Elikadura burujabetza aldarrikatzeko azoka

Guaixe 2022ko ira. 20a, 12:27
Azienda erakusketa hartu zuen frontoiak. UTZITAKOA

Arakil eta Irurtzungo Bertako Ganadu Azoka ospatu zen atzo. Bederatzigarren aldiz antolatu zuten.

Arakil eta Irurtzungo Bertako Ganadu Azoka antolatzen dutenek argi dute: ″herria egiten duen elikadura eta nekazaritza eredua nahi eta behar ditugu, giza tamainako etxaldeak, bideragarriak, klima aldaketaren aurrean inpaktu eza bilatu beharrean inpaktu positiboa egiten dutenak, ingurumenarekin bat eginez eta abereen ongizatean oinarrituz elikagai justu eta osasuntsuak eskaintzen dizkiguna″. Horregatik, Irurtzunek atzo hartu zuen azokan agroekologiko eran lan egiten duten 15 nekazari eta abeltzainek beraien produktuak zuzenean saldu zituzten. 

Hamaika artzainek beren gaztak herri dastaketa eta txapelketara aurkeztu zituzten. Sakanako Garapen Agentziaren turismo informazio mahaian txartela erosi zuten herritar guztiek dastatu eta epaitu ahal izan zituzten gaztak. Honakoa izan zen epaia: 1. saria Arruazuko Albi gaztandegiarendako, 2. saria Iragiko Atekoa gaztandegiarendako eta 3. saria Unanuko Balda-Artola gaztandegiarendako.  

Gainera, Arbaso elkarteko artisauen dozena bat salmahai izan ziren ere. Guztia plazako frontoian jarri zen bertako ganadu arrazen erakusketarekin osatuz. Aldamenean, Vanesa Ugartek zaldiak era naturalean gobernatzeko modua erakutsi zuen. Erakustaldirako ezagutzen ez zuen Auritz arrazako 900 kiloko zaldia jarri zioten. Haren konfiantza lortu eta zaldiaren kontrako inolako jarrerarik gabe, haren gainean ibiltzen bukatu zuen. 

Bestelako azienda atera zuen kalera Iskidik: bere artalde berezia. Pikuxar euskal txokoan Ainara Ieregi, Mikel Lasarte eta Peio Ardaiz bertsolariak bertsotan izan ziren, eta Dorai ahizpek trikiti soinuekin girotu zuten Pikuxar. Eraikin horren parean Lekunberritik ekarritako kanoi batek goxokiak jaurti zituen.