Gizonezkoa auto istripuan larri zauritu zen

Guaixe 2022ko ira. 26a, 10:30
Autoa Etxarren eta Urritzola arteko bideko autobia azpiko pasabiean bukatu zuen. @bomberos_na

Autobia azpitik Urritzolara daraman bidera erori zen.

Sakanako Autobiaren (A-10) lehen kilometroan, Etxarren parean, auto bat bidetik atera zen. Autobiaren bi norabideak banatzen dituen erdibitzailera joan zen ibilgailua, eta han dagoen zulotik behera erori zen. Ezbeharraren ondorioz, autoa gidatzen zuen gizonezkoa larri zauritu zen. Bera zen ibilgailuan zihoan pertsona bakarra. Istripuaren tokira Irurtzungo osasun etxeko mediku eta erizaina eta suhiltzaileak joan ziren. Zuritutakoa Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Ezbeharra ikertzeaz Foruzaingoa arduratu zen. Autoa erori zen tokia Etxarren eta Urritzola lotzen dituen bidea da, autobia azpitik pasatzen dena. 

Bestalde, Nafarroako suhiltzaileen erreskate teknikoko taldeak Irurtzungo Ahizpa Txikiko iparraldeko morruan bi eskalatzaile erreskatatu zituen atzo goizean.