Aniztasunean elkarbizitzaren aldeko lana egiteko, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak lau balio sustatzen ditu: berdintasuna, aniztasuna, errespetua eta diskriminazio eza. Aurreiritziek, estereotipoek eta zurrumurruek elkarbizitza eta aipatu balioei azpijana egiten diete. Eta horiek agerian utzi eta bestelako errealitate positiboagoak irudikatzeko, narrazio laburren lehiaketa antolatu zuen zerbitzuak.
Sarituak
Lehiaketara gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako narrazioak aurkez zitezkeen, 16 urtera arteko eta 16 urtetik gorako mailetan. Idazlan batzuk epez kanpo aurkeztu ziren, eta baztertu egin zituzten. Bestalde, euskarazko 16 urtetik gorako mailan ez zen lanik aurkeztu. Lehiaketarako onartutako hamaika ipuin laburrak Zaska, Zurrumurruen kontrako Nafarroako Sareko hiru kidek epaitu zituzten. Haien arabera, "originala, enpatikoa, Sakanarako eszenatoki berria dakar" Tania Oteroren Akira ipuinak, 16 urtez azpiko euskarazko atalean lehen saria eskuratu zuena. Bigarren saria Sanaa Essobaik eskuratu zuen, "berdintasuna eta enpatia" nabarmentzen diren Eskolako bullina idazlanagatik.
Gaztelaniazkoen 16 urtetik gorakoen mailan, "Zurrumurrurik gabeko estrategia, enpatia, eta eszenatoki berria" azpimarratu zituzten epaileek Izaskun Salinasen Soy una hoja en blanco narrazio laburrean eta, harekin, lehen saria eskuratu zuen. Añe Beñascoren Lancha naranja ipuinaren "zurrumurrurik gabeko proposamena eta gizakien arteko berdintasuna" nabarmendu zituzten epaileek. 16 urtetik beherakoen kasuan, berriz, lehen saria Atakondoa ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek idatzitako El pez vaca y las tormentas idazlanarendako izan zen. Ikasleek esandakoak paperean jaso zituen Izaskun Gutierrez irakasleak. Epaileen iritziz, narrazioak "zurrumurrurik eza, Mank-eko balioak, enpatia eta eszenatoki berria agerrarazten ditu". Bigarren saria Oussama Missaouiren Hajar ipuinak eskuratu zuen, "berdintasuna, originaltasuna eta eszenatoki berriak" proposatzeagatik. Guztiek ere Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteari atxikitako establezimenduetan gastatzeko txartelak eskuratu dituzte.
Haiek lastailaren 31 baino lehen gastatu behar dituzte. Sari banaketa despeditu ondoren, Hiriberri Arakilgo kontzeju etxera joandako Atakondoa eskolako ikasle eta gurasoek Gutierrezi opari bat egin zioten. Ikasleek egindako marrazki eta idatziak marko batean bilduak. Irakasleak hunkituta jaso zuen oparia.