Eider Garde Mazkiaran

"Orain sinatutakoa aurretik sinatuta dago, eta ez da bete. Mesfidantza dugu"

Guaixe 2022ko urr. 6a, 14:01
Haur Eskoletako grebalarien prentsaurrekoa. ARTXIBOA

Sakanan irailarekin batera zabaldu ziren Haur eskolak, baina Iruñerrian agorrilaren erdialdeaz geroztik daude lanean. Kattuka haur eskolako hezitzaile eta Nafarroa 0-3 plataformako kide Eider Garde Mazkiaran ere lanera bueltatu zen. 

Haur eskoletako aldarrikapenak ozen entzun ziren maiatzean eta garagarrilean, greban ziren bitartean. Baita ondoren ere. Greba pasata, ikasturte berria hasi dute haur eskoletan. 

Behar bezala hasi duzue ikasturtea? 
Ez! Gizarte Departamentutik Hezkuntzara pasa ziren Nafarroako Gobernuaren menpe zeuden haur eskolak agorrilaren 1ean. Hori Nafarroa 0-3 plataformaren aspaldiko aldarrikapena zen. Gainera, politikariek hainbat akordiotan jasota zuten. Berandu bada ere, iritsi da. Baina departamentu batetik bestera pasatzeko modua ez da egokiena izan. Hartu zuten lehen neurria izan zen langileek ordura arte zituzten lan baldintzak aldatzea, okertzea, eta ratioak igo dizkiete. Ez dute zutena mantendu eta Hezkuntza Departamentuaren baitan kaxkartu egin dira baldintzak. 

Esan zuten zuen soldatak igoko zituztela. 
Bai. Igoera bat egon da. Hezitzaileen kasuan 1.069 euro kobratzetik 1.177 euroko soldatara pasa gara. Eskaintza hori gure eskakizunetatik oso urruti dago. Irailean ikusiko dugu hori kobratzen dugun edo ez, Hezkuntza Departamentuak argitaratutako ebazpenean udalei igoera ez aplikatzeko aukera ematen baitie. Ez dago bermerik soldata hori Nafarroan orokorra izanen denik. 

Hezkuntza laguntzarako 55 kontratazio eginen zituztela iragarri zuten. 
Bai. Baina etengabe ahazten zaie Nafarroan 103 haur eskola daudela. 55 kontratu horiek ez dira nahikoak. Plataformatik aldarrikatzen segitzen dugu Europako ratioetara gerturatu nahi dugula. Horretarako, eskoletan egungo hezitzaileen bikoitza behar da. Laguntza hiru, lau edo bost unitate dituzten haur eskolendako da. Gure kasuan, Arbizuko Kattuka haur eskolan, erabat betetako bost unitate izanda, lau orduko laguntza bat egokitu zaigu. Altsasun ere lau ordutan ariko den hezitzaile bat tokatu zaie, baina oraindik ez da lanean hasi. Unitate bat edo bi dituzten haur eskolek ez dute laguntzarik izanen. Haur eskola txikiek, Nafarroan daudenen %23k, ez dute laguntzarik jasoko. Hain justu landa guneetan dauden haur eskolak dira laguntza jasoko ez dutenak. Esandakoa, 55 horiek ez dira nahikoa, laguntza gehiago behar da. 

Joan den ikasturte hasierarekin konparatuta, aldaketak daude, baina… 
″Baina″ handi batekin. Carlos Gimeno Gurpegi hezkuntza kontseilaria hizketan entzuten baduzue kristorena eman digutela dirudi. Gure aldarrikapenei, nolabait, zilegitasuna kentzen die berriro ere, eskatzen ari garena eman omen digute: heziketa laguntzaileak eta soldata handiagoa. Askotan gutaz barre egiten duten sentsazioa dugu. 60 eguneko greba baten ondoren gobernuaren aldetik halako erantzuna jasotzea ez da serioa. Ez du inolako konpromisorik adierazten 0-3 zikloarekiko. 

Adierazi duzue borrokan segitzeko prest zaudetela. Navarra Sumak lege proposamena aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan. Irailaren 22an hura tramitera onartu edo ez eztabaidatu behar zen Parlamentuan, baina gobernuari eusten dioten alderdi eta koalizioek bezperan akordioa sinatu zuten. Zer iritzi akordio horren inguruan? 
Greba bertan behera uztean esan genuen itzuliko ginela, eta hala egin dugu. Navarra Sumaren lege proposamena ez da plataformarena. Guk gure lege proposamena aurkeztu genuen ustezko negoziazio organo horretan. Ez zitzaion kasurik egin. Navarra Sumak lege proposamen bat egin zuen, aurrera zihoana. Negoziazio organokoa eta Navarra Sumaren legea mahai gainean zeuden, eta haien artean ″hoberena″, edo gure helburuetatik gertuen zegoena, Navarra Sumaren proposamena zen. Horrela adierazi genuen publikoki, baita gobernuari ere. Gobernuari lege proposamena hobetzeko aukera eman genion. Erantzuna immobilismoa izan zen. 

Nafarroako Parlamentuan lege proposamena eztabaidatu edo ez bozkatu behar zen irailaren 23an. Ez zen legea onartu behar, baizik eta tramitera onartu. Bat-batean, bezperan, gobernuko lau indarrek eta EH Bilduk akordio bat sinatu zuten. Beteko den edo ez, mesfidantza dugu. 2015etik bete ez diren halako akordioak ikusi ditugu. Orain sinatutakoa aurretik sinatuta dago, eta ez da bete.  

Akordioak hiru puntu ditu. Batetik, alderdiek adostu dute heldu den urteko aurrekontuetan 4,3 milioi euroko diru partida sartuko dutela gobernuaren eta udalen langileen soldatak berdintzeko. Zuen eskakizuna zen?
Gutxi gorabehera hori da gu eskatzen ari garen soldata. Ez da kontzeptu berdinetan banatzen. Gimeno jaunak esan du guk adierazitako osagarriekin igo nahi dutela soldata. Argi dagoena da 2023ko aurrekontuak ilbeltzean onartzea ezinbestekoa dela ilbeltzean bertan soldata igoera izateko, Eta laguntzaile gehiago. 100 kontratazio egiteko akordioa itxi dute. Gu zain egonen gara, lehenik ea aurrekontuak onartzen diren eta ilbeltzean zer nolako nominak eta laguntzak iristen diren haur eskoletara. 

100 laguntzaile. Baina Nafarroan 103 haur eskola zaretela esan duzu. 
Bai. Kontratu prekarioen bidez, orain bezala, lau edo bost orduko kontratuak. Etengabe esaten ari gara Europak gomendatzen dituen ratioetara gerturatu nahi dugula. 100 kontratazio horiek motz gelditzen dira oraindik ere. Itunean jaso dute Europako ratioetara hurbiltzen joatea. Baina ″datozen urteetan″ esaten du. Egutegi zintzo bat zehazteko ausardiarik ez dute izan. Eta gauza bera komuneko kudeaketan ere. Plataformaren beste aldarrikapenetako bat da 0-3 hezkuntza ziklo publikoa izanda, komunean kudeatu dadila. Nahiz eta itunean aipatu, hori gauzatzeko datarik ez dute jarri. 

Horrek, jakina, kezka sortzen dizue. 
Bai. Datak izan dituzten akordioak ez dira bete. Datarik gabekoekin, arrazoi osoz, mesfidantza dugu. 
 
Europako ratioak esaten duzuenean, zertaz ari zarete? 
Gaur egun Nafarroan 0 eta 1 urteko zortzi haur daude hezitzaile bakoitzeko; 1 eta 2 urteko hamabi haur hezitzaileko eta 2 eta 3 hamasei haur hezitzaileko. Ditugun ratioen erdia dira Europakoak: 4, 6 eta 8.  

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan adostutakoaz harago, finantzazioaren handitzeak ez die udalei eraginen. Zergatik adostu dute hori? 
Galdetzen diozunaren arabera, lehia, talka edo guda bat dago Nafarroako Gobernuaren eta udalen artean. Hainbat udalek federazioari adierazi diote ez dagokiela haur eskolen kudeaketa, ez baita beraien eskumena. Hezkuntza ziklo bat izanda logikoena litzateke Hezkuntza Departamentuak zuzenean kudeatzea. Udal horien iritziz, beraiena ez den ardura dute. Hori aurreneko eztabaida da. Bestea, finantza araudia. Suposatzen da udalek gastuen %24 ordaindu behar dutela. Udal gehienak hori baino askoz diru gehiago jartzen ari dira. Akordio horren atalik zabalenean lotu edo blindatu nahi da adostutako neurriek ekonomikoki udalengan eraginik ez izatea. Ez dakigu nola eginen duten. Horretarako, hainbat finantzaketa araudi aldatu beharra dago, eta horrela dago jasoa itunean. 

Akordioan jaso denez, udalek haur eskoletarako nahikoa finantza baliabide izateko haien gaineko eskumenak argitzeko hiru urteko epea jarri dute. 
Egun hauetan 2015az geroztik sinatutako akordioak errepasatzen nabil eta etengabe jasotzen den epe bat da. Baina betetzen ez dena. Egia balitz, elkar zorionduko dugu hemendik hiru urtera. Mesfidantza handia dugu. 

Eskaintza publiko integrala bermatzeko, 0-3 zikloa homogeneizatzeko akordioaren sinatzaileek Hezkuntza Departamentuarekin lan eginen dute. Zer iruditzen zaizue? 
Beraiek ere ez dute hori sinisten. Eskaintza horrek unibertsala eta abar izateko, berez, doakoa izan beharko luke. Gaur egungo kuotak oso garestiak dira. Nahiz eta etengabe esaten ari diren hedabideetan merkeagoa dela eta hainbat familiak ez dutela ordaindu beharrik. Oso errenta baxua duten familiek ez dute ordaindu beharrik. Baina ordaindu behar dutenek dezente ordaindu behar dute. Zikloa unibertsala nahi badute, lehen neurria doakotasuna izan beharko litzateke. 

Nahiago duzue lege bat akordioak baino, zergatik?
Hainbat politika irakurketa daude. Iruditzen zaigu lege batek derrigortzen duela aurrekontuak elikatuta egotera. Guretako berme gehien ematen duena legez arautua egotea da. Politikari batzuek esaten digute hori ez dela horrela, lege bat izateak ez duela zergatik bermerik eman. Lege bat balego eta beteko ez balitz, plataformari salatzeko bidea zabalduko litzaioke. Baina akordioak betetzen ez badira, ez da ezer gertatzen. Eta ez dugu inolako ibilbiderik betearazteko, edo, gutxienez, betetzea eskatzeko. Etengabe haiekin bildu eta, mesedez, akordioa betetzeko eskatzea. Borondate politiko hutsean gelditzen da. Ez daude derrigortuta akordioak betetzea. Horregatik egiten dugu lege baten alde. 

Aurrekontua onartzearen zain gelditu zarete? 
Lehenengo ikusi nahi dugu zer diru sail bideratu nahi duten. 4,3 milioi euro esan dute. Hala den ikusi nahi dugu, uzten badigute. Horrela bada, ilbeltzean indarrean sartuko den neurri bat izanda, iruditzen zaigu 2023 urterako ez dela nahikoa. Sartuko duten diru hori heldu den urteko abendura bitarte izanen litzateke. Argi esaten ari dira ez dutela beste ezer egiteko asmorik 2024ra arte. Gauden egoeran egonda, borondate gehiago behar da. 

Horregatik plataformak lanean segituko du. 
Bai. Asteburuan Iruñean mobilizazioak egon dira. Joan den ostegunean ere. Ostiralean batzar orokorra izan genuen Iruñean. Gurean segitzen dugu, gure hausnarketa egiten, egoeraren irakurketa egiten. Eta, horren baitan, mugimenduak egiten. 

Erabaki duzue federazioak eta departamentuak sortutako organoaren bileretara ez joatea. Zergatik?
Erabaki hori aspaldi lantzen ari ginen. Behin eta berriz salatu dugu organo hori ez zela negoziatzeko mahaia. Horrela ikusarazi digute hilabete hauetan. Ez du balio izan gure aldarrikapenak islatzeko, baizik eta Nafarroako Gobernuaren iritzia jasotzeko, besterik ez. Maiatzaren 2an greba hasi behar zenez, organoa apirilaren 28an sortu zen. Baina aurretik akordio politiko bat zegoen eskatzen zuena federazioaren eta Nafarroako Gobernuaren artean lantalde edo organo bat sortzeko. Han landu behar ziren hezkuntza eta kudeaketa ereduak. Hasieratik sentitu genuen organoa sortu zela gure grebaren kontura itxura egiteko. Baina politikoki adostutako mahai hori balitz bezala mozorrotu nahi izan dute. Ez da erabili sortu zenerako, akordio politikoetan jasotako helburuak ez dira bete. Guretako negoziazio mahaia ez da izan. Ez zaigu baimendu edo ahalbidetu guk nahi genituen gaiak lantzea. Eraginkorra ez zela ikusita, erabaki genuen ez parte hartzea. Hainbat gairekin joaten ginen eta isilarazten gintuzten esanez haiek ez zeudela gai ordenan. Gonbidatu gisa parte hartzen genuenez, gai ordenarako gairik ezin genuen proposatu. Tranpa zen. Hasieratik salatu bezala, denborak arrazoia eman zigun.

Irailaren 7an izan zen azkenekoa. Eta hartan hezkuntza zuzendari nagusiak eskaini zigun sortu behar zuten mahai tekniko batean parte hartzea. Guk etengabe eskatu dugu horrelako guneetan parte hartzea. Baina haiek lantalde horretarako jarritako helburuak, oraintxe bertan, iristezinak dira. Gauden egoeran gutxienekoak ez dira betetzen haiekin pedagogiaz hitz egiteko. Horretan ere ez dugula parte hartuko erabaki dugu. 

Han ere gonbidatuak zinatekete? 
Dozena bat pertsonak osatuko lukete, eta ez ginateke gonbidatuak izanen. Parte hartzaileak ginateke: federaziotik hiru pertsona, departamentuko 0-3 zerbitzutik beste hiru, Nafarroako Gobernuko haur eskoletako hiru zuzendari eta plataformako hiru kide udal haur eskolen izenean. Baina ez dugu idatziz jaso ez egiturarik, ez helbururik, ezta edukirik ere. Proposamena ez zitzaigun serioa iruditu. Horregatik erabaki dugu parte ez hartzea. 

Hezkuntza Departamentuak zein erabaki hartu beharko luke lehenbailehen? 
Soldatena inportantea da. Baina guretako lehentasuna haur eskoletan umeen bizi baldintzek dute. Etengabe esan dugu. Badirudi soldata igoera honekin eta, batez ere, heldu denarekin gure borondatea, nolabait, erosi nahi dutela. Etengabe esan dugu: nahiago dugula mila euro kobratzen segitu eta lan baldintzak eta umeen bizi baldintzak egokiagoak izatea, gure soldatak hobeak izatea baino. Hala ere, ez dute nahikoa neurririk hartu. Ratioak ez dira bidezkoak. Etengabe ari gara politikariak haur eskoletara etortzera gonbidatzen eta ez dira ausartzen. Behin bideo bat eraman genien bai Parlamentura bai organora, ikus zezaten ume batek bizi zuen egoera halako ratioekin. Batzuek ezin izan zioten pantailari begiratu ere egin. Haiek jakitun dira zer ari diren bizitzen umeak, guk haiekin, eta, zeharka, familiak. Ez da egoera erraza. Lehentasuna ratioak dira. Baina edo ez dute serio hartzen, edo ez dakigu zein den arrazoia. Orokorrean ikusten dugu ez dagoela inolako borondate politikorik. Ratioen jaitsiera 2015etik jasoa dago itunetan, eta 2022a bukatzear dago eta ratio berak ditugu. 

Eskakizun horrekin gurasoak aliatuak dira. 
Orokorrean gurasoak aliatuak dira. Greba oso gogorra izan da langileendako, haurrendako eta familiendako. Familiek haur eskolaren beharra dute. Denondako oso zaila izan da. Familiek ulertzen dute zer ari garen aldarrikatzen. Egunero ikusten dutelako zer nolako zailtasunak ditugun, haurren beharrak asetzera ez garela iristen. Haur horiek beraien seme-alabak dira. Oso erraza da gure aldarrikapenekin bat egitea. 

Bitartean, zer eginen du plataformak? 
Ez dugu etsiko. Urte asko daramagu. Badirudi orain serioago hartu gaituztela. Navarra Sumaren lege proposamena Parlamentuan aurkeztu zenean PSNk ezezko txosten bat egin zuen, aurrekontuen ildoa hausten zuelako. Eta, bat-batean, ez dakigu nondik, heldu den urterako 4,3 milioi euro atera dituzte. Gure borroka atsegina edo erosoa izan ez den arren, eraginkorra izaten ari da, halako aldaketa politikoak izaten ari direlako. Borondatez ez bada ere, derrigortuak sentitzen dira; jendarteak sekulako babesa eman digulako. Ezin dugu begi-mugatik galdu maiatzean hauteskundeak direla eta horrelako gatazka batek ez duela saltzen.