Udalak bankuen jardunbide txarren kontra

Guaixe 2022ko ira. 30a, 13:30
Pentsio duinen alde Altsasun egindako manifestazioa. ARTXIBOA

Dagoeneko ibarreko zazpi udalek bere egin dute pentsio duinen aldeko mugimenduak aurkeztutako mozioa, banku eta kutxen jardunbide okerrak zuzentzea eskatzen zuena. Bihar, 12:00etan, Iruñeko udaletxe plazatik ‘Bizitza duina’ lelodun manifestazioa abiatuko da osasun eta zaintza zerbitzuak aldarrikatzek.

Hego Euskal Herriko 187 udaletan aurkeztu du pentsio duinen aldeko mugimenduak bankuen praktika txarren kontrako mozioa. 121 udalek onartu dute, horien artean Nafarroako 42k. Mozioa onartu dutenen udalen artean daude Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz eta Altsasukoa. Ibarreko gainontzeko udaletan mozioa aztertzeko dago. 

Pentsio duinen aldeko mugimenduak idatzi horretan salatu du ″bankuko zuzendarien eta akziodunen soldata eta irabazi eskandalagarriak are gehiago handitu direnean″, batetik, sukurtsalen eta kutxazain automatikoen itxiera salatu du. Bestetik, suntsitutako milaka lanpostuak. Horrek guztiak ″herritar guztiendako banku-arreta zerbitzuaren hondatzea ekarri du. Baina kalte handiena pentsiodunei eta adinekoei eragin die″. Aitortu dute zenbait arazo zuzendu direla: ordutegiak eta aurrez aurreko arreta, esaterako. Baina beste arlotan gabeziek segitzen dutela diote: landa eremuko eta hirien periferiako zerbitzua, komisioen kobratzea, kutxazain automatikoak ixtea, zerbitzu eskasa edo oinarrizko kontuak egiteko erresistentzia. 

Pentsiodunen mugimenduak astelehenean hiriburuetan egindako manifestazioetan ″kreditua eta aurrezkia sozializatzeko tresna gisa banka publikoa garatzeko beharra azpimarratu zuen, ″Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako finantza sistemaren erreferente izan dadin″. 

Adinekoen nazioarteko eguna 
Lastailaren 1ean ospatzen da. Hori dela eta, hiriburuetan manifestazioak eginen dira eguerdian. Haien bidez mugimenduak adineko pertsonen eta pentsiodunen ″duintasuna erabat bermatuko duten eskubideak defendatu eta eskatuko″ dituzte. Horregatik, Osasunbidean murrizketarik ez egotea eta zaintzarako zerbitzu soziosanitario publiko eta kalitatezkoak izatea aldarrikatuko dituzte. 

Bestalde, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua Estatuko gainerako plataforma eta mugimenduekin batera, manifestazioa deitu dute Madrilen lastailaren 15erako, 12:00etan Neptuno plazatik abiatuko da, Callaora. Haren bidez pentsioen murrizketaren kontra daudela adieraziko dute. Eta pentsioak Kontsumo Prezioen Indize errealaren arabera urte akaberan eguneratzea eta atzera eragina izatea exijituko dute. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatuko dute gainera, ″nahiz eta, prezioen eskandaluzko igoeragatik kopuru hori egun eskasa den″. Mobilizaziora joateko autobusak antolatu ditu mugimenduak.