Euskaraldia, gertuago

Guaixe 2022ko ira. 28a, 13:29

Lizarragabengoan ere Euskaraldia egin zuten. ARTXIBOA

Belarriprest eta ahobiziek izena emateko epea irekiko da gaur. Hori gizarteratu eta ospatzeko ekitaldia antolatu dute Bilboko Kafe Antzokian gaur, 19:00etan. Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra izanen da.

Euskararen erabilera handitzeko ariketa kolektiboak, Euskaraldiak, hirugarren edizioa du aurten. Herritarrek gaurtik aurrera izena emateko aukera izanen dute www.euskaraldia.eus webgunearen bidez. Izena emateko orria jarriko dute. Eta aurreko edizioetan Euskaraldian parte hartuko dutenek beraien parte hartzea berretsi edo bertan behera uzteko aukera izanen dute. Euskaraldian sekula izena eman ez dutenek web orrian galdetegi motz bat betez egin dezakete izen ematea. Bestalde, Sakanako Euskaraldia batzordeetako kideek herrietan mahaiak jarriko dituzte, hala nahi dutenek batzordeen bidez izena emateko. Esaterako, larunbat eguerdian Etxarri Aranazko plazan horretarako aukera izanen dute etxarriarrek. 

Kontzeptuak, garbi

  • Ahobizi
    Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten du uneoro. Kideak euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditu; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen du. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten dio kideak ulertzen duenean.

  • Belarriprest
    Norberaren gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen du euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez du euskaraz eginen ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek berari uneoro euskaraz hitz egitea nahi du; eta horixe eskatzen die modu esplizituan.

  • Arigunea
    Edozein sektoretako erakundeen atxikipenari esker, momentu oro euskaraz hitz egiteko, euskaraz lasai aritzeko guneak dira. Bigarren aldia da euskara erabiltzeko gune lasaiak sortuko direla.  Aurrekoan Sakanan 307 sortu ziren. Aipatu web orriaren bidez egin daiteke izen ematea. Edo herriko Euskaraldia batzordearekin edo Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke (948 464 840 edo euskara2@sakana-mank.eus). Izena emateko epea zabalik dago. Altsasuko Euskaraldiko batzordeak kuadrillak, edo kuadrillako zenbait partaide, arigune gisa izena ematera animatu ditu.