joxi Lazkoz etxarriarrak egingo ditu mekanikari lanak, eta Burundakoei dagokie ibilbidea zabaltzen duen autoa gidatzea. Eguraldiagatik kezka zuten antolatzaileek, baina badirudi iragarpenak aldatzen ari direla eta eguraldi hobea iragartzen dutela. Beraz, bizikletan Sakanako ibilbideaz gozatzeko gonbita egin dute antolatzaileek.