2019ko urtearen amaieran aurkeztu zuen Pello Reparaz musikari arbizuarrak bere proiektu berria: ZETAK. Musika elektroniko talde bat da ZETAK, euskaraz, baina zerbait gehiago izateko ere jaio zen. Altsasuko festetako larunbatean eman zuen kontzertuan beteta zegoen Foru plaza. Reparazek aitortu duenez, orain arte eman duen kontzertu garrantzitsuenetarikoa izan da.
Altsasuko kontzertuarengatik urduri zeunden. Zergatik?
"Etxean jotzeak plus dauka; ilusioa egiten du, baina presioa puntu bat ere bada"
Ohikoa izaten da urduri egotea. Kanpoan aritzen gara, Euskal Herriko txokoetan baita kanpoan ere, eta jendetza izaten dugu parean. Baina etxean jotzen duzunean badakizu lagunak, familia, nola ez, eta zure eguneroko bizitzan aurrez topatuko dituzun horiek guztiak egongo direla. Horrek badauka plus bat, ilusioa egiten du, baina aldi berean presio puntu bat ere bada. Horregatik nik uste urduri jarri nintzela.
Pankarta ikusi eta lasaitu zinen.
Oso ederra izan zen. Oso urduri nengoen, taulara igo nintzen, abesten ari nintzen eta ez nintzen gai izan pankartan jartzen zuena ondo irakurtzeko; zati instrumentala iritsi zen arte. Orduan irakurri nuen: Aurrera Pello eta Altsasu. Eskerrik asko! Ez nekien nork egin zuen pankarta, nire susmoak banituen, baina momentu horretan ez nekien. Kontzertuaren ondoren Altsasu Gurasoak-en partez eginiko zerbait zela jakin nuen, Aurrera Altsasu abestian nire parte hartzea eskertzeko, eta ederra da. Gauzak gogoz, ilusioz eta benetan sinisten egiten direnean, gerora bueltan etortzen denean, esker mezu bat bada ere. Zentzua ematen dio gure lanari, eta arrazoia ederrena ez bada ere, Altsasuko herriarekin gehiago lotu nau; oso harro nago abesti horretan parte hartu izanagatik.
Kontzertua baino ikuskizun bat da.
Hori da gure apustua. Azkenean, abesti baten inguruan egon daitezkeen 360 graduak lantzea eta zaintzea gustatzen zaigu eta denetan ikus daitezke: ikus-entzunezkoak, bisual guztiak, sare sozialetan komunikatzeko modua eta abar. Hori dena zaintzea gustatzen zaigu eta zuzenekoa zaintzeko orduan badira atzeko gauza asko, haien artean, argia, mugimendua, soinua bera... dena. Jendeak sentsazio hori du, show bat dela.
Foru plaza bete zen. Ikusmina bazegoen. Espero zenuen? Zer sentsaziorekin gelditu zara?
Egia da aurreko asteetan eta hilabeteetan jende askok galdetzen zidala kontzertu horren inguruan, eta egia da ere aurten ZETAK-en kontzertu guztietara jende asko joan dela. Ez nuen Altsasun gutxiago izatea espero, inolaz ere. Ikusmina aipatu duzu, eta sentitzen dut kontzertu honek bestelako entitate bat garatu zuela. Bazegoen ikusmin berezi bat, jende asko, nolabait esateko, modu batera edo bestera esatearren ZETAK-en fenomenoa bera aztertzera joan zen. Bitxia da, eta taularen gainetik sumatzen zen. Jendea nahiko adi zegoen. Gure zalegoa ere bazen, inguruko jendea, eta oso ederra izan zen ere.
ZETAK sortu eta pandemia etorri zen. Zer moduz joan da pandemia ondorengo uda?
ZETAK-ek bizi izan zuena hori da. Oso fuerte atera ginen. Errepidean abestia 2019ko ekainean eta diskoa azaroan publikatu genuen, bost zuzeneko eman, pila bat genituen loturik, eta orduan pandemia etorri zen. Denak bertan behera gelditu ziren. Baina ZETAK ezin da asko kexatu, pandemian zehar ere kontzertu asko eman ahal izan ditugu.
Baina kontzertu desberdinak.
Oso desberdinak. Horregatik, orain dator aldaketa garrantzitsu eta indartsua, normaltasun berri honetan azaltzea eta kontzertuak ematen hastea. Aktibazioa oso erradikala izan da. Urte oso aktiboa izan da, ZETAK-ek kontzertu pila eman ditu, eta Euskal Herri osoan aritu gara, baita Euskal Herritik kanpo; Estatuan eta Amerikan hirutan egon gara: Kolonbian, Mexikon bideoklipa grabatzen, New Yorken kontzertuak ematen... Oso pozik gaude.
Mugak gainditu dituzue. Euskararekin mundura.
"ZETAK euskararik gabe ez da ZETAK; ateak itxi baino gehiago irekitzen dizkigu"
Bai. ZETAK-en idiosinkrasiaren parte da, inongo zalantzarik gabe. ZETAK euskararik gabe ez da ZETAK, eta horri heldu diogu eta sentsazioa dugu euskarak ixten dizkigun ateak baino gehiago irekitzen dizkigula.
Musikaren lengoaia?
Ez bakarrik musikaren hizkuntza. Askotan esan ohi da hori. Baina euskarak berak ere egiten du. Mundua gero eta globalizatuago dago, hori bistakoa da, eta gero eta homogeneoagoa da dena, baita artean ere. Artista batek desberdintzeko bilatu ditzakeen faktoreen artean guk oso nabarmen bat dugu: hizkuntza nahiko txiki bat, 700.000 pertsonak ezagutzen duten hizkuntza bat, eta nik uste horrek ezagutzen dutenen artean eta ezagutzen ez dutenen artean interesa piztu egiten duela.
ZEID jaialdia antolatu zenuten ere. Zer moduz joan zen?
"Guretzako sormen intetzioa oso garrantzitsua da; mezua presente izatea"
Guretzako sormen intentzioa oso garrantzitsua da. Sormen intentzioa da abesti edo disko batek jendeari helarazi nahi dion mezua edo sentipen hori presente izatea momentu oro. Zeinen ederra izango den abestia atera genuenean, abesti hori jende askoren itxaropenaren helduleku bihurtu zen eta helduleku hori, abesti hori gauzatzeko garaian eta kontzertuari buelta emanez eta sormen intentzio horri so eginez, pentsatu genuen, zergatik ez? Zeinen ederra izango den abestiak etorkizunaz, hau guztia pasatzen denean ospatuko dugunaz eta abarrez hitz egiten du, eta hori guztiari benetako iruditeri bat ematearren sortu genuen jaialdia. Guk ez genuen jaialdirik buruan. Guk esan genuen: ospatuko dugu, joko dugu guk, lagunen bat gonbidatuko dugu edo dena delakoa. Sarrerak salgai jarri genituen inongo informazio handirik eman gabe eta aste batez 1.500 sarrera saldu genituen. Pentsatu genuen hura serioa izango zela, eta azkenean BEC betetzen eta jaialdi erraldoi bat antolatzen bukatu genuen. Proiektuarentzat esperientzia ikaragarria izan zen, eta kontzeptua eta sormen intentzioa babesteko eta jendeak hobe ulertzeko ezinbestekoa izan da. Oso pozik.
Eskaini dituzuen kontzertuetatik ba al duzu gogokoren bat?
Badaukat, bai, oso berezia: Altsasukoa. Azkenean etxekoentzat jotzea eta kontzertu on bat eman izana oso berezia da niretzat. Egun batzuk pasa dira eta sentitzen dut, alde batetik, lasaitze bat izan da; azken asteetan etxean jotzeko horrekin sentitzen nuen presio moduko bat eta azken egunean urduri-urduri nengoen, eta orain lasaitu naiz. Gainera, oso pozik nago heldu zaidan feed-back-a oso positiboa delako.
Pandemia sortzeko baliatu zenuen, eta ia ereserkiak bihurtu diren abestiak sortu ditu ZETAK-ek: 'Zeinen ederra izango den', 'Hitzeman'...
"Pandemiagatik ez balitz 'Zeinen ederra izango den' abestia ez zen existituko"
Horiek hitz potoloak dira, baina egia da adibide nahiko argia dela Zeinen ederra izango den abestia. Nik abesti horrekin sentitu dudana, jendeak bueltan eman didan hori, Begitara begira abestiarekin sentitu nuen bere garaian. Baina hain sakonki eta intentsoki nik uste ez dudala bestelako abestiekin sentitu. Izan ditugu arrakasta izan duten abesti asko bai Vendetta-rekin bai ZETAK-ekin, baina Zeinen ederra izango den harago joan da, eta beroago sentitu dut. Jon Maia eta biok elkarrekin idatzi genuen Altsasuko auziari loturiko abestian zioen bezala Txarrenari onena, kasu honetan ere aplika daiteke: zulora joan ginen, niretzat kristoren kolpea izan zen ZETAK prestatzen denbora asko pasa nuelako eta esfortzu eta lan handia egin nuelako, eta bat-batean pandemia heldu zen. Baina horregatik ez balitz Zeinen ederra izango den abestia ez zen existituko. Begi bistakoa da niretzat oso abesti berezia eta garrantzitsua dela nire ibilbide osoan zehar.
Zertan inspiratzen zara sortzeko orduan?
Ez dakit oso ondo zer den inspirazioa. Inspirazioan baino lanean sinisten dut. Estudioan sartzen ditudan ordu horietan guztietan. Horretan sinisten dut; formakuntzan eta gauzak barrutik eta benetan sinetsiz eta sentituz egite horretan. Oso egun txarrak ditut estudioan. Estudioan sartu, hamar ordu pasa eta etxera itzuli eta konturatzea desastre bat izan dela. Hori nahiko gogorra da, baina egia da halako egunei esker beste egun batzuk, ez dakit zergatik, estudioan azaldu eta gauza ederrak sortzea tokatzen dela. Hori polita da. Beraz, lana, orduak eta esfortzua.
Estilo edo soinu propioa sortu duzuela esan daiteke?
Horretan lan asko egin dut. Soinu identitateaz ari gara, eta nik uste soinu identitatea proiektu batean oso garrantzitsua dela. Askotan ahots bat dago, eta nire ahotsa ere nahiko ezaguterraza da; jendeak entzutean badaki ZETAK dela. Niri gustatzen zait jendeak argi izatea noiz den ZETAK, noiz den Vendetta eta noiz ari naizen elkarrizketa bat egiten. Ahotsa ez da dena, eta soinu identitatea sortzen esfortzu handia egin dut. Ekoizpena asko gustatzen zait eta ZETAK-en kasuan, bai, soinu identitate propioa duela esan dezakegu. Lehenengo eta bigarren diskoen artean salto eta desberdintasun handiak daude, baina aldi berean amankomuneko gauza asko daude ere. Abesti bat entzun eta 25 sample ahots egon daitezke non jendea ez den ohartzen hor daudenik ere, baina subkonszientearekin jendeak ZETAK-ekin lotzen ditu. Badago otso moduko baten sample bat, gizonezko baten ahotsa dela, eta hori abesti ia gehienetan sartzera behartzen dut nire burua identitate hori garatzen joateko. Benetan ezinbestekoa ikusten dut; jendeak sumatu eta sentitu behar du.
Nola garatu da ZETAK?
"Experimentazio eta askatasun horretan lanean jarraituko du ZETAK-ek"
ZETAK oso plastikoa da, momentuz. Proiektu bat da musikaz gain bestelako diziplinekin lan egiten duena, horiekin busti egiten dena eta retroelikatzen dena ere. Ikus-entzunezkoekin izan duen harreman hori, oso garrantzitsua da garatzen eta aldatzen joateko. Plastikotasun hori nahiko muturrekoa da. Oso disko ilun batekin atera ginen, jarraian pandemiaren kontu horrekin erabat influentziatua sentitu zen ZETAK, eta bestelako disko bat jaio zen berehala, hilabete gutxian, eta disko hori oso argia zen. ZETAK oso inprebisiblea da, eta nik uste horrek ematen diola errealitate eta naturaltasun zentzua proiektuari, eta oso sanoa da. Experimentazio eta askotasun marko horretan lanean jarraitu behar du Zetak-ek, ez dut uste betirako hala izan behar denik, baina orain arte etorri dena eta orain epe motzean etorriko diren proiektuetan bai.
Kaleratu duzuen azken abestia Bomba Estereo taldearekin egindako 'Zoriontasuna' da. Nola sortu zen kolaborazio hori?
Abestia Bomba Estereo proiektuan pentsatzen sortu nuen. Amankomuneko kontaktua badugu eta orduan ikusi nuen agian lortu genezakeela haiek abestia entzutea. Bomba Estereok Kolonbiako sustrai musika hori lantzen du, baina elektronikora eramaten du eta garaikidea bihurtzen du. Horrek badu Zetak-en idiosinkrasiarekin gauza asko amankomunean. Abestia euren abeslariaren erregistroa kontuan hartu idatzi nuen, proiektua kontuan hartuz idatzi nuen letra eta ZETAK-en marko estilistikoaren barruan, baina Bomba Estereo-tik gertu egon daiteken puntu batean. Dembow-a lehenengo aldiz erabili genuen. Abestia entzun zuten eta gustatu zitzaien, azalpena entzun zuten eta nirekin elkarrizketa bat izan ondoren are gehiago sinistu zuten proiektuan eta egitea erabaki zuten. Prozesua konplikatua izan da, baina aldi berean ederra.
Bideoklip desberdin bat egitera animatu zarete ere.
Nik uste hori ere badela ZETAK-en parte bat; ikus-entzunezkoetan arriskatzea ZETAK-en parte bat da, eta kasu honetan ere bestelako bideo bat egitea erabaki dugu. Fana Adjani zuzendaria ikaragarria da, berak duen bisioa izugarria da; Emilio Valdes argazki zuzendariak parte hartu du... Horrelako proiektu batean parte hartzea oso ederra izan da.
'Itzulera' abestiaren bideoklipa ere berezia da, ezta?
Bai, plano sekuentzia bat da, bideoklipa jarraian grabatzen da. Erramun Martikorenaren bizitzako eta ibilbideko lehenengo bideoklipa da, eta horrek ere xarma eta berezitasuna ematen dio. Azken hilabetean asko hitz egin da Zoriontasuna-ri buruz, baina Itzulera-ren fenomena ez da normala izan. Ez dakit zer gertatu den abesti horrekin. Herri Urrats-en abestia da, eta eman duen kolpea ez da normala. Oso pozik gaude
Ez zenuten espero?
Inolaz ere. Askotan bista izaten dut ikusteko abesti baten ibilbidea zein izan daitekeen eta noraino iritsi daitekeen, abestiaren izaeragatik. Kasu honetan kale egin dut, eta oso pozik nago kale egin izanagatik. Ederra izan da sorpresa. Ez da oso ohikoa Herri Urrats-en abestiak horrelako inpaktua izatea Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere. ZETAK-en abestirik entzunena izan da. E-o-a horrek eman digun oparia gogoratzekoa izango da.
Erramun Martikorena, Bomba Estereo, Oques Grasses... Kolaborazioak garrantzitsuak dira ZETAK-endako?
Aberaste prozesu horren parte da. Bestelako diziplinetako jendearekin kolaborazioak egiten baditugu, gure diziplinako jendearekin ere bai. Horien artean zorte handia izan dut ikaragarri miresten ditudan hiru pertsonekin hiru kolaborazio egin ditudalako. Iruditzen zait Katalunian dagoen gauzarik interesgarrienetariko bat dela Oques Grasses, eta Josep Monterorekin kolaboratzea eta berarekin sortzea izugarria izan zen. Erramun Martikorenak abesti batean gurekin parte hartzea betirako gogoratuko dudan zerbait da, bera historiko bat da eta ZETAK-ekin musiko elektronikoko abesti batean parte hartzea niretzat oso handia izan da. Eta, orain, Bomba Estereo proiektu oso globala dela. Zer esan; luxua izan da.
Eta aurrera begira, kolaborazio gehiago daude? Edo ezin da esan?
Bietan arrazoia duzu: baditugu eta ezin da esan. ZETAK ez da gelditzen, inolaz ere. Gaur irailak 20, asteartea, -elkarrizketa egin zen egunean- egun oso garrantzitsua izan da niretzat. Erantzun behar nituen mail guztiak erantzun nituen, eta telefonoaren mezu guztiak ere erantzun ditut. Aspaldi pilatuta nuen lan eta zerrenda oso handi bat ere zerora utzi dut, eta etorriko dira gehiago, baina egia da gaur zorionez abestiak idazteari ekin diodala berriz. Prozesu hori hasi dut.
Kritikak, 'hater'-ak, memeak... Nola hartzen dituzu?
Konplikatua egiten zaidana eta ulertzen kostatu izan zaidana da, zergatik duen mundu guztiak iritzi bat niri buruz. Esan nahi dut, ezagutu-ezagutu jende gutxik ezagutzen nau. Ez gai honengatik, baizik eta bizitzak jartzen dizkizun bestelako kasuengatik ere terapian izan naiz, eta nago. Orain oso ondo nago, baina erabaki dut terapian beti egotea. Zorte handia da erabaki horrek asko lagundu didalako. Oso zoriontsua naiz, antsietatea asko kontrolatzen dut eta egun oso pozik nago hartutako erabaki horrekin. Egia da taula gainera igo naizela eta exposizioa nik neuk aukeratu dala, eta horrela dela esan digute. Horren kontra ez dut borrokatuko energia eta denbora galtzea izango delako. Baina egia da hasieran zaila egiten zaizula ulertzea pertsonaia publikoa bihurtzen zaren momentuan zergatik mundu guztiak duen iritzi bat zuri buruz ez zaituenean ezagutzen; onerako eta txarrerako. Ikaragarri maite zaituen jendea badago, ez zaituena ezagutzen; eta ikaragarri gorroto zaituen jendea dago, ez zaituena ezagutzen. Hori oso arraroa da. Baina horretara ohitu naiz eta horrekin bizi izan beharko dudala onartu dut. Lana egin dut eta pozik nago. Ez dut inolako arazorik sare sozialetan ikusten dudanarekin.
Zer geratzen zaio ZETAK proiektuari egiteko?
Dena geratzen zaio. Oso proiektu gaztea da, zeresan handia eman du azken urteetan, baina bi urte ez da ezer. ZETAK proiektu berri bat da, eta espero dut urtetan eta proiektu desberdinetan asko aldatzea. Forma desberdin asko hartzea proiektuak. Ni neu ere asko aldatzea espero dut.
Bi urte hauek izugarriak izan dira.
ZETAK-ekin erokeria izan da, baina proiektuaren bizitza horrela izan da. Bi urte baino, Vendetta-ren amaieratik hona lau urtez ari gara, eta lau urte horiek nire bizitzako intentsoenak izan dira. Taldearen agurra, Zetak-en aurretiko lana, kaleratzea, pandemia, bigarren diskoa jarraian, zuzenekoak... Eta tartean telebistan ere lan egin dut. Asko ikasi dut.
Altsasuko kontzertuan zenbait pertsona izan zenituen gogoan. Sortu zitzaizun edo prestatuta eraman zenuen?
Ez nuen prest. Azken momentuan batzuk okurritu zitzaizkidan. Institutua aipatzea, adibidez, ez nuen buruan, baina sakandar guztiok elkartu izan gara hor. Berriz, Haize Berriak banda aipatuko nuela oso argi nuen. Asko eman dit eta oso harro nago nire bizitzako urte asko bertan pasatzeagatik. Oso ederra izan da. Gaur egun Altsasura eramaten nauen zerbait kirola da, Aizkorri kirol zentrora astero joaten naiz. Garai batean ingelesera Pellorekin joaten nintzen... Sakandar bezala gauza askok eraman naute Altsasura, eta polita da Altsasurekin izan dudan harremana. Nire bizitzaren parte garrantzitsua da. Momentu horiek aipatzea ezinbestekoa da.