Goiz fresko eta eguzkitsuan, korrika egiteko primerako eguraldiarekin jokatu zen irailaren 17an Ergoienako Udalak Lasa Kirolaken laguntzarekin eta zenbait babesleren bulkadarekin antolatutako XVI. Ergoienako Bira, Joxe Mari Merceroren 2. Saria. Aurten Lizarragan hasi eta despeditu zen proba.
Goizter hasi zen proba. Hasieran kategoria txikiko lasterketak jokatu ziren, 10:00ak aldera. Berehala, 10:05 aldera, abiatu ziren proba nagusiko lasterkariak. 8,5 km oso gorabeheratsu zituzten aurretik, Ergoienako hiru herriak batzen dituena. Lizarragatik abiatuta, Unanura heldu ziren, handik Dorraoraino jotzeko. Dorraon buelta hartuta, lasterketa atzera ere Unanura sartu zen eta Lizarragako helmugarantz abiatu zen.
Irteera hartu zuten hogei korrikalari pasatxoak –Altsasuko festak zirela nabaritu zen parte hartzean– ttanttaka-ttanttaka joan ziren helmugara iristen, Ergoienako Biraren gogortasunaren isla. Izan ere, horrenbesteko gorabeherekin, erritmoa hartzea nekeza izaten da. Azkarrena Sergio Fernandez izan zen (32:22). Fernandezek 14 segundo atera zizkion Asier Estarriaga etxarriarrari, eta Adur Senar lakuntzarrak osatu zuen podiuma (33:34). Estarriaga eta Senar, lizarragatarren semeak dira; hortaz, gustura igoko ziren Ergoienako podiumera.
Emakumezkoetako trofeoa, Unanuko ittotietako mamoxarroen katola preziatua, Erkuden San Martin etxarriarrak lortu zuen (43:04). Rosa Orofino sailkatu zen bigarren (45:01) eta Maite Zabaleta etxarriarra hirugarren (46:08).
Sakanako Koparako baliagarria
Ergoienako Bira Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Lasa Kirolaken laguntzarekin antolatutako XVII. Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarria da, ekainaren 4an jokatutako Ziordiko VII. Herri Kros Solidarioarekin eta ekainaren 11n Bakaikun jokatutako XVII. Aitzkozar Herri Krosarekin batera. Lasterketa bakarra geratzen da Sakanako Atletismo Kopa erabakitzeko: abenduaren 8an Altsasun jokatuko den Barricarteren XXXXI. Oroimenezko Oinezko Lasterketa.
Sakanako Kopan aipatu lasterketa hauetan sailkatu diren lehen 10 sakandarrek puntuatuko dute, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, eta Kopak dituen lau probetatik gutxienez hirutan parte hartu beharko da. Sariei dagokienez, lehendabiziko gizonak eta emakumeak 80na euro jasoko dute kirol materialean, bigarrenek 60na euro eta hirugarrenek 40na euro. Horretaz gain, Sakanako Koparako baliagarriak diren lasterketa guztietan parte hartu dutenen artean sari bat zozketatuko da.
XVI. Ergoienako Bira. Sailkapena
Gizonak
1. Sergio Fernandez 32:22
2. Asier Estarriaga 32:36
3. Adur Senar 33:34
4. Mikel Imaz 37:57
5. Ander Juanikorena 42:06
6. Felix Garcia 42:39
8. Fernando Hernandez 43:18
9. Juan Pedro Ariz 43:47
10. Jon Melchor 43:51
12. Aritz Garcia 46:04
14. Aingeru Azazeta 46:15
15. Mattin Juanikorena 47:46
16. Santi Agirre 48:14
17. Iñigo Orella 48:25
19. Jose Maria Elola 52:04
Emakumeak
7. Erkuden San Martin 43:04
11. Rosa Orofino 45:01
13. Maite Zabaleta 46:08
18. Naroa Sarobe 51:17