Pilota

Martijak Sanmateotako bere lehen trofeoa lortu du

Guaixe 2022ko ira. 26a, 12:10
Martija eta Altuna, podiumaren gorenean, alboan Jaka eta Mariezkurrena dituztela. ASPE

Altuna III.arekin bikotea osatuta, Jaka eta Mariezkurrena hartu zituzten mendean final oso gogorrean

Logroñoko Adarraga frontoiak itxura ederra zuen igandean jokatu zen Sanmateotako Binakako Torneoko final handian. Altuna III.a eta Martija eta Jaka eta Mariezkurrena zeuden aurrez aurre oso gogorra suertatu zen finalean. Ia 700 pilotakada gurutzatu ziren, lehia itzelaren isla. 

Altuna eta Martija 2 eta 6 aurreratu ziren, batez ere Jakak eta Mariezkurrenak egindako akatsei esker. Baina Baikoko bikoak partidari buelta ematea lortu zuen. Une horretan Mariezkurrenaren erauntsiari aurre egin behar izan zion Martijak, eta bere une larrienak izan ziren. Hala ere, Aspekoek ongi eutsi zuten, eta hori izan zen finala irabazteko gakoetako bat. Ondorioz, markagailuan paretsu ibili ziren bi bikoak, seina eta bederatzina berdindu baitzuten. 

Hortik aurrera apurtu zen partida. Altunak erritmoa bizkortu zuen aurrean eta denetariko tantoak ondu zituen, Martijaren laguntzari esker. Izan ere, pilotak gastatuz joan ahala Etxeberriko atzelariak gora egin zuen eta bizkarra erakutsi zion Mariezkurrenari. Baikokoek, aldiz, akatsak pilatzen hasi ziren. Aspekoek, bere aldetik, oso akats gutxi egin zituzten, eta hori izan zen trofeoa lortzeko bigarren gakoa. Tarte horretan, 0 eta 8 tantoko partzialari esker, 9 eta 17 aurreratu ziren egungo Binakako txapeldunak. Ez baitira alferrik, txapeldunak, Logroñon erakutsi zuten moduan. Mariezkurrenak eta Jakak ez zuten etsi eta 15 eta 19 hurbildu ziren, baina hurrengo tantoan Mariezkurrenak zerbait sentitu zuen eskuin bikian eta, nahiz eta masajea hartuta partida amaitu, ikusi beharko da zer duen. 15 eta 22 irabazita, Sanmateotako trofeoa lortu zuen Altunak eta Martijak. Altunarendako bere bigarren trofeoa izan zen, 2015ekoaren ondotik, eta, aldiz, lehena izan zen Martijarendako. Finaleko pilotari onena Altuna saritu zuten. 

Bukaeran oso pozik zeuden Altuna eta Martija, elkarrekin berriro txapeldun izateagatik eta biok bizi izan duten uda nahiko kaxkarraren ondotik berriro goian daudelako. "Bagenekien partida oso gogorra genuela aurretik. Hasieran ondo eutsi dugunez, nik uste hori gakoa izan dela" zioen Martijak.

Txakoli desafioa, Asperendako
Sanmateotako pilota torneoaren barruan, larunbatean K Pilota Erronka jokatu zen. K Pilota txakoli upategietako 600 botila zeuden jokoan, eta Aspek irabazi zituen. Lau eta erdian Baikoko Joanes Bakaikoa etxarriarrak 18 eta 12 irabazi zion Elordiri, baina beste bi partidatan Aspekoak gailendu ziren: binaka Zabalak eta Zabaletak Peña II.a eta Imazi 11 eta 22 irabazi zieten, eta buruz buru Irribarria Artolari 8 eta 18 gailendu zitzaion.