‘Ttap’ aldizkari digitala berritu dute

Guaixe 2022ko ira. 30a, 09:02

Ttap aldiskari digital berrituaren irudiak. UTZITAKOA

Hedabide digital multimediak diseinu eta eduki berria mustu ditu gaur. Eskuko telefonoan irakurri, ukitu, ikusi eta entzun daitekeen Ttap aldizkaria sekula baino jostagarriago da. Android zein iOS sistema eragilea duten gailuetatik eskuratu daiteke, doako Ttap aplikazioa deskargatuta. Ostiralero argitaratzen da, euskaraz.

Digitalago eta biziago dator Ttap berritua, Monika Belastegi zuzendariak azaldu duenez, ″interaktibitate-maila eta dinamikotasuna nabarmen areagotu dira. Bisualagoa ere bada; irudiek, esaterako, pantailaren azalera osoa hartzen dute. Aipagarria da, bestalde, erabiltzaileari irakurketa errazteko letra-neurria ere nabarmen handitu dela”.

Belastegik azaldu duenez, duela lau urte aldizkaria sortu zen une beretik, baimena eman diote euren buruari esperimentatzeko eta berritzeko, eta hortxe kokatu du oraingo berritzea ere: “Ttap aldizkari bizia da eta egungo gizartea bezala aldatzen eta eboluzionatzen doa; horren emaitza hauxe da, eduki berria, diseinu berria, freskoa eta gaurkotua. Edonoren eskura eta askatasunez partekatzeko eta zabaltzeko gertu dagoen edukia, alegia”.

Edukia ere, berria
Aldizkariaren atal nagusiak egokitu egin dituzte, eta berriak sortu. Elkarrizketa nagusia da egokitu den ataletako bat: Deabruaren galderak izeneko galdera-erantzun laburren ikus-entzunezko atala gehitu zaio, eta, elkarrizketatua musikaria den kasuetan, kantu bat ere abestuko du Ttap-eko erabiltzaileendako.

Elkarrizketekin tartekatuz erreportajeak izango dira aldizkariaren beste atal nagusietako bat, eta jorratuko diren gaiak askotarikoak izango dira. Bestalde, Ttap-ek iritzien atala, argazkilarien txokoa eta zinema gomendioak mantendu egingo dira, diseinu berrira ekarrita.

Atal berriak ere mustuko ditu Ttap berrituak. Moda atalak, esaterako, orain arte baino leku nabarmenagoa izango du: batetik, zero kilometro kontzeptua aintzat hartuta, Euskal Herriko diseinatzaileen, sortzaileen eta modaren alorrean jarduten duten euskal artisten erakusleiho izango da, bertako artisauen eta sortzaileen lanari balioa emanda. Bestetik, Estiloz atalak unean uneko joerei eutsiko die kolaboratzaile adituen eskutik.

Epa, Opi! atalean, bestalde, esparru askotariko aurpegi eta izen ezagunei egindako elkarrizketa labur eta freskoan euren azken berriak jasotzeaz aparte, kuttunen dituzten bost lekuak kokatuko dituzte Euskal Herriko mapa interaktiboan.

Gaurkotasunak ere izango du lekua, Asteko behatxulotik eta Iritzia ataletan, eta Museoetako musak atalak Euskal Herriko museoetako ateak irekiko dizkio erabiltzaileari.

Orain artekoari jarraikiz, kolaboratzaile komunitate sendoari eutsiko dio Ttap aldizkariak; arlo askotan diharduten kolaboratzaile zerrenda zabal hori osatzen dute, besteak beste, hauek: Arantxa Urretabizkaia, June Fernandez, Ander Izagirre, Oier Zuñiga, Amaia Uribe, Irati Agirreazkuenaga, Paul Caballero, Exprai, Aritz Gordo, Ane Irazabal, Olaia Beloki, Abraham de Amezaga...

Webgunea, osatuagoa ere
Aldizkari digitala berritu duten moduan, jantzi eta eduki berriz heldu da haren webgunea ere, ttap.eus. “Ttap aldizkariaren aperitiboa izateko helburua du atariak. Aldizkari digitalaren lagungarri izango da edukia partekatzeko eta zabaltzeko orduan”, nabarmendu du Belastegik.

Eskuko telefonoetarako Ttap aldizkaria 2018an abiatu zuen Aldizkari Digital Multimediak SL enpresak, honako bazkide hauekin: Durangaldeko Anboto, Goiena, Zumaiako Baleike, Iruñerriko Euskalerria Irratia, euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom bateragunea eta Kataluniako Esguard aldizkaria. 2020ko abendua ezkero, Goiena Komunikazio Taldeak kudeatzen du erabat.