Futbola

Preferentea: Altsasuk eta Etxarrik hiruna puntu, eta Lagun Arteak bakarra

Guaixe 2022ko ira. 27a, 10:27
Ilunberri eta Etxarri Aranatz taldeen arteko partida. ETXARRI ARANATZ K.E.

Preferente maila. Hirugarren jardunaldia: Beriain 1 – Altsasu 4 / Lagun Artea 0 – Salesianos 0 / Ilunberri 1 – Etxarri Aranatz 2

Asteburuan Preferente mailako hirugarren jardunaldia jokatu zen eta gure talde guztiek puntuatu zuten. 

Altsasu izan zen gol festa ederrena ospatu zuena. Beriainen jokatu zuten gorritxoek, eta partida lehiatua eskaini zuten, lehen zatian bereziki. Bi taldeek euren aukerak sortu zituzten, baina baloiak ez zuen kontrako atean sartu nahi, atsedenaldira joatear zeudenean Aitor Floresek Beriainen atea zulatu zuenera arte. Bigarren zatian Altsasuk dominatzen jarraitu zuen eta Asier Salgadok bi gol sartu zituen. Partida bukaeran, Beriaingoen zorigaiztoko jokaldi batean Beriaingo Julen Rudak ate propioan gola sartu zuen, eta hori izan zen Beriaingoen hondamendia. 90. minutuan ohorearen gola sartzea lortu zuten, baina 1 eta 4 galduta, jipoi ederra jaso zuten Beriaingoek eta gol festa ederra ospatu, aldiz, Altsasukoek. 

Etxarri Aranatz taldekoak ere pozik itzuli ziren Ilunberritik, azken unean Ilunberriri 1 eta 2 irabazi ostean. Partida hasi eta berehala Ilunberri aurreratu zen markagailuan, baina atsedenaldia baino lehen bana berdindu zuen Etxarrik Javier Fernandez de Garaialde Lazkanok sartutako golari esker. Partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, Aimar Lizarragak Etxarriren garaipen gola sartu zuen 90. minutuan, etxarriarren zorionerako. 

Bestalde, larunbatean Lakuntzako Zelai Berrin Lagun Artea eta Salesianos taldeen arteko partida puntu banaketarekin eta golik gabe despeditu zen. Salesianos taldea gola sartzear egon zen, baina baloiak langan jo zuen. Partida oso fisikoa izan zen, nahiko zurruna. 

Lehen derbia
Sailkapenean Universidad de Navarra da lider (9 puntu). Altsasu bosgarren da (5 puntu), Etxarri hamargarren (4 puntu) eta Lagun Artea hamabosgarren (2 puntu). Asteburuan sakandarren arteko denboraldiko lehen derbia hartuko du Etxarri Aranazko futbol zelaiak, Etxarri Aranatz eta Lagun Artea taldeen artekoa. Bestalde, Salesianos izango du aurkari Altsasuk, larunbatean, 18:30ean, salestarren kirol instalazioetan.